Kattalin Barber
Egun biziak dira oraingoak Muriel Ruiz de Larramendi eskalatzailearentzat (Uharte, 1999). Selektibitatearen azken eguna du gaur, eta eskaladarekin bateratzen ditu ikasketak. Bi urre irabazi berri ditu Espainiako Eskalada Kopan, gazte mailan eta absolutuan. Gogoa du lagunekin haitzetara eskalatzera joateko.
Erakustaldi izugarria eman zenuen Espainiako Kopan, eta bi urrezko domina irabazi zenituen. Nola bizi izan zenuen txapelketa?
Oso gustura egon nintzen. Egun batean, gazte mailan lehiatu nintzen, eta, hurrengoan, maila absolutuan. Egia esan, giro ezin hobea zegoen, bideak oso politak ziren, eta eskalatzeko onak.
Noiz hasi zinen eskalatzen?
Hamar urte inguru nituenean. Ahizpa txikia lagun batekin hasi zen eskalatzen, eta, behin, ikustera joan nintzen. Orduan, ez nuen beste ezer egiteko, eta hastea erabaki nuen. Ordutik, ez diot inoiz eskalatzeari utzi, eta gehien gustatzen zaidan gauza da. Gainera, ez dut uzteko asmorik.
Zergatik egin zitzaizun eskalada erakargarri?
Zaila da esplikatzea, baina eskalatzen dudanean, horretan bakarrik pentsatzen dut. Modu batean edo bestean, abstrakzio modukoa da eskalatzea niretzat. Ditudan arazoez eta kontuez ahazten laguntzen dit, eta gustura sentitzen naiz eskalatzen dudanean. Kontzentrazio handia behar duzu bideak egiteko. Haitzetara joaten garenean ere, izugarria da, naturan gaudelako, eta giro oso ona egoten delako lagunartean.
Haitzetara asko joaten zara?
Egia esan, aurten bereziki ez naiz asko joan. Denbora gehiago behar duzu haitzetara joateko, eta, hortaz, gehiago egon naiz rokodromoan. Baina ahal dudan guztietan, aukera izanez gero, haitzera noa. Uda honetan, haitzetara asko joatea da nire asmoa.
Leku aproposak daude Nafarroan eskalatzeko?
Uda partean, Nafarroako sektoreak ez dira bereziki onak, bero gehiegi egiten duelako, eta ez dagoelako itzalik eskalatu ahal izateko. Baina neguan, Etxaurira joan ohi naiz, eta beste leku oso politak ere badaude. Hala ere, Katalunian askoz gehiago daude. Hara joateko asmoa dut aurki.
Eskaladaren bidez ere bidaia asko egin dituzu?
Bai. Egin ditudan bidaia gehienak eskaladarengatik izan dira, lehiaketetan parte hartzera joan naizelako, edo asteburuko irteerak egin ditudalako eskalatzeko.
Oso desberdinak dira rokodromoa eta haitzak?
Bestelako eskalada da haitzena. Rokodromoan gero eta definituagoa dago dena; batez ere, lehiaketetan. Estiloa ere zehaztua dago. Haitzetan, berriz, bestelako mugimenduak egiteko aukera duzu. Askeago zara, eta hatzak non jarri ikusi behar duzu.
Lehiaketa zalea zara?
Bai, biak ditut gustuko, lehiaketak eta haitzetara joatea. Orain arte, Nafarroako hainbat txapelketa eta Espainiako Kopa izan ditugu. Asteburu honetan, Espainiako txapelketan ere parte hartuko dut Zaragozan, eta gero hasiko dira Europan lehiatzeko hainbat proba. Maila handia dago atzerrian, eta hori nabaritzen da eskalatzean.
Nafarroan zer-nolako maila dago?
Badago harrobia. Gainera, gero eta gazte gehiago animatzen dira kirol hau praktikatzera. Berri ona da, horrek eskalada sustatzen duelako. Egia da agian ez dagoela maila handiegirik eskalatzaileen artean, baina gutxika-gutxika sortuko da. Gainera, mutil eta nesken artean ez dago maila aldaketa handirik, parekatuak daude.
Zeintzuk dira zure helburuak eskaladarekin?
Nire helburu nagusia eskalatzen jarraitzea da. Gustatuko litzaidake lehiaketetan gehiago hobetzea, eta urrats gehiago egitea. Hau da, profesional izatea lortu ahal izatea. Teknikan ongi ikusten dut nire burua, beharbada dinamikoagoa izatea falta zait, saltoak hobeto egitea. Potentzia handia behar duten mugimenduak gehiago kostatzen zaizkit.
Fisikoki eta psikologikoki ere entrenamendu handia behar du eskaladak?
Bai. Kirol guztietan bezala, serio hartzen duzunean, faktore psikologikoak kontuan hartu behar dituzu. Eskaladan, gauza batzuk egitea gogorra da. Normalean, ni astean bitan joaten naiz eskalatzera, eta, ahal izanez gero, gehiago.
Nola lantzen dituzu zuk bideak?
Erresistentzia landu nahi badut, bide asko egiten ditut. Zailtasun handiko bide bat egin nahi badut, berriz, saiakerak egiten ditut. Lehen saiakeran, ahalik eta urrunena iristen saiatzen naiz, atseden luzeak hartzen ditut gero, eta saiakera gehiago egiten ditut, lortu arte. Hortaz, nire helburuaren arabera, kantitatea edo kalitatea kontuan hartzen dut. Argi dut gero eta gehiago eskalatzen badut gero eta hobeto ariko naizela horman.
Eskalatzen ikusten duzu zeure burua hemendik bost urtera?
Zaila da jakitea, baina gustatuko litzaidake lehiaketetan jarraitzea eta helburu handiak lortzea.
Zaila egiten zaizu ikasketak eta eskalada uztartzea?
Orain arte, nahiko ongi moldatu naiz, baina egia da aurten zailagoa izan dela. Batxilergoko bigarren ikasturtea egin dut, eta larriago ibili naiz. Ez dut eskalatu nahi adina. Gogo izugarria dut bukatzeko eta Rodellarrera [Aragoi, Espainia] joateko eskalatzera lagunartean, lasai egon eta disfrutatzera.
Zer ikasi nahi duzu hurrengo urtean?
Unibertsitatera joateko asmoa dut, baina oraindik ez dut oso garbi zer ikasi. Aukeren artean albaitaritza ikastea dago.