“Pirinioetan badago bertan gelditzeko gogoa”

Pirinioen egoera “larria” dela ohartarazi du Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariordeak (Sao Paulo, Brasil, 1979). Arrazoi horregatik erabaki dute Pirinioak biziberritzeko programak abiatzea. Mugaren bi aldeen arteko harremana Pirinioak indartzeko ezinbestekoa dela iritzi dio.

Nolatan jarri duzue abian Pirinioak biziberritzeko programa?

Udalbiltza berrantolatu zenean iaz, markatu zituen lehentasunen artean zegoen tokiko garapena bultzatzea. Ulertzen genuen tokiko garapena izan daitekeela nazio egituraketarako tresna. Hori oinarri hartuta, Gaindegiarekin elkarlana abiatu genuen udalerriz udalerri Euskal Herriko diagnostikoa egiten. Ohartu ginen Euskal Herrian deprimituenetakoa dela Pirinioetako herria. Badaude, gainera, muga izateak eragiten dituen bertze eragin kaltegarri batzuk. Horregatik jarri dugu abian Pirinioak biziberritzeko plana.

Zeintzuk dira Pirinioetako behar nagusienak?

Akaso, funtziozkoena bertan lan egiteko aukera izatea da. Hortik ondorioztatzen dira bertze hainbat kontu. Hori da funtsean dagoen zailtasuna. Oso aukera mugatuak daude, eta, gainera, gizonezkoek dute aukera gehiago, dauden lanpostuak lehen sektorearekin lotuta daudelako.

Proiektuak harrera ona izan du Pirinoetan.

Bai. Deialdirako bilerak egin genituen bailaraz bailara. Jakin badakigu proiektuak ez duela dena konponduko, baina bertze tresna bat da. Nahiz eta egoera nahiko latza izan, Pirinioetan badago bertan gelditzeko gogoa.