Arte eta erakusketa gela bat ireki dute Iruñeko Alde Zaharreko Dormitaleria kalean. Hain zuzen ere, karrikaren izena hartu du hainbat artistak bultzatutako egitasmo horrek: Dormitaleria 54. “Sormenak, irriak eta jakintzak elkarri bostekoa emateko tokia” dela diote sortzaileek. Besteak beste, erakusketak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte; betiere, balio jakin batzuetan oinarrituta: ekintzak parte hartzaileak izatea eta artea edonoren eskura jartzea. Espekulaziorik gabeko artearen aldeko aldarria egiten dute Dormitaleria 54ko kideek. Astelehenetik larunbatera zabaltzen dute, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Ateak irekiak dituzte hurbildu nahi duen ororentzat.