Sarrigurenen eskola berria eskatzeko greba egingo dute gaur

“Non da kalitatezko hezkuntza?”, galdetzen du Sarrigurengo hezkuntza komunitateak. Denak berdin jarraituz gero, heldu den ikasturtean mila ikaslek baino gehiagok ikasiko dute Sarrigurenen dagoen eskola publiko bakarrean (Eguesibar). Matrikulazio kanpainaren ostean, 236 ikasle berri matrikulatu dira. Arazoa da eskolan 675 ikaslerentzako gelak baino ez daudela, eta eremu komunak laurehun ikaslerentzat egin zituztela. Egoera hori hamaikagarrenez salatzeko, mobilizazio astea egin du eskolako hezkuntza komunitateak aste honetan. Gaur greba egingo dute. Goizean, 09:00etan, Sarrigurengo eskola publikoaren aurrean elkartuko dira, eta, 10:30ean, manifestazioa egingo dute Iruñeko Merindadeen plazatik Hezkuntza Departamentura. Han, eskola publiko berri bat eskatzeko instantziak aurkeztuko dituzte.

Sarrigurengo hezkuntza komunitateak salatu du gobernuak 2015-2016ko ikasturtera arte atzeratu nahi dituela eskola berria egiteko lanak. “Horrek ez ditu konponduko gure arazoak; hiru urtean pilatuta egotera zigortzen gaituzte”. Martxoan matrikulazio datuak jakin zirenean, Sarriguren Hazi eta Hezi guraso elkarteak ikasle pilaketari erantzunen bat emateko eskatu zion Hezkuntza Departamentuari. Horren erantzuna argia izan zen: “Heldu den ikasturterako matrikulatu diren 236 ikasleentzako eta gehiagorentzako tokia dago Sarrigurenen. Antolakuntza kontua baino ez da”.

Gurasoek ezin dute sinetsi gertatzen ari dena. “Ikastetxea bost irakaskuntza lerrorako eginda dago. Hori gelei dagokionez, eremu komunak hiru lerrorentzat eginda daudelako, eta orain hamar lerro sartu nahi dituzte”. Horrek hainbat ondorio ditu: besteak beste, talde guztiek gimnasioa ezin erabiltzea eta jantokiak gainezka egotea. Gainera, Sarrigurenen hiru hezkuntza eredu daude, eta elkarrekin egon behar dute “pilatuta”.

Egoera hori ikusirik, mobilizazioa beharrezkotzat jotzen dute Sarrigurengo gurasoek. “Familiok bat eginda egon behar dugu. Horrek bakarrik emango digu Nafarroako Gobernua estu hartzeko behar dugun indarra eta ahalmena”. Haien aburuz, gobernuaren betebeharra kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzea da, eta ez dira hori betetzen ari.