Euskal Pirinioetako hogei proiektu lagunduko ditu Udalbiltzak

Baxenabarreko erreketako urak mendietan indarrak hartu eta “hiri nagusietara lerratzen” diren bezala, Errobikoak adibidez, herritarrek ere hiriaren bidea hartzen dute anitzetan; “irudiz han baizik ez da bizitzen ahal, han, paradisuan”. Bide horren hartzea ez dadila izan halabehar bat: horra hor Pirinioan lan eta bizi egitasmoaren xedea, Jean-Michel Galant Azkarate (Baxenabarre) eta Baigorri-Garaziko Herri Elkargoko buruak erabili irudiari jarraikiz. Udalbiltzak bultzatu du egitasmo hori, herriko etxe eta hautetsien biltzarrak, hain zuzen ere. Larunbatean aurkeztu zuten, Ainize Monjolosen, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzan, eta, hala, izenpetua dute partaidetza hitzarmena. Ehun bat eragile bildu ziren, Pirinioetako hiru magaletatik etorriak.

Mendialdea, hau da, Nafarroa, Baxenabarre eta Zuberoako 103 herri ditu jomugan egitasmoak, Gaindegia behatokiak egin ikerketaren bidez zailtasun handienak dituzten herri gisa identifikatuak direnak. Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Funtsak herri horietako hogei proiekturen artean 120.000 euro banatzekoak ditu, bakoitzari 6.000 euro ematea pentsatua duelarik. Bost deialdi dituzte pentsatuak, laguntza horiek emateko. Mementoko, hiru dituzte aurkeztuak. Eragin, jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa. Elgarrekin, saretze programa, eta Garapen soziala, egitasmo sozialak sustatzekoa. Baina diru banaketa bat baino urrunago, bada asmoa, hasteko, lurralde bazterketa jasaten dutenen arazoa argira ekartzea.

Izan ere, gaur egun oraindik handiak dira hiriburuen eta haietatik urrun diren lurraldeen arteko ezberdintasunak, Mertxe Aizpurua Usurbilgo auzapez eta Udalbiltzako presidenteak larunbatean azpimarratu zuenez. Eskola, osasunari lotu zerbitzuak zein, oro har, zerbitzu publikoen galera dela eta, gabezia horiek bete-betean harrapatzen dituzte tokikoak.

Zerbitzu horiek oro urrun gelditzen direla, jarduera ekonomikoa eta lana aurkitzeko mementoan ere zailtasunak izaten dira, aniztasun eskasa, eta horrekin, populazio galera, zahartzea; izan ere, langabezia tasa ez da hain handia, baina lana aurkitzean sorterria uzten dutelako da hori. Eta, Aizpuruak azpimarratu zuenez, gainera, euskara eta euskal identitatea bere-bereak dituzten zonaldeek pairatzen dituzte zailtasun horiek.

Baina dena ez da beltz, eta lurra bizirik atxikitzeko nahikeriak ere ez dira eskas; hori ere nabarmendu nahi dute egitasmoaren bidez. Eta proiektu horiei “lehen bultzada” ematea dute xede bost deialdiek, Aizpururen hitzetan. Deialdiei ihardesten dien proiektuak martxoaren 31tik goiti hasiko dira aztertzen, eta gelditzen diren bi deialdien epeak ere aurki jakinaraziko dituzte.