Esnekiak egiteko eman beharreko pauso guztiak bere gain hartzen ditu Aitor Azkaratek (Aniz, 1976), lehen urratsetik azken urratsera arte. Behiak larrera eraman, jetzi, esnekiak elikagai bihurtzeko prozesua martxan jarri, paketatu eta banatu. Horiek dira Jauregia esneki enpresa txikian dituen zereginak. Izan ere, norberak egindako lanaren balioa nabarmentzen du Azkaratek. Garrantzitsua iruditzen zaio jakiak tokian tokikoak izatea, baita mainaz eginda egotea ere. Internet bidez eta zuzenean saltzeaz gain, orain Iruñeko Alde Zaharreko eta Txantreako ferietan ibiltzen da.
Nola sortu zenuten Jauregia esneki enpresa?
Aitak behiak zituen, eta aitatxik ere bai. 2004an anaia eta biok hasi ginen, gure bikotekideekin batera. Orain, bi bikoteak eta langile bat gaude.
Zein produktu egiten dituzue?
Esnea, gasna, jogurta eta irabiatuak.
Ekoizpen ekologikoaren aldeko hautua egiten duzue. Zergatik?
Errespetuz jokatu nahi dugu bezeroekin eta lurrarekin. Hasi ginenean, konbentzionalak ginen. Poliki-poliki pausoak eman ditugu ekoizpen ekologikorantz.
Zuen gain hartzen dituzue, beraz, esnekiak sortzeko prozesuaren urrats guztiak?
Bai. Garrantzitsuena lurra izatea da; hektarea bat bi behi bakoitzeko. Guk lurra badugu bazka lortzeko. Egiten duguna da bazkatzera eraman, jetzi eta esnea eraldatu. Produktuen banaketa ere gure esku dago; ez dugu bitartekariekin lan egiten.
Tokian tokikoa kontsumitzea garrantzitsua da. Zer dela eta?
Tokian tokiko produktuak kontsumitzen badituzu, bertako ekonomia sustatzen duzu. Bertako nekazari edo abeltzain bati erosten badiozu, lan duin bat izatea lortzen duzu. Horrekin batera, berak ere bertan gastatuko du, bertako ekonomia sustatzen. Gainera, ahalik eta hurbilen kontsumitzen baduzu, ingurumena zaintzen ari zara.
Enpresa handien monopolioei aurre egiteko forma ere bada, ezta?
Dudarik gabe. Nahiz eta sistema kapitalistaren barruan gauden, saiatzen bagara inguruko kontsumoa indartzen, tartean geratzen diren irabaziak enpresa handiei ez joatea lortzen dugu. Adibidez, edozein markatako esnea erosten baduzu, behi horiek bazkatuak daude munduko beste puntako soja edo artoarekin. Gure kasuan hemengo gaiekin bazkatzen dira. Gisa horretan segitzen dugu, behinik behin, elkartasunean oinarritutako gastua egiten.
Kontsumitzeko erak eragina dauka herritarren bizi ereduetan?
Noski. Kontsumitzeko eraren bidez lortzen ahal dugu nahi dugun gizarte mota. Kanpoko produktuak erosita argi dago norentzat diren onurak: inportatzen duten marka handientzat. Kanpoko elikagaiak kontsumitzen baditugu, behin ere ez dugu elikadura burujabetza lortuko.
Jende askok, baina, oraindik ez du produktu ekologikorik kontsumitzen, eta garestiagoak direla dio.
Batzuetan, egia da, baina bitartekariak aprobetxatzen direlako. Berez, kostua garestixeagoa da, baina ez du zergatik izan oso garestia. Horregatik, ikusten dudanean esnea hiru euroan, mugitzen zait barruko guztia. Argi dago nekazariak ez dituela ez da bi euro ere jasotzen… Bitartekariak aprobetxatzen dira ekologiko hitzaz. Baina ekologikoa ez da elitistagoa. Guk denen eskura egon daitezkeen produktuak saltzen ditugu. Badira elikagai ekologikoak kontsumitzeko modu asko, eta horiek sustatu behar ditugu hala nola kontsumo taldeak, azokak eta zuzeneko salmenta.
Orain, Iruñerrian bi merkatu sozial sortu dituzte, eta zuek ere bertan zaudete. Zein onura ekarri dizuete?
Alde batetik, onura ekonomikoa. Salmenta zuzena da gure helburu nagusia, zuzenean ailegatzea bezeroengana, eta azoka hauetan lortzen dugu. Bestalde, bestelako ekonomia bat eratzen dute, eta gu horren alde gaude.
Bertakoa erosteko ohitura handitzen ari al da?
Gaur egun, jendea kontzientziatzen ari da, bai. Horri esker, salmentak handitzen ari dira, eta abeltzainak eta nekazariak gure lanaz bizi gaitezke.