Udalbiltzak martxan jarriak dituen hiru laguntza programetakoren batean parte hartzea zaila iruditzen zaiola aitortu du Elena Calvo Burgiko alkateak (Burgi, 1979). Hala ere, martxo amaiera arteko epean proiekturen bat aurkezten saiatuko direla jakinarazi du.
Zer iritzi duzu Pirinioetako egoera zaila dela-eta Udalbiltzak abian jarri duen ekinbideaz?
Nik uste dut oso proiektu ona dela. Ez dago diru asko proiektuak gauzatzeko, baina hobe da gutxi batere ez baino. Programak aztertzen ari gara, baina orain nahiko zaila ikusten dut proiekturen bat aurkeztu ahal izatea. Hala ere, saiatuko gara zerbait egiten. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroako Pirinioetako herriak oso txikiak direla eta biztanleria nahiko zaharra dela. Hala ere, aurrera egiteko gogoz gaude.
Nolakoa da Burgiko egoera?
Burgi oso herri txikia da. Lanpostu gutxi dago. Horren eraginez, gazteak ez dira herrian gelditzen, eta Iruñera joaten dira, han topatzen dutelako lana. Horrez gain, herrian bizi direnen batez besteko adina oso altua da. Aurrera egin ahal izateko, lanpostuak behar ditugu. Batez ere, lana da behar duguna.
Zenbat lagun bizi zarete Burgin?
Astez, 140 lagun inguru bizi gara herrian. Asteburuetan, 200 inguru izatera iristen gara. Hala ere, egia da gazteak izugarri etortzen direla larunbat eta igandetan, lagun kuadrilla hemen dutelako. Herriko biztanleria apenas hazten den; beheranzko joera du, batez ere.
Udalbiltzak, proiektu berriaren bitartez, Pirinioen bi aldeetako harremanak sustatu nahi ditu.
Niri helburu hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Hala ere, Burgiko herritarrok ez dugu ia harremanik Pirinioen beste aldeko herritarrekin. Muga oraindik oso sendoa da. Akaso, Zaraitzu eta Aezkoakoek harreman handiagoa dute, historikoki ere hala izan delako. Apurka-apurka harreman horiek indartu behar direla iruditzen zait; aurrerantzean alor horretan lanean jarraitu nahi dugu Pirinioetako gainontzeko herriekin.