“Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti”

Biktima gisa irudikatzen dira askotan gerrek harrapatzen dituzten emakumeak. Izan ere, gerra gizonek egiten dute. Jarrera aktiboa ukatzen zaie emakumeei; ama, arreba, alaba edo emazte dira. Ezkabako espetxean gizonak sartu zituzten, baina preso horien bizitza askoz gogorragoa izango zen haien inguruan sortu zen laguntza sarea sortu izan ez balitz. Laguntza sareek presoak eta haien familiak laguntzen zituzten, eta emakumeek sortu zituzten. Askok senideak zituzten barruan, baina beste batzuek ez: militantzia politikoagatik egiten zuten. Historiaren bigarren mailan geratu diren gertaera horiek gogora ekarri nahi ditu Amaia Kowasch antropologia ikasleak (Iruñea, 1990).

Zer ari zara ikertzen?

Ezkabako espetxean 1934an hasi ziren presoak sartzen, Asturiasko iraultzaren ostean. Horren inguruan, hainbat emakumek laguntza sareak osatu zituzten. Oro har, bi sare mota daude. Alde batetik, Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, Iruñeko berriak kontatu eta bisitan joan. Bestalde, Espainia osoko emakumeak zeuden. Nik ikertu dut Segoviako hainbat herritan zuten antolakuntza. Senideak Ezkaban preso zituzten emakumeak antolatu egiten ziren bisitak egiteko. Guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta txandaka igotzen ziren. Nik Segoviako kasua ikertu dut, baina Espainia osoan sortu ziren horrelako sareak. Badakit Valladoliden ere antzeko sare bat egon zela.

Nolakoa zen Segoviatik Iruñerainoko bidaia?

Komunikazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Nik hiru herritako emakumeak elkarrizketatu ditut: Cuellar, Cova eta Nava de Asuncionekoak. Lehenengo eta behin, Segoviara joan, han trena hartu, eta Medina del Campora heltzen ziren. Bertan trenez aldatu, eta Altsasuraino joaten ziren. Han, berriz ere trenez aldatu, eta Iruñeraino. Bidaia luzea zen, 24 ordukoa. Etxera itzultzeko, beste horrenbeste. Beraz, gutxienez hiru egun behar zituzten bidaia egiteko. Emakumeek lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten. Espetxera nola igo ere esaten zieten.

Zenbatean behin egiten zuten bidaia?

Bi astean behin egiten zuten bidaia. Lehen esan bezala, emakume guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta binaka igotzen ziren. Nik ez dut testigantzarik lortu, baina, dirudienez, batzuetan ez ziren joaten espetxe bakarrera. Behin bidaia egiten zutela, Saturraranera joaten ziren [Mutriku, Gipuzkoa], gero Iruñera, eta bueltan baita Madrilgo Las Ventaseko espetxera ere.

Sare bakarra zegoen, edo bat baino gehiago ziren?

Nik Iruñean bi testigantza ditut orain arte. Bakoitzak era batera laguntzen zuen. Lehena emakume abertzalea zen; emakume horrek bere ideologiakoak bakarrik laguntzen zituen. Ezkabako espetxea brigadetan banatua zegoen; Bilboko jende abertzalea zegoen brigada batean. Bilboko emakumeak etortzen ziren haien etxeetara, eta, gaur egun, oraindik badute harremana. Bigarrena nire amona da. Hura Laguntza Gorrikoa zen, garaiko erakunde batekoa. Abertzalea zen, baina ez zuen ideologia kontuan hartzen laguntza emateko garaian. Bartzelonako anarkista baten familiarekin egon zen, Madrilgo beste batekin, eta beste hainbatekin.

Zer arrisku zituen laguntza hori emateak?

Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien. Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira, ilea mozten zietelako eta abar. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko. Badirudi espetxean egon ez zirenez ez duela inporta. Baina asko borrokatu ziren. Lan egiten zuten ahal zuten tokian; edozer egiten zuten Iruñera etorri ahal izateko. Denak ez ziren emazteak; bazeuden 16 urteko presoak ere. Horiek ez zuten ez bikoterik ez ezer, eta familia arduratzen zen guztiaz. Niri testigantza batean esan didate: “Preso nituen osaba, aitona, aita eta neba: familiako gizon guztiak”. Emakume batzuk hona etortzen ziren bizitzera herrian ez zutelako ezer, eta, gainera, jazarriak ziren. Mundu guztiak zekien haien familia preso zegoela beste aldekoa izateagatik. Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Egoera horretan, nahiago zuten Iruñera etorri. Horrez gain, laguntza sareetako emakumeak atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Hainbatetan, laguntza sareko emakumeak ez ziren sartzen presoen familietakoak eta senideak izango balira bezala. Asko arriskatzen zuten.

Zer jarrera izaten du jendeak galdezka zoazenean?

Hitz egin nahi duten emakumeek asko hitz egiten dute. Gainera, hitz egin ostean burutik pisu bat kendu dutela dirudi. Alde batetik, ez dute uste norbaiti interesatu ahal zaionik beren historia. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dute badela garaia norbaitek haiek egindako lanaz galdetzeko: zeinen gaizki pasatzen zuten Ezkabara igotzen, edo nola egun batean ia bertan geratu ziren elurra zela eta. Gero, badaude emakumeak hitz egin bai, baina testigantzarik eman nahi ez dutenak. Oso testigantza gogorrak dituzte, eta oraindik beldur dira. Nik esaten diet nahi izanez gero ez dudala izenik jarriko, baina grabazioa gutxienez egin behar dudala. Hainbatetan, elkarrizketa bukatu eta galdetzen didate ea zerbait gertatu ahal zaien hori kontatzeagatik.