Aurelio Barrikarte Osasunbideko Epidemiologia Zerbitzuko buruak (Azagra, 1957) aitortu du iragan urtekoa baino kutsakorragoa dela aurtengo gripea. Argi utzi du joan den astean gripearen eraginez Nafarroan hil ziren hiru lagunek 85 urte baino gehiago eta gaixotasun kronikoak zituztela. Heldu den asteetarako gripe kasuak egonkortzea espero du.
Azken astean gripe kasuek nabarmen egin dute gora. Zer dela eta?
Nire ustez, aste honetan goia joko dugu. Hala, datorren astean eta hurrengoan gripe kasuak murrizten hasiko dira apurka-apurka. Azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 507 gripe kasu daude, eta urtarrilaren 6ko astean, berriz, 376 ziren. Beraz, nabarmen egin dute gora gripe kasuek, eta agerikoa da goia jotzear gaudela.
Birusak izan duen garapena aurreko urtekoaren antzekoa izan da?
Egian esan, epidemiak izan duen garapena iazkoaren eta aurreko urtekoen oso antzekoa izan da. Hala ere, epidemiaren neurria urtetik urtera alda daiteke. Ohikoena lau astez epidemiak goranzko joera izatea da, eta, horren ostean, kasu kopurua murrizten hastea. Hori da, ziurrenik, bi asteren buruan gertatuko dena. Dena den, joan den urteetan baino gripe kasu gehiago izan dira. Beraz, gripearen epidemia iazkoa baino kutsakorragoa da, eta ez dakigu zioa.
Zergatik daude kasu gehiago? Birus motak eraginik izan dezake?
Ziurrenik, gure artean dauden gripe motekin esperientzia gutxiago du gure gorputzak, eta, beraz, kasu gehiago daude. Ez dago frogatuta birusak kutsakorragoak direnik. Kontuan hartu behar da gehien kutsatu diren gripe birusak A/H3N2 eta A/H1N1 direla. A motako birusak 2009tik daude gure artean; beraz, ezin dugu esan birus berriak direnik.
Hiru lagun hil ziren joan den astean gripearen eraginez. Heriotza horiek direla-eta kezka sortzeko arrazoirik bada?
Nik ezetz esango nuke. Urtero hiltzen da norbait gripearen eraginez, baina beste gaixotasun kroniko bat ere izaten dute. Iragan astean hil ziren hiru lagunei dagokienez, argitu behar da hirurek zituztela 85 urte baino gehiago. Gainera, gaixotasun kronikoak zituzten. Beraz, gripearen eraginez hil diren arren, egia da atzean bazutela beste gaixotasun bat ere. Horregatik, ezinbestekoa da lasaitasun mezuak helaraztea; ez dago zertan gripeari beldurrik izan.
Pneumonia kasuak ere asko dira. Zer dela eta?
Sarritan, lotura izaten dute arnas aparatuei eragiten dieten gaitzek. Hala ere, argi utzi behar da pneumonia kasu gehienek ez dutela inolako harremanik gripearekin. Baina egia da gripea izan ondoren arnasketa organoak ahuldu egiten direla, eta horrek pneumonia izatea errazten du. Ohikoa da halako gauzak urte sasoi honetan gertatzea.
Heldu den asteetarako zer aurreikuspen daude?
Uste dugu gripe epidemia goia jotzekotan dela. Beraz, datozen asteetan 100.000 biztanleko gripe kasuak murrizten joango dira. Hala ere, ezinbestekoa da mediku zein gainerako profesionalek garapena gertutik jarraitzea.