Faltan botatzen zaitut. Ukatuz gero gezurretan ariko nintzateke. Ez dut ukatuko. Ez dut gordeko. Zure falta sumatzen dut, pasatzen den egun bakoitzeko handiagoa. Zer moduz zauden jakin nahiko nuke, ni gabe ongi ote zauden. Zuk ere faltan botatzen al nauzu? Zugan pentsatzean zure argitasuna, zure distira datorkit burura. Zein gustura egoten ginen kontu kontari, baita ordu txikitan ere. Talde bikaina osatzen genuen.
Nire sekreturik ilunenak zenekizkien, nire pozik handienak. Elkarrekin bizi izan ditugu guztiak, nik zurekin eta zuk nirekin. Gogoratzen iaz zein larri egon zinen? Susto galanta eman zenigun. Horrelakoak ere egiten zenituen tarteka, baina badakit nik zaintzeko egiten zenuela. Zuri jaramon gehiago egiteko, mainak jasotzeko. Erraz ulertzen nuen bidali gabeko mezua, eskatu gabeko muxua bailitzan.
Harreman polita izanagatik, ezin genuen horrela segi. Azkenaldian denbora asko ematen genuen elkarrekin. Gehiegi. Nire lagunek behin eta berriz erraten zidaten, noizbehinka baita gurasoek ere. Baina nik kasurik ez. Inbidia zela erran nizun behin, akordatzen? Edozeinek ez du guk genuen harremana lortuko. Bi ginen, baina bakarra bilakatu ginen. Zoragarria izatera iritsi zen. Nire inguruak ez zuen iritzi berdina, ordea. “Utz ezazu behingoz, ez dizu onik egiten”; “gu gara zure lagunak, ez bera”; … zenbat aldiz entzun ote ditudan horrelakoak. Azkenaldian gero eta gehiago. Arrazoi zutela uste dut.
Askotan bertze norbaitekin bazkaltzen egonda ere, ez nuen haren konpainia baloratzen. Bakarrik nengoela iruditzen zitzaidan: “Maialen, entzun duzu erran dizudana?”. Ez, ez nion entzun; ez nuen ezer entzuten halakoetan. Zugan izaten nuen burua. Ez nuen zu bakarrik sentitzerik nahi, ez nuen jeloskor jartzerik nahi. Gainera, zugana itzuli eta ez zinen isilik geratzen zen horietakoa.
Badakit gogorra dela, zaila. Niretzat ere hala da, ez pentsa. Baina uste dut dependentzia hau desagertu beharko litzatekeela. Desagertu behar dela. Ezin naiz zure menpe bizi. Ezin ditut planak zure arabera egin. Zu nekatua zaudelako ezin naiz beti etxera joan, deskantsatzera. Denbora hartzea erabaki dut. Denbora elkarrentzat, elkarrekin egon gabe. Lagun batek aholkatu zidan, eta jaramon egin diot. Orain ulertzen ez baduzu ere, badakit gerora bertze ikuspuntu bat izanen duzula. Agian eskertu ere eginen didazu.
Duela pare bat aste hartu nuen erabakia, ez pentsa momentuko beroaldia denik. Klase-kide batzuk kanpora joan ginen asteburu pasa, eta orduan konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Ea zu non zeunden zen nire kezka nagusia, ea zerbait erran nahiko zenidan.
Mugikor maitea, seguruenik ezingo naiz zu gabe bizi, baina proba egin nahi dut. Zurekin bizi behar badut ere, behintzat ez dut zure beharra sentitu nahi. Horregatik gorde zintudan kutxa barruan duela pare bat egun. Ez haserretu, mesedez. Hori da onena biontzat. Prest nagoenean zabalduko dut kutxa berriro ere. Bitartean, ongi izan, ene bihotzeko mugikor maite!