Argazkilaritza estudioa, informatika gela, eskulanak egiteko txokoa, sorkuntza laborategia, jantokia, patioa… Gune horiek guztiak irudikatzen dituzte Antigua Jaso Zaharra elkarteko kideek Etxabakoitzeko Jaso ikastola zaharraren eraikinean (Iruñea). Egun, abandonatutako etxea da, margoketaz josia eta belar txarrek hartua. Lapurren orube gutiziatua. Elkarteko sortzaileek, baina, artisten topagunea izan daitekeen eraikina ikusten dute: Jazar Sormen Fabrika. Alokatu diete jada, eta garbiketari ekin diote. Gauza bakarra baino ez zaie falta fabrikako ateak irekitzeko: Iruñeko Udalaren baimena.
Jazar egitasmoko partaideak dira Lilia Aizkorbe (Iruñea, 1988) eta Ioar Cabodevilla (Iruñea, 1988). Arkitektoak dira biak, eta sorkuntza lanak aurrera eramateko aukera nahi zuten; proiektuaren berri izan zutenean, “bitan pentsatu gabe” bat egin zuten. Batetik, nork bere obrak gauzatzeko beta ematen dielako; bestetik, artea herritarrengana eramateko asmoa duelako.
Lizentzia eman arte, ezinean
Osotara, 70 pertsona daude egitasmoaren bueltan, hala nola margolariak, grafitigileak, efektu berezietan aditutakoak, musikariak, antzerkigileak, eskulangileak, arkitektoak, zurginak eta dekoratzaileak. Astean behin batzen dira, batzar bitartez, erabakiak hartu eta aurrera eramateko asmoz. 2013ko maiatzean elkartu ziren lehenengoz, eta, geroztik, forma eman diote hasiera batean asmoa baino ez zenari. Hiru gune mota eraiki nahi dituzte fabrikan: lehenik eta behin, estudio pertsonalak; bigarrenik, erabilera komuneko espazioak, tartean liburutegia eta sukaldea; eta hirugarrenik, publikoarentzat irekitako areto zabalak.
Iruñeko Udalak baimena emango dien ala ez jakin gabe, ordea, “zaila” da ideia horiei forma ematea, Cabodevillaren hitzetan. Ondorioz, nahi eta ezinean dabiltza; izan ere, lizentzia lortzen ez badute, ezingo dituzte antolatu kanpora begirako ekinbideak.
Orain, udaleko ordezkariekin biltzen ari dira sortzaileen ordezkariak. Sormen fabrika martxan jartzeko negoziazioa mahaiaren gainean dago, beraz, eta oraingoz “ongi” doala deritzote. Udalari ez diote laguntza eskatzen, “trabarik ez jartzea” baizik. Hala ziurtatu du Cabodevillak.
“Malgutasuna” ere galdegiten diote. Cabodevillak argi ikusten du: “Eraikin zahar bat da; ezin dizkiote egitura berri bati eskatuko lizkioketen neurri berberak eskatu”. Ildo beretik jotzen du Aizkorbek: “Erabiltzen ez den eraikin bat hartu eta berrerabili nahi dugu. Herritarrentzat onuragarria litzateke; artista gazteen lana plazaratzeko aukera emango luke, hiriarentzat aberasgarriak diren ikastaroak egiteko aukera…”. Horregatik, Iruñeko Udalak “eskuzabal” jokatzea espero dute, hiriari ekar diezaiokeen “onuraz” jabetuta.
Behin-behineko gunea
“Jendeak lan egiteko gogoa dauka. Jazar Sormen Fabrika abiatzeko irrikan gaude”, dio Aizkorbek irribarrea galdu gabe. Eta irrikan egotea ez da kasualitatea. Finean, pasatzen den egun bakoitzeko egun bat gutxiago dutelako Jazar gunean lan egiteko. 2016an botako dute Jaso ikastola zaharraren eraikina, alegia, proiektuaren egoitza litzatekeena. “Behin-behineko gunea da, eta badakigu. Denbora aprobetxatu behar dugu”, azaldu du Aizkorbek.
Abiadura handiko treneko obrak egiteko eraitsiko dute eraikuntza. Hiru urteren buruan. Bitartean, bertan “gauza asko” egin daitezkeela uste dute proiektuan parte hartzen dutenek. Iraupen gutxikoa izango dela kontuan izanda prestatu dituzte oinarri arkitektonikoak. Denbora falta gabezia gisa hartu beharrean, “beste arkitektura mota bat” garatzeko aukera gisa ulertzen dute.
Sortuko duten espazioak, arkitektura aldetik, “indefinizio kutsu bat” eta “malgutasuna” izango dituela aurreratu dute. “Aldaketetara moldagarria” izango da.
“Ekologikoa eta ekonomikoa” izatea nahi dute, hau da, ingurumena errespetatuko duena eta, kostuei dagokienez, merkea. “Ahalik eta material gutxien erabilita sortua”. Gainera, bertaratzen den edozeinek egitasmo bat aurkeztu eta hori aurrera eramateko aukera izatea dute xede. “Irekia” baita egitasmoa. “Egun, 70 bazkide gara, baina gehiago ere izan gaitezke”, esan du Aizkorbek, herritarrei parte hartzeko gonbita eginez.
Mojak, ikasleak eta artistak
Historian atzera eginda, ibilbide oparoa du Jaso ikastola zaharraren eraikinak. Moja etxea izan zen, baina 1980an salgai jarri zuten. Urte horretan bertan, ikaslez gainezka zegoen San Fermin ikastola, eta hainbat gurasok zentro berri bat osatzeko eraikinak bilatzeari ekin zioten. Hala, komentua zena aurkitu eta erosi egin zuten ikastola bertan muntatzeko. Hala jaio zen Jaso. Auzolanean margotu, txukundu eta atondu zuten, eta hogei urtez egon zen martxan. 2000n, ordea, txiki geratu zen ikastola,eta lekualdatu zuten. Orduan, lapurretak eta txikizioak gertatu ziren. Orain, artistei alokatu diete, sorkuntza bultza dezaten.