Edurne Elizondo
Anitzek uste zuten bide motza eginen zuela, baina bi hamarkada bete ditu, jada, Burlatako Axular aldizkariak. Izen bereko elkartearen ekimenez hasi ziren argitaratzen, 1997. urtean, eta, geroztik, ez du hutsik egin. Urtean lautan agertzen da herritarren postontzietan, doan. Burlatako euskaldunak batzeko sortu zuten, eta herriko berriak euskaraz zabaltzeko, haien artean.
“Hamar urte bete genituenean, herriko euskara teknikari Isidro Rekartek gogoratu zigun askok uste zutela ez genuela luze iraunen; eta hogei urte egin ditugu!”, nabarmendu du Patxi Telletxea aldizkariko koordinatzaileak. Burlatan, herritarren %27 dira euskaldun edo ia euskaldun, eta haientzat eta haiekin lan egiteko jarri zen martxan Axular.
“Aldizkari xumea da: lanean ari den inor ez da kazetaria; ez dugu soldatapean lan egiten”, azaldu du Telletxeak. Erantsi du herritarren laguntzarekin egiten duela aurrera, eta handia izan dela, hasieratik, burlatarrek proiektuari eman dioten babesa. Hainbat izen nabarmendu ditu Telletxeak, hain zuzen ere; tartean, Angel Erro idazlearena. “Beti izan da laguntzeko prest, eta zenbakiz zenbaki bidali dizkigu, orain arte, bere lanak”. Ricardo Gurbindo historialariak herriko istorioak gogora ekartzeko egiten dituen ekarpenak ere aipatu ditu Telletxeak, bai eta bertze hainbat laguntzailerenak ere, Amaia Alonsorenak eta Javier Mangadorenak, besteak beste. Herriko erakunde publikoek ere proiektuarekin bat egin dutela eta laguntzeko prest izan direla azaldu du Telletxeak.
2.000 ale
Urtean lau zenbaki kaleratzen ditu Axular aldizkariak. Zenbaki bakoitzeko 2.000 ale banatzen dituzte herritarren artean, postontzien bidez gehienak. Hainbat dendatan ere uzten dute, herritar guztien eskura. Telletxeak aipatu du, hain zuzen ere, herriko saltokiek jartzen duten publizitateari esker irauten duela Axular aldizkariak, eta Burlatako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza ere jasotzen dutela.
Telletxea hasieratik ari da aldizkariko koordinatzaile lanetan, baina aitortu du ardura bertze norbaiten esku utzi nahiko lukeela. Ez da erraza, ordea, bertze hori aurkitzea. “Gazteek ez dute nahi; beste hamaika saltsatan ari dira”. Bitartean, lanean jarraitzeko prest da Telletxea. “Lan polita egiten ari gara, eta segitu nahi dugu”. Bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Axular aldizkariak.