“Ez dira panpina hutsak; izaera propioa duten pertsonaiak dira”

Ezinegona, eztabaida eta gogoeta. Horrela hasten dira proiektu guztiak, txiki zein handi. Ainara Escudero (Iruñea, 1982) eta Rakel Villadangos (Lesaka, 1976) kezkatuak zeuden euskal jantzien gaiarekin. Orain dela urtebete gaiaren inguruan zerbait egin behar zutela pentsatu zuten, jendeak jantzi tradizionalak errespetatzen ez zituztela iritzita. Horrela sortu zuten Kaxeraz proiektua. Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte, apaingarri gisa. Oraingoz, bost pertsonaia egin dituzte: Maritxu, Sara, Ane, Amaia eta Lur. Beste proiektu batzuk ere pentsatuta dauzkate. Orain mutikoak diseinatzen ari dira, eta gerorako hainbat ideia dituzte. Baina poliki ari dira, detaile guztiak zaindu nahi dituzte eta. Haien helburua ez da panpinak bakarrik egitea. “Ez dira panpina hutsak, izaera propioa duten pertsonaiak dira”, azaldu du Escuderok.

Orain dela urtebete ez Escuderok, ezta Villadangosek ere ez zekiten panpinak nola egiten ziren. “Ez genekien josten, ez patroiak egiten, ezta margotzen ere. Prozesu guztia ikasketa izan da”, dio Escuderok. Prozesu gogorra izan dela diote, eta hainbatetan frustrazio handia eragin die. Baina pozik daude lortutakoarekin. “Balantze positiboa egiten dugu; oso dibertigarria izan da. Baina hutsetik hasi behar izan dugu, horrek eragiten duenarekin”, azaldu du Villadangosek. Bien arteko elkarlana nabarmendu dute. “Aurrera egin badugu, bi ginelako egin dugu”, ziurtatu dute. “Hainbat unetan geure onetik ateratzen gintuen lanak, eta uzteko gogoa izaten genuen. Baina bat-batean Rakelek [Villadangos] deitzen ninduen esateko, adibidez, atorra ateratzen zitzaiola, eta berriz ere animatzen ginen”, dio Escuderok. Behin planteamendua eginda, helburua argi zeukaten, eta Eguberrietara heldu nahi zuten. Azaroan ezagutzera eman zuten proiektua, web orria martxan jarrita. Lanak bere fruituak eman dituelako, pozik daude. “Kanpotik ikusita oso erromantikoa eman dezake, josten ikastea eta hori guztia, baina nik ez dut horren lasai bizi prozesua. Oso motela izan da dena”, dio Escuderok.

Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte. Horretarako, hainbat material erabiltzen dituzte, besteak beste, hainbat motatako oihalak, kotoia, lihoa, artilea eta zeta. Panpinak berak eman die lan handiena; gorputzak, zehatz- mehatz. “Gorputza egitea da aspergarriena, eta, gainera, ez da ikusten. Zailtasun handia du, eta ez bada ondo egiten… dena izorratzen da”, azaldu du Escuderok. Hasieran, panpinak erostea pentsatu zuten, han eta hemen bila ibili ziren. Baina, azkenean, eurek egitea erabaki zuten. “Panpinak egiteko, leku askotan begiratu dugu, munduan egiten diren hainbat panpina: arabiarrak, asiarrak…”, azaldu du Villadangosek.

Josteaz eta eskulanak egiten ikasteaz gain, euskal jantziez asko ikasi dute. Euskal jantziari “duintasuna” eman nahi diote Kaxeraz proiektuarekin, eta horrek jantziei buruz ikastera behartu ditu. “Ane Albisuren Atondu liburua inspirazio handia izan da. Albisuk lan handia egin du euskal jantzien inguruan. Oso ondo deskribatzen ditu jantziek dituzten ezaugarriak, koloreak, oihalak, parpailak non jarri, eta abar. Behin hori guztia azalduta, XXI. menderako proposamena egiten du, jatorrizko jantzietan oinarrituta. Guk liburua hartu dugu eredu, baina azkenean gure irudimenarekin ere jokatu dugu. Hori izan da parterik politena, sortzaileena”, azaldu du Villadangosek.

Panpinak badira ere, apaingarriak dira, ez jostailuak. “Hasieran, saiatu ginen haurrentzako panpinak egiten, baina gero gertatu zitzaigun eskulan guztiekin gertatzen dena, prezioak beste publiko batentzat eskatzen zigula”, azaldu du Escuderok. Horrez gain, jostailuak egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. “Arau batzuk bete behar dira jostailuak egiteko, haurrentzako zerbait egiteko. Oraingoz ez gara horretan sartu”, dio Villadangosek.

Azaro bukaeran hasi ziren panpinak saltzen, www.kaxeraz.com webgunearen bidez. Facebookeko kontua ere badute. Interneteko gaiak ez zaizkie askorik gustatzen, baina beharrezkoa dute horiek lantzea, ez baitute denda fisikorik. Komunikabideetan agertzeak lagundu egin die. “Hedabideetan agertzea ez zaigu asko gustatzen, baina ikusten dugu ona dela jendeak gure produktuak ezagut ditzan”, dio Escuderok. Hala ere, harrituta daude deitu dieten hedabide kopuruagatik; ez dute ulertzen zer dela-eta izan duten horren harrera ona. Egunen batean Kaxeraz proiektua beren ogibidea izatea nahi dute. Oraindik hori ez da posible, baina azaroan hasi ziren, eta ustekabeko arrakasta izan dute.

“Panpinak bakarrak dira, eta politak. Ez dakit nik hori esan dezakedan, bakoitzak bere gustuak baititu. Baina jendeak hori esaten digu”, dio Escuderok. Denetariko erosleak izan dituzte, baina sorpresa handia hartu dute ia erosleen erdiak gizonezkoak direlako.