Edurne Elizondo
Arazoa hain larria bada, eta nik ez dut zalantzan jartzen hala denik, politikariek eta erakundeek zergatik ez dute gehiago egiten?”. Klima aldaketari buruzko mahai ingurua egin zuen Nafarroako Gobernuak joan den astean, eta galdera hori egin zuen entzule batek. Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Ingurumen Iraunkortasunaren Arloa Berritzeko eta Lantzeko Zerbitzuko buru Jokin del Vallek erantzun zion, eta aitortu zuen Nafarroa “mantso” doala.
Urrats bat egin nahi izan du orain gobernuak, eta Klima Aldaketaren Bide Orriaren zirriborroa aurkeztu du. Urrira bitarte izanen dute herritarrek eta eragileek proposamenak egiteko aukera. Bide orriak negutegi efektua eragiten duten gasen isuria murrizteko beharra nabarmendu du, batetik, eta klimaren aldaketaren ondorioei egokitzekoa, bertzetik. Ekinaldia txalotu du ingurumen ekonomialari Antxon Olabek; argi utzi du, halere, isurientzat mugarik ez dela, eta klimaren aldaketarena erronka globala dela.
Bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek, eta berretsi du planeta osoa hartzen duen auzia dela klimaren krisiarena, baina nabarmendu du horrek ez duela erran nahi Nafarroako Gobernuaren gisako erakunde batek ezin duela deus egin. Ez da kontent egungo gobernuak egindako bidearekin, eta esaldi batekin laburbildu du ingurumenaren esparruan egiten ari den lana: “Propaganda da”.
2015ean, bost milioi tona CO2 isuri ziren Nafarroan. “Hau da, zortzi tona inguru pertsona bakoitzeko; Europako batez bestekoa 8,75ekoa da, eta mundukoa, berriz, 5,5ekoa”, azaldu du Del Vallek. Industria (%29), garraioa (%22) eta lehen sektorea (%20) dira herrialdean negutegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dituzten jarduera nagusiak. Bide orriak hainbat helburu onartu ditu isuri horien inguruan: 2005eko datuak kontuan hartuta, 2020rako %35 murriztea, eta 2030erako %45, hain zuzen. 2005ean, Nafarroan 7,6 milioi tona CO2 isuri ziren.
Klima Aldaketaren Bide Orriak herrialdea errealitatera egokitzeko neurriak ere garatu nahi ditu. Herritarrak kontzientziatzeko beharra nabarmendu du Nafarroako Gobernuko kideak, bai eta ikertzekoa ere. Nafarroa klimaren krisiak eragindako errealitatera moldatzeko, gainera, eredu iraunkor baten alde egin du, “eredu sozioekonomiko berri” baten alde.
“Errotiko aldaketa”
Sustrai Erakuntza fundazioak horixe eskatzen duen manifestua kaleratu berri du, hain zuzen ere: garapen sozioekonomikorako eta ingurumenerako eredu berri bat. Nafarroako Gobernua ez dela horren alde urratsak egiten ari salatu du Lorentek. “Ingurumen kontuetan, gobernua ez da ari arazoen erroak lantzen; ez dugu aldaketa lasaia behar, benetakoa baizik, errotikoa”.
Klimaren aldaketari buruzko mahai ingurua egin zuten egun eta ia ordu berean, gobernuaren aurrean egin zuten agerraldia Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, Geroa Bairen abiadura handiko trenaren aldeko apustua salatzeko. Fundazioak ez du uste gisa horretako azpiegiturak babesten diren bitartean klimaren aldaketaren aurkako benetako konpromisoa har daitekeenik.
