Haur eskoletako aurrematrikulazioetan zein hizkuntza eredu nahi duten galdetzea eta Iruñeko Udalak eskaeraren araberako eskaintza egitea. Hori nahi dute Iruñeko hainbat gurasok. Udalbatza beren alde agertu zen, eta orain euskalgintzarekin bat ari dira elkarlanean. Ainhoa Irigibel (Iruñea, 1980) kanpaina aurrera eramaten ari diren gurasoetako bat da. Zaila ikusten du udalak aurten iritzia aldatzea. Baina, beren lanari esker, hurrengo urteetan gauzak aldatzea espero dute.
Zer arazo duzue?
Gure alaba euskaraz matrikulatu nahi dugu auzoan. Baina Arrotxapean ez dago aukerarik 0 eta 3 urte arteko haurrak eskola euskaldunean matrikulatzeko. Orduan, aukera bakarra Txantreara eramatea da, han baitaude Iruñean D eredua eskaintzen duten bi haur eskola bakarrak: Izartegi eta Egunsenti.
3 urtetik gorako umeek badute euskal eskaintza zabalagoa?
Bai, Arrotxapean, adibidez, Patxi Larrainzar ikastetxe publikoa dago. Urtero, hiru edo lau talde sortzen dira D ereduan; hau da, urtero 75 ikasle inguru. Horrek agerian uzten du eskaera badagoela baina eskaintzarik ez.
Zer eskatzen duzue?
Arrotxapean, zehazki, haur eskola euskalduna izatea nahi dugu. Baina, oro har, Iruñeko dinamika aurrera eramaten ari gara. Nahi duguna da auzo guztietan aukera izatea haur eskoletan euskaraz matrikulatzeko. Udalari behin baino gehiagotan eskatu izan zaio matrikula egiteko inprimakian jasotzeko gurasoek zer-nolako ereduan matrikulatu nahi dituzten seme-alabak. Baina horri ere muzin egin dio UPNren gobernuak, oposizio osoak alde bozkatu badu ere.
Nola bildu zarete Iruñean?
Gatazka hau ziklikoa da. Orain hogei urte ireki zuten azken haur eskola euskalduna. Urte hauetan guztietan, tarteka piztu da borroka, matrikulazio garaian bereziki. Urte batzuetan indar handiagoa hartu du. Arrotxapean, adibidez, haur eskola berria egin zuten duela lau edo bost urte. Kanpaina indartsua jarri zen martxan, D eredua eskain zezan; 2.700 sinadura bildu zituzten. Baina udalak gaztelaniazko eta ingelesezko eredua jarri zuen. Orduan, 0 eta 3 urte arteko seme-alabak ditugun hainbat guraso elkartu gara. Aurretik elkar ezagutzen genuen batzuek. Arrotxapeko eta Iruñeko euskalgintzako hainbat eragilerekin hitz egin dugu, eta hainbat batzar eta mobilizazio planteatu ditugu.
Nola ikusten duzue egoera? Uste duzue zerbait lor dezakezuela?
Aurten berezitasuna egon da. Udal haur-eskoletako langile batzordeak proposamen bat aurkeztu dio haur eskoletako erakundeari: batzordeak eskatu du Arrotxapeara eramateko Txantrean dauden euskarazko bi haur eskoletatik bat. Truke antzekoa da. Arrotxapean hiru haur eskola daude, eta guztiak gaztelaniazko ereduekin. Plaza kopurua mantenduko litzateke, baina bi auzoetan egongo lirateke haur eskolak. Aukera hori posible dela uste dugu. Jose Carlos de la Dehesa haur eskoletako kudeatzailea ere aldaketaren alde dago. Duela sei urte, haur eskoletan ez zegoen tokirik; egun, ordea, ez dira plazak betetzen. Beraz, uste dute euskarazko plazak leku gehiagotan eskaintzen badituzte plaza gehiago beteko direla. Ikuspuntu horretatik bada ere lor dezakegula uste dut.
Baina, aldaketa horrekin, Arrosadia edo Iturramako gurasoek ez lukete hobekuntza handirik izango. Alde horretatik badago proposamenik?
Bai, langile batzordeak beste proposamen bat egin du. Arrosadian badago eraikin huts bat, Hegoalde ikastolaren ondoan. Lehenago, haur eskola bat izan zen. Batzordeak proposatu du han beste haur eskola bat egitea, baina, horrek langile berriak kontratatzea eskatzen duenez, zailagoa ikusten dugu.
Zer mobilizazio egingo dituzue?
Martxoaren 3tik 18ra, aurrematrikulazio kanpaina izango da. Txandak egin ditugu, eta egunero atean egongo gara inkesta bat egiten. Horrela, jakin nahi dugu zenbat gurasok nahi dituzten seme-alabak D ereduan matrikulatu. Gero, datu horiek udalean aurkeztuko ditugu, jakin dezaten eskaera badagoela. Hala ere, badakite, hiru urtetik gorako eskoletan ikusten delako.