Hainbat gripe eta pneumonia kasuk bat egin dute

Aurtengo gripearen epidemiak beste hainbat birusekin bat egin du. Gaixo ugari jo ditu pneumoniak eta birus sintzitialak. Azken horrek umeei eragiten die bereziki. “Prozesu ezberdinak dira, baina antzeko egoeratan kutsatzen dira”, azaldu dute Osasunbideko teknikariek. Duela bi aste, 140 pertsona artatu zituzten ospitaleetan pneumoniak jota. Azken asteetan errepikatu den kopurua da hori. Lehen mailako arretan 80 pneumonia kasu artatu zituzten aurreko astean, duela bi aste artatu zirenak halako bi. Birus sintzitialak kutsatutako lagunen zenbatekoa behera ari da egiten. Aurreko astean hogei ume joan ziren larrialdietara gaitz horrekin. Abenduko azken astean berrogei izan ziren.