Kattalin Barber
Iruñeko emakumeen etxearen lehen hazia erein dute. Emakumeen ahotsak espazio bihurtu, eta Iruñeko emakumeen etxea marrazten hasi dira, errealitate bilakatzeko helburuarekin. Suabrigits sortu berri den kolektibo feministak egin du lehen urratsa, eta Iruñeko emakume guztien parte hartzea nahi du, ahots guztiak bilduz guztien espazioa izan dadin.
Leticia Moreno, Paula Goñi eta Irati Oiarzun Suabrigits taldeko kideak dira. Joan den larunbatean egin zituzten aurkezpen jardunaldiak, Iruñeko Kondestablearen jauregian; beste emakume etxeen esperientziak ere jaso zituzten. Gogoratu dute EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra udal taldeek 2015ean sinatutako akordio programatikoak jaso zuela emakumeen etxea egiteko proposamena. “Oraingoz, ordea, ez dute ezer egin. Orduan, erabaki genuen elkartzea eta emakumeok espazio horren beharra aldarrikatzea”, esan du Oiarzunek.
Emakume askok amestutako proiektua izatea nahi dute, herri mugimenduaren bidez sortutakoa. Ilusioz daude hiru gazteak, motibatuta, proiektu “bizia eta dinamikoa” eraman nahi dutelako aurrera. Sortu berri da Suabrigits kolektiboa, baina indarrez hasi dira, eta helburu zehatz bat dute: Iruñean emakumeen etxea sortzea. “Guk ideia bota dugu, baina argi dugu proiektua ateratzen denean taldea desagertuko dela; izan ere, desagertzeko jaio gara. Emakumeen etxeak indarra lortzen duenean, gure lana bukatu izanen da”, argi du Oiarzunek.
Hazia erein dute, eta orain guztiei dagokie marrazten hastea. Hala ere, nork bere zertzelada eman du emakumeen etxeari buruz. “Etxe askorekin hitz egin dugu, eta oso desberdinak dira denak. Niri jarduerak eta ikastaroak egitea gustatuko litzaidake, sexualitatearen gaia lantzea, baratze bat izatea, lekurik badago ere bertan emakumeak bizitzea…”, esan du Morenok.
Goñik, berriz, harremanak garatzeko eta emakumeak finkatzeko toki baten gisa irudikatzen du emakumeen etxea. “Gure lekua aurkitu behar dugu, eta bat egin emakume guztiek”. Sortu berri den kolektiboaren leloa ahotan izan du Oiarzunek: “Gure leloa Poztasuna defendatu, amorrua antolatu da, eta hain zuzen ere, hori egin nahi dugu: borroka gaitezen gure eskubideengatik, baina gozatuz, abestuz eta dantzatuz. Ekintza politak egin nahi ditugu”.
Iritzi asko jaso eta emakume anitzek haiekin bat egitea behar dute aurretik, eta gutxieneko adostasuna lortuta hasiko dira emakumeen etxea eraikitzen. “Emakumeen etxea ezin du bakarrik kolektibo batek eraiki; emakume guztien laguntza eta babesa behar dugu, guztiontzat izanen baita”. Oiarzunek adierazi duenez, dagoeneko hainbat kolektibo feministak eta antolatu gabeko emakumek interesa agertu dute proiektu berriarekin. “Konturatu gara jendeak gogoa duela zerbait egiteko. Emakumeak ilusioz beterik daude, martxan jartzeko prest”.
Iruñeko mugimendu feminista “nahiko sakabanatuta” dagoela iritzi diote, eta uste dute aukera “ezin hobea” dela guztiek bat egitea emakumeen etxean. “Beste etxeetako emakumeek esan digutenez, haien herri edo hiriko mugimendu feministak gehiago batu dira etxea izan eta gero”, azaldu du Morenok. Hori lortu nahi dute haiek ere, eta proiektua emakume eta iritzi guztientzat zabalik egonen dela ziurtatu dute. “Azken finean, bide berean gaude. Ez bakarrik feministak, baizik eta emakume guztiak, kolektibitate bat gara, klase sozial bat gara. Elkar zaindu behar dugu, dibertitu eta ongi pasatu”.
Oraindik ez dute oso argi zein izanen den kudeaketa edo nola lortuko duten emakumeen etxea, baina ez dute aukerarik baztertzen: “Izan daiteke Iruñeko Udalak erabilerarik gabe duen etxeetako bat uztea, edo izan daiteke guk bilatzea. Ez dakigu, baina argi dagoena da guztiok ados egon behar dugula erabakian”, esan du Oiarzunek. Ezinbestekotzat jo dute espazioak independentzia eta autonomia izatea ere. Eraikitzeko orduan eta proposamenen orduan “originalak eta sortzaileak” izan nahi dute. Adierazi dutenez, dagoeneko 30 emakume inguruk interesa agertu dute emakumeen etxean.
Sororitatea helburu
Elkartasuna, enpatia eta sororitatea aipatu dituzte Suabrigits kolektiboko hiru gazteek. Helburuetako bat baita emakumeen artean laguntasun harremanak lantzea eta indarrak batzea: “Argi dago guztiok ez ditugula iritzi berak izanen, adibidez, prostituzioaren inguruan, baina beste hamaika gauzatan bat egin dezakegu. Zergatik ez horretan zentratu eta landu? Gauza asko ditugu egiteko”, dio Morenok. Aberasteko gune bat izatea nahi dute, eta kolektibo bakoitzak bere identitatearekin eta bere borrokekin jarraitzen duen bitartean, guztien gune bat izatea. “Emakumeak ere askotarikoak garelako eta beste esperientzia batzuetatik asko ikas dezakegulako”, dio Oiarzunek.
Hortaz, emakumeen etxeak “emakumeek nahi duten guztia hartuko luke”, finean, emakume guztien elkargunea izanen delako. Badakite bidea luzea dela, baina gogoz eta ilusioz beterik ekin diote, bidean emakume gehiago batuko direlakoan eta etorkizuneko Iruñeko emakumeen etxea marraztu nahian.