E. Elizondo
“Betiko nekazaritzak utzitako ondarea dira; baina bizirik dagoen ondare bat da, eta balio du berritzeko, barietate berriak sortzeko”. Horixe erran du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Bernardo Royok, erakunde horretako landareen material genetikoaren biltegian gordeta dituzten sagarrondoen eta mahatsondoen geneei buruz.
Biltegi horretako arduraduna da Royo. “Lau-bost hektarea ditugu, sagarrondoz eta mahatsondoz beteta; jada erabiltzen ez diren barietate zaharrak dira, desagertzeko zorian zirenak; horrek ez du erran nahi, ordea, interesa ez dutenik”, azaldu du unibertsitateko irakasleak.
NUPeko arduradunak aspaldi hasi ziren sagarrondoen genoma gordetzeko proiektua garatzen, Nafarroako Gobernuarekin batera. Lan horren ondorioz, Nafarroako sagarrondoen ia 400 barietate sailkatu ahal izan dituzte. “Zapore zaharrei eutsi diete sagarrondo mota horietako hainbatek; haiek baliatuz, badugu aukera zapore eta usain berri eta ezberdinekin urrats berriak egiteko; bertzalde, nekazaritzaren ikuspuntutik ere badute garrantzia, gaixotasunak jasaten dituztelako hainbat barietatek; mota horiek erabiltzen ahal ditugu, beraz, berriak sortzeko”, erantsi du NUPeko irakasleak.
Mahatsondoen arloan duela hamar urte hasi ziren lan egiten biltegiko kideak. “Orduan, 40 urte baino gehiago zituzten mahatsondoak hartu genituen; aspaldi, 45-50 mahatsondo mota erabiltzen ziren gure herrialdean. Garnatxa erabiltzen dela erraten denean ere, kontuan izan behar dugu denak ez direla berdinak; guk aldaera guztiak hartu ditugu”. Gordetzeaz gain, mahatsondo horiek ikertzen ari dira orain NUPeko ikerlariak. “Onenak baliatzen ahal ditugulako, etorkizunean, mahasti berriak sortzeko”, erran du.
Erabiltzea baita, azken finean, biltegiak duen helburu nagusia. “Geneen biltegia da gurea, baina erabiltzeko gordetzen ditugu”, berretsi du Bernardo Royok. Ikertzen duten horren berri eman nahi dute, gainera. Sagarrondoen esparruan, hain zuzen ere, El manzano autóctono de Navarra (Nafarroako bertako sagarrondoa) izenburuko liburua osatu zuten NUPeko kideek, duela hainbat urte; Royorekin batera aritu ziren lan horretan Carlos Miranda eta Maria Jesus Lakidain irakasleak ere.