“Artistak bakarrik ez gaudela ikusteko balio du Jazar Sormen Fabrikak”

Kazetaria da ikasketaz Iñigo Ziganda (Astrain, 1983), eta kazetaria zen ofizioz ere, krisi ekonomikoaren ondorioz lanpostua galdu zuen arte. Orduan, beste zer edo zer egin behar zuela bururatu, eta ipuin pertsonalizatuak sortzen hasi zen. Caracolmirikol deitu dio proiektuari. Ume bakoitzaren ezaugarrietan oinarritutako istorioak dira, hark idatzi eta marraztutakoak. Hala, sorkuntzaren bidean murgildu zen. Orain, Jazar Sormen Fabrika ezagutu, eta buru-belarri sartu da proiektuan. Artea norbanakotik ez ezik taldean ere landu behar dela deritzo.

Nola sartu zara Jazar egitasmoan?

Oso mugitua naiz. Ikaragarri polita iruditu zitzaidan artea zabaltzearen ideia, eta segituan batu nintzen.

Sormen fabrika irekitzea da ideia. Zuk zer egingo zenuke bertan?

Estudio bat izan nezake, edo ur margoko klaseak eman nitzake. Baina, horrez gain, asko ikas nezake.

Zer ikas zenezake, bada?

Diziplina anitzeko artistak ezagutzeko aukera izango nuke, baita bestelako arte adierazpenak gertutik bizitzeko aukera ere. Hazten jarraituko nuke.

Oraindik ez dituzue obrak egin. Dena den, nola imajinatzen duzu lokala?

Atsegina eta beroa. Leku handia, espazio zabalekin, gela mota askorekin, txokoekin; haren barnean egitasmo mordoa bildu ahalko duen inguruekin. Denentzat irekitako lokala imajinatzen dut.

Profil zabaleko artistak zarete: artista grafikoak, musikariak, antzerkigileak… Zer ezaugarri komun duzue?

Lanerako gogoa. Diziplina mota askotako sortzaileak gara. Jazarrek bakarrik ez gaudela ikusteko balio du.

Elkarlanean proiektuak aurrera eramateko aukera ere emango dizue guneak.

Bai, geroz eta gehiago izan, orduan eta ekinaldi gehiago egin ahalko ditugu. Artea sustatu ahalko dugu, diziplina berriak asmatu, kritikak jaso, iritziak partekatu, hobetu…

Zuk zehazki Caracolmirikol proiektuan lan egiten duzu, ipuinak egiten. Zertan datza?

Ama margolaria da, Asun San Martin; bion artean sortu genuen Caracolmirikol. Haurrentzako pertsonalizatutako istorioak dira. Umea bera da protagonista. Enkarguz egiten ditugu, eta obra bakoitza ezberdina da, haurraren berezkotasunetan oinarrituz.

Barraskiloak dira istorioetako protagonistak. Zergatik?

Hasieran, barraskiloak hazi nahi nituen, gero ipuinak egiteko ideia sortu zen, eta biak nahastu nituen! Natura ardatz duten obrak sortu nahi ditut. Orain, tximeletak ere sartzen hasi gara.

Zer istorio mota egiten dituzue?

Balioetan zentratutako lanak egiten ditugu. Elkartasuna, naturarekiko errespetua, maitasuna… horiek dira, besteak beste, gehien azaltzen diren printzipioak. Liburua eskatzen duenak esaten du zer islatu nahi duen, eta guk hori sartzen dugu. Hogei bat orrialdeko lanak izaten dira.

Sormen fabrikan ere izango duzu Caracolmirikol egitasmoan sakontzeko aukera.

Gainontzeko diziplinetatik beti ikas daiteke zerbait ipuinak aberasteko, noski!