Egunero saltoki handietara baldin bagoaz, jendarte eredu jakin bat babesten ari gara. Ekoizle txikien produktuak erosten baditugu, berriz, beste bat”. Zorrotz mintzo da Carlos Rey, Iruñeko Txantrea auzoko azokaren antolatzailea. Argi dauka zer den bultzatu beharrekoa: tokian tokiko produktuen azokak zabaltzea; “alternatibak” sortzea ekonomia neoliberalaren ekoizpen eta kontsumo ereduen aurrean. Horregatik, Merkatu Soziala abiatu zuen Txantrean, Txantrea Bizi eragileko gainontzeko kideekin elkarlanean: batetik, bertako nekazari eta eskulangileek euren produktuak saltzeko; bestetik, trukearen bidez herritarrek behar ez dituzten gauzak aldatzeko.
Hala, hilabetean behin Txantreako Arriurdineta plaza saltoki txikiz bete, eta bitartekaririk gabeko merkataritzaren lekuko bihurtzen da. Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek merkatuaren arrakasta ikusi, eta antzeko bat abiarazi dute euren auzoan, hilabetean behin, Baratxurien plazan, elkartasuna eta ekologia oinarri.
Gaztagileak, eskulangileak, nekazariak, eztigileak… orotariko ekoizle txikiak topa daitezke postuetan. Baina ez horiek bakarrik: baita etxean baloi bat sobran eduki eta trukatzeko asmoz bertara joaten diren herritarrak ere, liburuak aldatu nahi dituztenak… Finean, trukearen bitartez behar ez dutena nahi dutenarekin aldatzeko tokiak baitira.
“Elkar laguntzeko guneak”. Horrela izendatu ditu azokak Nor Rodriguez Iruñeko Alde Zaharreko merkatuaren antolatzaileak: “Aukera ematen digute orain arte zein eredu produktibo daukagun aztertu eta nola alda daitekeen aztertzeko”. Nori erosten diogun da kontsumo ohitura bidegabeen erroa. “Nik zer edo zer behar badut, eta merkeena erosten badut, denon kalterako da”, kritikatu du irmoki.
Dioenez, sistema kapitalistak ezberdintasun ekonomikoak sortzen ditu biztanleen artean; horregatik, hurkoaren zaintzan oinarritutako merkataritza behar da. Hark ez du zalantzarik zeini erosi behar zaion: “Tokian tokiko ekoizle txikien postuetan egin behar dira enkarguak”. Izan ere, “kapitalismo bortitzari” kontra egiteko era dela deritzo.
Bide beretik jo du Reyek: azokek harreman ekonomikoak gizartearen mesedetara egotea bultzatzen dutela dio. Haren aburuz, baliabideak “lau kapitalistaren eskuetan” egon beharrean “herritarren eskuetara” pasatzen dira. Krisialdi ekonomikoetan, gisa horretako egitasmoak “besoak zabalik” hartzen dituzte auzokideek, bultzatzaileen irudiko. Ekonomia “pattal” dagoen garaiotan, elkartasunean oinarritutako ekinaldiek babes handiagoa lortzen dutela iruditzen zaie. Reyek dio “aukera bat” dela krisia azoka soziala bezalako “gizarte egitasmoek” aurrera egiteko. “Txiroen eta aberatsen arteko aldea handitzen ari da, eta pertsonak ardatz dituzten proiektuek erakusten dute posible dela gauzak beste forma batean egitea”. Rodriguezek dio orain arte ezarritako kontsumo ereduei “erantzuteko” tresna dela.
‘Txanpon’ dirua oinarri
Bestelako merkataritza batek bestelako tresna bat behar zuen salerosketak posible egiteko. Horregatik, azokan baino balioko ez duen dirua sortu dute Txantrean: txanpon izeneko dibisa. Euroa “mugimendu espekulatzaileekin” loturik ikusten dute, banku zentralek “monopolizatuta”. Txanpon dibisa, berriz, herritarren burutapena izan da: tokiko transakzioak hauspotzeko “erreminta”. Dirua, beraz, ez da helburua, bitartekoa baizik.
Iruñeko Alde Zaharrekoak, asmakizunaren berri izan, eta euren azokan ere erabiltzen hasi dira. Orain, bi feriatan dago eskura. Xedea: herritarrek herrian bertan kontsumitzea. Funtzionamendua erraza da: azokara joan eta euro bakoitzaren truk, txanpon bat ematen dute. Hori erabiltzen da gero. “Diru sistema soziala” dela esaten du Reyek, “gizarte ehuna” indartu egiten duelako, aurpegiz aurpegiko harremanak areagotuz. Herrian bertan kontsumitzeko gonbita zabaltzen du.
Feriak ez ditu soilik produktuen harremanak ahalbidetzen: bizi-ereduak aldatzeko aukera zabalagoa ematen du. Esparru guztietan “pixkanaka-pixkanaka” aldaketa egiteko parada ematen du, Rodriguezen aburuz. Izan ere, informazio gune bana prestatzen dute Iruñerriko bi azokatan. Banka etikoaren erakusmahaia jartzen dute, energia berriztagarriena eta denboraren bankuarena, besteak beste. “Proiektu sozialak ezagutzera ematen ditugu, aldaketaren alde hondar alea jarri duten esperientziak plazaratzeko gunea prestatzen baitugu”, ziurtatu du Reyek, egindako lanarekin harro.
Aurrerantzean merkatu sozialekin jarraituko dutela argi dute bi auzotan. Egun hilean behin baino egiten ez badute ere, amets egiten dute etorkizunean gehiagotan muntatzearekin. Reyek ez du zalantzarik: “Hau da alternatiba onena beste modu batean bizi nahi dugun pertsonentzat”.