“Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren”

“Albaitaritza ikastea erabaki nuen animaliak maite ditudalako”, dio umoretsu Nati Lucas albaitariak ( Alcala de Henares, Espainia, 1977). Hamabi urte daramatza lanean Lucasek. Albaitaritzak hainbat adar baditu ere, berak maskotekin lan egitea erabaki zuen. Orain sei urte ireki zuen Buztintxuri albaitaritza klinika Iruñean. Bertan, beste bi albaitarik eta laguntzaile batek lan egiten dute. Medikuntza prebentiboa egiten dute gehienbat. Etxeko animalia gehienak txakurrak eta katuak badira ere, joerak aldatuz doazela dio Lucasek. “Txakurrak eta katuak dira jende gehienak dituen maskotak. Azken urtetan, katuek aurrea hartu diete txakurrei, denbora gutxiago dugulako eta ez direlako kalera atera behar. Azken batean, etxean edukitzeko erosoagoak direlako. Bestalde, gero eta animalia exotiko gehiago ikusten ditut, hala nola kakatuak, hudoak eta untxiak”.

Animaliak etxean izatea gomendatzen du Lucasek. Betiere, argi izanda animalia baten ardura izateak sortzen dituen erantzukizunak. Horregatik, maskota bat hartu baino lehen informazio bila albaitariarenera joatea gomendatzen du. Lucasek bi katu, bi txakur, harris arrano bat eta belatz bat ditu. Zaintzeko arazorik ez duela dio, “ez dute zaintza berezirik behar”. Gakoa ez da animalia asko edo gutxi izatea, animaliak behar bezala zaintzeko aukera izatea baizik. Lucasek uste du zenbaitetan jendeak ez duela hori kontuan izaten. “Badago jende ugari animalia baten ardura hartzen duenean badakiela zer egiten ari den. Baina beste batzuek ez dakite zer hartzen duten. Bat-bateko bulkadagatik txakur bat erosten dute animaliek dituzten beharrak ezagutu gabe, eta behar horiei erantzuteko gai izango diren jakin gabe”. Arazo horiek saihesteko, lehenengo eta behin norberak zer nahi duen argi izan behar duela dio Lucasek. “Ez da gauza bera, papagaitxo bat edo katu bat edukitzea”. Behin gustuko animalia aukeratuta, norberak animaliari zer eskaini ahal diezaiokeen pentsatu behar du, animaliaren beharrak zeintzuk diren eta mantentzeak zer-nolako kostua duen.

Animalia baten ardura izatea gauza serioa da, baina erabat positiboa dela uste du Lucasek. “Txakurren kasuan adibidez, onak dira harremanak egitea kostatzen zaion jendearentzat. Txakurrak kalera ateratzera behartzen baititu, eta behin kalean egonda, txakurrak dituzten beste pertsonekin sozializatzeko aukera dute. Bestalde, adineko jendea ere laguntzen dute, euren denboraren tarte bat animaliaren beharrak asetzen pasatzen baitute. Umeei dagokienez, animaliak zaintzean ardurak hartzen ikasten dute”.

Moden eragina

Lanean daramatzan urteetan, maskotak aukeratzeko orduan modek nola eragiten duten ikusi du. “Garai batean, artzain txakur aleman asko zeuden. Gaur egun, Frantziako bulldogak eta Maltako bichon-ak dira gehien ikusten diren txakurrak”. Baina urteak pasatu ahala ez da hori bakarrik aldatu, jabeen jarrerak ere ezberdinak dira. “Animalien jabeek bestelako jarrerak dituzte. Orain, Interneten informazio asko bilatzen dute. Batzuetan ondo egiten dute, baina beste batzuetan, ez horrenbeste. Hainbatetan, jabeek gaixotasunik arraroenen informazioa jasotzen dute Interneten eta arduratu behar ez duten gauzekin arduratzen dira”.

Animalien moden aurka dago Lucas. Animalia politak hezi eta saltzea negozioa da. Baina horrek arazoak sortzen ditu, kanon jakin batetik aldentzen diren animaliak baztertzen direlako. “Niretzat, maskotak dira denak. Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren. Saltzeko asmoarekin katuak eta txakurrak heztearen arazoa da kumeak arazo genetikoren batekin jaiotzen badira, bizi-kalitate ona izan dezakete, baina ez dira saltzeko errazak. Horrek egoera okerrean uzten ditu animalia horiek, eta horrelako egoerak ez zaizkit batere gustatzen”.

Medikuntza prebentiboa da Lucasek gehien lantzen duena. Animalia txikiak eta exotikoak artatzen dituzte. Txertoak jarri, bizkarroigabetu eta antzuarazteko ebakuntzak egiten dituzte. Horrekin batera, ehun bigunetako edozein ebakuntza mota egiten dute. Baina, logikoa denez, dena ez da horren erraza. Noizbehinka okertzen diren patologiak dituzten animaliak artatzen dituzte, eta normala denez, hainbatetan zoritxarreko bukaerak izaten dituzte. Hala ere, askotan, nahiz eta animaliek zauri larriak izan, bizi-kalitate onarekin jarrai dezakete. “Animalia bati hanka bat moztu behar badiote baina bizi-kalitate ona mantentzen badu, itzel”.

Klinikan, denetariko istorioak ezagutu dituzte sei urteotan: bizipen alai, triste eta baita bitxiak ere. “Orain dela pare bat aste, kameleoi bat ekarri zuten. Astebete zeraman kaka egin gabe, eta jabea arduratua zegoen. Kameleoia ekarri zuen, eta atetik sartu bezain laster, kaka egiten hasi zen. Ikaragatik edo izango zen. Hau da, atetik sartu bezain laster osatu genuen, ezer egin gabe”.