“Gobernuak, une honetan, badu aukera klima aldaketari aurre egiteko hainbat neurri martxan jartzeko, baina ez du egiten”, nabarmendu du Lorentek. AHTa jarri du mahai gainean, adibidez, eta proiektu hori bertan behera uzteko eta bertze garraio eredu bat garatzen hasteko eskatu dio gobernuari. Castejongo zentral termikoak ixten ahal dituela gogoratu dio, halaber. Goi tentsioko lineak bazter uzteko beharra aipatu du, gainera, eta erantsi du Nafarroako Energia Planak ez duela bat egiten klima aldaketaren aurka lan egiteko helburuarekin: “Planak ez du erdigunean jartzen kontsumoa murriztea, eta hori da oinarria; energia berriztagarrien aldeko apustua nabarmena bada ere, negozio gisa heltzen dio auzi horri”.
Klima aldaketa errealitate gordina da jada. Tenperaturaren igoerak eta prezipitazioetan gertatu diren aldaketek ematen dute horren berri. Espainiako Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkaria da Peio Oria, eta nabarmendu du 1990. urtetik gora egin duela urte beroen kopuruak herrialdean. Tenperaturak gora egin izana CO2 kopuru gero eta handiagoarekin lotu du Oriak, eta erantsi du urte beroek ekartzen dutela muturreko fenomeno gehiago gertatzea. Aurreikuspen guztiek diote tenperaturak gora egiten jarraituko duela. “Penintsulan, Mediterraneoko klima duen eremua zabaltzen hasi da mendebalderantz, eta, bide beretik jarraitzen badugu, Nafarroara ailegatzen ahal da”.
Aemet-eko kideek irudikatu duten etorkizunik latzenean, mende amaierarako 6-7 gradu eginen luke gora tenperaturak Nafarroan. Pirinioetako Klima Aldaketaren Behatokia ere lanean ari da, eta azken 60 urteotako tenperatura erregistroak batu ditu, bioeskualde horren errealitatea aztertzeko. “Hamarkadaz hamarkada, 0,2 gradu egin du gora tenperaturak Pirinioetan”, azaldu du behatokiko koordinatzaile Idoia Arauzok.
Bide orriarekin bat egin, eta isuriak murrizteko eta errealitate berrietara egokitzeko beharra nabarmendu du Ingurumen Zientzia eta Teknologian doktore Amaia Albizuak: “Basoen bidez CO2ari eutsi, erregai fosilak baztertu, eta dietan animalien kontsumoa murrizten ahal dugu”. Klimaren aldaketak nekazaritzan izan dezakeen eragina ere aztertu du Albizuak, Nafarroako ubidearen lehen fasea adibide hartuta.
Albizuak gogoratu du Itoizko urtegia eta ubidea justifikatzeko arrazoietako bat izan zela klimaren aldaketari aurre egiten lagunduko zutela. Ureztatzea berez ez dela txarra nabarmendu du zientzialariak, baina emaitzak ezberdinak izan daitezkeela nola edo norentzat egiten den kontuan hartuta, bertzeak bertze. “Ureztatzeak ekar dezake ur gehiago kontsumitzea, adibidez”. Klimaren aldaketaren eraginez, sasoiak aldatzen ari direla eta lurra bioaniztasuna galtzen ari dela ohartarazi du. Suteek ere gora eginen dutela erran du Albizuak.
Galtzeko denborarik ez da. 2015ean, Parisko Akordioan, mende amaierarako tenperaturak bi gradu baino gehiago gora ez egitea jarri zuten helburutzat. 1,1 egin du gora, jada. Antxon Olabe ingurumen ekonomialariak nabarmendu du klima aldaketa azkartzen ari dela, bai eta hari lotutako ondorioak ere. “Industriaren iraultzak eragindako isuriek ekarri dute egungo klimaren krisia; CO2 pilaketak milioiko 410 parteren muga gainditu du jada”. Olabek erantsi du, halere, “aldaketa teknologikoa” ere ari dela azkartzen. “Trantsizio energetikoa uste baino azkarrago ari da gertatzen; energia berriztagarrien kostuek nabarmen egin dute behera”. Klima aldaketaren mahai ingurua Pili Ioldi kazetariak zuzendu zuen, eta harena izan zen azken mezua: “Funtzionatzen ez duen sistema bat aldatzeko aukera dugu, orain, mahai gainean”.