Kattalin Barber
Badira arrazoiak Iruñeko II. Zabalgunearen inguruko erakusketa bat eta haren etorkizunaren gaineko mahai inguruak antolatzeko. “Orain betetzen ari dira 100 urte II. Zabalgunea egin zenetik, eta hamar urte, hain justu, Zabalgunearen Barne Berrikuntzarako Plan Berezia egin zenetik. Ez dira soilik zifra borobilak: planak berak zehazten du hamar urtera hausnarketa bat egiteko beharra”. Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza alorreko zuzendari Vicente Tabernarenak dira hitzak, eta horixe egin dutela adierazi du: hiri erdian dagoen auzo horren inguruan hausnarketa eragin.
Iruñea aspalditik egon da harresiz inguraturik, eta, hiriburu gisa garatzen hasteko, ezinbestekoa izan zen horiek behera botatzea. Zabalgunea, hain zuzen ere, horren emaitza da. 1915ean lehenbiziko harria bota zuten; 1920an, berriz, behin betiko bota zuten gotorlekuaren hegoaldeko zatia. II. Zabalgunerako proiektuak askoz lehenago hasi baziren ere, 1922ko abuztura arte ez ziren hasi auzo berri hori eraikitzen. Orduko hiritarrek poz handiz hartu zuten albistea. Hainbat proiektu aurkeztu zituzten, baina Serapio Esparza udal arkitektoarena gauzatu zuten, azkenean. “Mantso bete zen Zabalgunea, eta 50 urte behar izan zuten eraikitzeko”, esan du Tabernak.
Horren lekuko dira Geltokin jarritako II. Zabalgunearen historia eta bilakaerari buruzko planoak eta argazki erakusketa. Bi hitzaldi eta mahai inguru bat ere egin dituzte, eztabaida irekitzeko. Nolako auzoa den eta nolako auzoa nahi den aztertu dute, besteak beste. “Jardunaldi hauek abiapuntua izanen dira Zabalgunearen plana birpentsatzeko. Ez dugu zertan berritu; hausnarketa hauek esanen digute zein den bidea, zertan asmatu den eta zertan ez den asmatu”, dio Tabernak. Urratsez urrats egin nahi dute aurrera; auzoaren diagnostiko bat egitea litzateke bigarren pausoa.
Orain dela hamar urte egindako planak lau ildo estrategiko zituen: Zabalgunearen izaerari eustea, ekipamenduen oreka, espazio publikoak eta kaleak, eta etxebizitzen baldintzak. Puntuz puntu azaldu ditu gaur egungo erronkak: “Maristen proiektua, Salestarrak, Erorien Monumentua… Zabalgunean baditugu hainbat proiektu, horietako asko polemikoak, eta horien gainean ariko gara”. Horrez gain, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana ahotan izan du Tabernak. Hilabeteak dira lantzen ari direla, eta hor hartutako erabakiek eragina izanen dute Zabalgunean.
Auzoan dauden etxebizitzei buruz ere mintzatu da Taberna. Zaharrak eta handiak dira gehienak. “Orain dela hamar urte, plana egin zutenean, 120 metro koadro erabilgarri baino gehiagoko etxebizitzak %8 ziren Iruñean. Zabalgunea bakarrik aztertuz gero, zifra hori handitu egiten da: auzoko etxebizitzen %30ek 120 metro koadro erabilgarri baino gehiago dituzte”.
Etxe handiak dira, baina han bizi direnak, aldiz, gutxi dira. Goyo Urdaniz urte luzez Iruñeko Udaleko soziologoa izan denak eman ditu datuak: 10.200 etxebizitza daude Zabalgunean, eta haietatik 9.017tan bizi da jendea. “Kontua da 2.821 etxebizitzatan pertsona bakarra bizi dela, eta beste 2.315etan, bi pertsona”. Tabernak eta Urdanizek uste dute etxebizitzak gaur egungo beharretara egokitu behar direla, handiegiak direlako. “Ikusi beharko da ea zatitu daitezkeen; ez da kontu sinplea”, dio Tabernak.
Auzoaren bi “arimak”
Norantz doa auzoa? Galdera horretan jarri dute arreta Urdanizek eta Tabernak. Azken horrek Zabalguneak dituen “bi izaerak” nabarmendu ditu: “Auzoa da, baina, era berean, hiriaren erdigunea. Bi arima horien orekak esan beharko digu nolakoa izan behar duen auzoak”. Iruñeko auzo guztien behar eta ezaugarri guztiak dituela dio Tabernak, baina, aldi berean, hiri osoaren errepresentazioa dela. “Hiri osoko hainbat jarduera han egiten dira: adibidez, Nafarroako Gobernuko egoitza gehienak Zabalgunean daude”. Ezaugarri horiek izanik, egokitasunera jotzeko beharra aipatu du Tabernak. “Gaur egun bizi garen moduan bizitzeko, egokia izan behar du II. Zabalguneak, ekipamendua, mugikortasuna, etxebizitzen kalitatea eta abar kontuan hartuz. Hiriak dituen beharrak asetzeko ere balio behar du”.
Urdanizek, aldiz, Zabalgunearen auzo izaeran jarri du arreta. Haren ustez, Zabalgunea “auzo izaera txikiena duen” Iruñeko auzoa da eta, horregatik, bertako herritarren arteko elkar ezagutza eta harremana sustatu behar direla uste du. “Ez da auzo sentimendurik”.
Biek adierazi dute ez dela lan makala auzoaren bi izaera horiek orekatzea eta hobetzea, baina horretan hasteko asmoa du udalak. Hausnarketa horiek guztiak balioko dute etorkizunean eginen diren ekintzen oinarri gisa. “Zabalguneak nolako auzo izan nahi duen jakin nahi dugu, baina, horretarako, zer-nolakoa auzoa den jakin behar dugu”.