“Parez pare dugun erronka nagusia komunikazio hesiak haustea da”, aldarrikatu du Sofia de Esteban keinu hizkuntzako irakasleak (Tafalla, 1972). Bizi osoa darama gorren mundua entzunaraztea, umetatik behar dituzten jakinarazten. Nafarroan pertsona gorrekin ahozko metodologiak erabiltzea da ohikoena, dioenez. Hau da, ume gorrei hitz egiten ikastea gomendatzen zaie, euren komunikazioa ahozkoa izateko. Baina, De Estebanen aburuz, horrek mugak ditu. Gorrak ahozko komunikazioak dituen mugaz konturatzen direnean hasten dira keinu hizkuntza ikasten. “Keinu hizkuntzarekin pertsona gorrak guztiz komunika daitezke”, eta arazoak saihesteko, ezintasunak onartzearen alde egiten du “Normala dena ezintasuna onartzea da, eta ondoren egoerara egokitzea. Normaltasuna ez da hitz egitea, normaltasuna komunikatzea da”.
Jaiotzez gorra da, eta hitz egitea gomendatu zioten. Baina, 6 urte zituela, eskolan arazoak izaten hasi zen, eta gorrentzako eskola batera aldatu zuten. Eskola berrian keinu hizkuntza ikasi zuen, eta komunikatzeko aukerak areagotu zitzaizkion. “Garai hartan, gurasoekin kode bat nuen: hau lo egitea da, beste hori jatea, eta horrela konpontzen ginen”. Keinu hizkuntza ikasi ostean, familiarekin ahoz komunikatzen jarraitu zuen, baina komunikazio horrek mugak ditu. “Ez dugu komunikazio sakona, muga bat dago. Nire amak esan dit: ‘Atzera egin ahal izango banu, keinu hizkuntza ikasiko nuke'”. Ez zuen nahi berari gauza bera gertatzerik. Horregatik, haren seme-alaben ama hizkuntza keinu hizkuntza da.
Keinu hizkuntzan sakontzen
Umea zenetik ezagutzen du keinu hizkuntza. Handitu zenean, inguruko hainbat pertsonari irakatsi zien. Nafarroako Gorren Elkarteak 30 urte daramatza keinu hizkuntza irakasten. Duela urte batzuk, Espainiako Gorren Konfederazioak gor guztiak animatu zituen keinu hizkuntzako irakasle titulua atera zezaten. Ordura arte, De Esteban bezala, irakasle guztiak boluntarioak zirelako. Beraz, titulua ateratzea erabaki zuen. “Madrilera joan nintzen; formazioa jaso, eta Nafarroara itzuli nintzen irakasle tituluarekin. Hortik aurrera, irakasle gisa kontratatu ninduten Nafarroako Gorren Elkartean; orduan bai, modu ofizialean”.
Keinu hizkuntza beste edozein hizkuntza bezalakoa dela gogoratu du. “Europako ereduari jarraitzen diogu; A1 eta A2 mailak irakasten ditugu, beste edozein hizkuntzatan bezala”. Aurki B1 maila ere prestatuko dute. Eskoletan ezin dute hamabost ikaslek baino gehiagok parte hartu. Ikasleek elkarri begira egon behar dute une oro, eta hamabost pertsona baino gehiagorekin zaila da eskola jarraitzea. Eskoletan, ikasleak ‘U’ bat eginez kokatzen dira gelan, eta ez ilaratan. “Etengabe elkarri begira egoteko beharra dute ikasleek”.
Hasieran ikasle guztiak izututa egoten dira. “Pertsona gor bat aurrean dute, eta euren buruari esaten diote: ‘Ai ama, nola komunikatuko naiz berarekin?’. Guztiei aurpegian igartzen zaie; urtero gertatzen da gauza bera”. Hori hasiera baino ez da; gero alfabeto daktologikoarekin hasten dira. Ondoren, ikasle bakoitzak bere izena ikasten du. “Ikastaroa bukatzen denean galdetzen diet ea lehen eguna gogoratzen duten, zeinen urduri zeuden, eta barre egiten dute”.
Orotariko jendeak ikasten du keinu hizkuntza. Baina badira errepikatzen diren profilak. “Ikasleen artean, ugariak dira irakasle ikasketak egiten dituzten pertsonak, baina baita erizaintza eta gizarte lana ikasi dutenak ere”. Familian gorren bat duten pertsonak, ordea, ez dira horrenbeste joaten ikastaroetara. Kasu horietan, aparte hartzen dituzte; eskola partikularren antzekoak eskaintzen dizkiete. “Kasu horietan helburua ez da titulua lortzea, oinarrizko komunikazioa lortzea baizik”.
Instituzioek eta gizarteak ezintasunen bat duten pertsonak bigarren mailan uzten dituztela uste du. “XXI. mendean gaude, baina gorren komunikazioaren gaian XVIII. mendean gaudela ematen du. Orain dirurik ez dagoela esaten dute. Ezintasunak dituzten pertsonak laguntzea oso garestia da, giza baliabideak behar direlako. Baina nik nahi dudan gauza bakarra da noan lekura noala keinu hizkuntzan transmititzen didan teknologia edo giza baliabidea izatea”.
Bere lana maite du, gizartea aldatzen laguntzen duela uste duelako. “Egun, filosofia batek agintzen du: ‘Pertsona gaixoa ezindua da’. Baina hori ez da horrela. Keinu hizkuntza irakats eta ikas daitekeen aberastasun bat da. Ni ezin naiz aldatu, ezin dut entzun. Baina gizartea alda daiteke, eta jendeak keinu hizkuntza ikas dezake”. Haren lanaren garrantziaz alabak ohartarazi dio. “Behin, txantxetan ari ginela, loteria tokatuko balitzait lana egiteari utziko niola esan nuen, eta alabak esan zidan: ‘Ez, uztekotan aitak utziko du. Bera soldatzailea da, eta asko daude. Baina zuk egiten duzuna oso jende gutxik egiten du, eta jarraitu behar duzu'”.