Begitan hartu ditu Nafarroako Gobernuak haur eskolak. Krisi ekonomikoa arrazoi gisa hartuta, finantzabidean murrizketak iragarri ditu Hezkuntza Departamentuak. Iragarpena modu zelebre batean egin zuen. Izan ere, posta elektroniko bidez jakin zuten Nafarroako udaletako alkateek haur eskolak finantzatzeko jasotzen duten diru saila %30 murriztuko duela administrazioak. Horrek kolokan jar dezake hainbat eta hainbat haur eskolaren etorkizuna, zenbait udalek ez dutelako zerbitzuari eusteko diru sarrera nahikorik.
Egun, Nafarroan 95 haur eskola daude. Ehunka haur hezten dituzte zentro horietan. Azken finean, haurren heziketaren lehen murgilketa eskaintzen dute, nahiz eta ez duen hezkuntza arautu gisa aitortzen Hezkuntza Departamentuak. Errealitate horrek hainbat arazo ekar ditzakeela ohartarazi du Gari Torregrosa Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak. Ofizioz haur hezitzailea da. “Argi dago Nafarroako Gobernuak ez duela haur eskoletan sinesten, eta horregatik hartu du diru saila murrizteko erabakia”.
Azken urteetan, hainbat alderdi politikok haur hezkuntza arautzeko saio bat baino gehiago egin dute. Baina beti bertan behera gelditu dira saioa horiek, Nafarroako Gobernuak ez duelako arautzeko borondaterik izan. “Gaur egun, edozeinek ireki dezake haurtzaindegi ziztrin bat edozein tokitan”, salatu du Torregrosak. Gainera, nabarmendu du haurtzaindegiak ez direla haurrak gurasoak lanean dauden bitartean egoten diren toki soilak.
Izan ere, haur eskolek hezkuntza eredu propioa izaten dute, proiektuetan oinarritutakoa. Haurrei bizitzako lehen hilabeteetan ingurunea ezagutzeko parada ematen diete. Aurkikuntzaren bitartez ikasten dute normalean haurrek, gauzak ukituz, ikusiz eta dastatuz. Gainera, mahaian eserita egoten eta euren kabuz —zikinduta ere berdin du— jaten ere ikasten dute. Beraz, hezkuntza arautua izan ez arren kalitatezko hezkuntza eskaintzen dutela ziurtatu du Torregrosak. Alde horretatik, ohartarazi du Batxillergoa ere ez dela derrigorrezko hezkuntza gisa ulertzen, eta inork ez duela “zalantzan” jartzen etapa horretara eta besteetara ere Hezkuntza Departamentuak diru laguntzak bidali behar dituenik.
Nafarroan dauden 95 haur eskolen kudeaketaz, batez ere, enpresa pribatuak arduratzen dira, jabetza publikoa izan arren, gehienetan udalena. Ana Maeztu Berako haur eskolako hezitzailea da. “Kezkatuta” agertu da gobernuak iragarri dituen murrizketak direla eta. Dioenez, krisi ekonomikoaren eragina izugarri nabaritu dute. “Guraso askorentzat oso garestia da euren seme-alabak haur eskolara ekartzea”, azaldu du. Murrizketa gauzatzen bada, ziur agertu da haur eskolen prezioa garestitu egingo dela.
Maeztuk haur eskoletan sinesten du, bai profesional moduan baita guraso modura ere. Bi haurren ama da, eta biak izan dira hiru urtez haur eskolan, bat Beran eta bestea Arantzan. Seme-alabek jaso duten heziketarekin “oso pozik” dagoela aitortu du. Hala ere, laguntzetan %30eko murrizketa gauzatzen bada bere moduko hezitzaileen lanpostuak kolokan egon daitezkeela ohartarazi du.
Oraingoz, badirudi Nafarroako Hezkuntza Departamentuak haur eskolen finantzaketaren %70 soilik ziurtatu duela. Astelehenean, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariekin—gehienak UPN eta PSNkoak— bildu zen Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria. Helburua azken egunetan sortu den krisi egoera bideratzea izan da. Bilera horretan, itun bat adostu zuten Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek Iribasekin. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak udalei aurrekontuaren %70 ordainduko die, 0 eta 3 urte arteko zentroak finantzatzeko. Hori hala izan dadin, itun bat sinatu behar dute udalek eta Hezkuntza Departamentuak.
Behin akordioa gauzatuta, egun gutxiren buruan kobratuko dute aurreikusitako diru sailaren %70. Hala ere, horrek ez du esan nahi falta den gainontzeko %30ari uko egiten diotenik, hala ziurtatu du behintzat Iribasek. Baina ez du jakinarazi falta dena kobratuko duten ala ez. Maeztuk aitortu du, dena den, kezkatuta daudela, lagun askoren lanpostuak egon daitezkeelako kolokan.
Torregrosak, berriz, aitortu du ez dakiela irtenbidea non egon daitekeen. Hala ere, urte bat baino gehiagoko finantzaketa plana aldarrikatu du. Izan ere, haur eskolek izango duten diru laguntza urtetik urtera zehazteak sektoreari ezegonkortasuna ematen diola irizten dio. Orain, lantalde bat eratzekotan dira, haur hezkuntzaren alorreko gaiak aztertzeko. Iribasek jakinarazi duenez, asmoa lantalde hori hamabostean behin biltzea da.
Unai Lako Agoizko alkateak, bestalde, jakinarazi du agindutako finantzaketaren %70 ziurtatuta dagoen arren berandu datorrela. Izan ere, ikasturtea joan den abuztuan hasi zen, eta ordutik zentimorik ere ez diete ordaindu. Agoizko haur eskolaren kasuan, jabetza udalarena da, baina enpresa pribatu bat arduratzen da kudeaketaz. Lakoren iduriko, diru laguntzaren %30 murriztea “jaitsiera handia” da. Hain justu, jaitsiera hori salatzeko, joan den ostiralean ekitaldi sinboliko bat egin zuten Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Nafarroako EH Bilduko alkateek, haur eskoletako giltzak hartu, eta gobernuari entregatu zizkioten, egoera salatzeko ikur moduan. “Murrizketa kolpe gogorra da, eta kasu askotan hiltzeko kolpea ere izango da”, ohartarazi du Lakok.
Krisi ekonomikoa dela eta, udalen irabaziak gero eta txikiagoak dira. Lakok berak aitortu duenez, eraikuntzaren sektorea geldirik dagoenez gero eta gutxiago irabazten dute eraikinak egin edo berritzeagatik kobratzen dituzten zergengatik. “Gobernuak orain arte eman ez duen laguntza gu ari gara aurreratzen”, salatu du.
Oraingoz, finantzaketa jaitsiera berraztertzeko asmo tinkorik ez du aurkeztu Hezkuntza Departamentuak. Ikus beharko da udalen eskaerak kontuan hartu eta %100 ematen duen azkenean.