Ezkabako espetxeko lanak legezkoak diren ikertuko du Nafarroako Batzordeak

“Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako armadaren gainetik, epaileak arrazoia eman digu”, esan du Ramon Contrerasek, Oroimenaren Autobusa plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak 2009an, Espainiako Defentsa Ministerioari baimena eman zion Ezkabako espetxean hainbat lan egiteko. Hori dela eta, Oroimenaren Autobusa plataformak auzitara jo zuen. Plataformak uste du, lan horiek lizentziarik gabe eta ondarearen babeserako legeak kontuan hartu gabe egin zirela. Auzia argitzeko, Oroimenaren Autobusak eskatu zion gobernuari lan horien baimenak berrikusteko. Baina gobernuak ez die erantzunik eman. Bost urteren buruan, administrazioarekiko auzitegiak esan du gobernuak baimen horiek Nafarroako Batzordearen esku utzi behar dituela. Batzordeak argitu beharko du lan horiek legezkoak ziren edo ez.

Joxe Abaurrea abokatuaren arabera, epaiak bi ondorio nagusi ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuak trabak jarri dituela Nafarroako Batzordeak Ezkabako lanak legezkoak diren edo ez adierazteko. Bestetik, epaileak epaiketaren kostuak ordaintzera zigortu du gobernua. Abaurrearen aburuz, horrek agerian uzten du gobernuaren ekinbidearen babes juridiko eza. Gobernuak helegitea aurkezteko eskubidea badu ere, Abaurreak uste du ez dagoela horretarako aukera handirik. “Gobernuak helegitea jartzen badu, denbora luzatzeko baino ez da”, esan du Abaurreak.

Ezkabako espetxea kultur intereseko ondarea da. Beraz, eraikin batek izan dezakeen babes mailarik handiena du. Plataformako kideen aburuz, gobernuak eta Espainiako armadak Ezkabako lanak egiteko interes berezia zuten. “Ezkabako gotorlekuak irudikatzen duena ezabatu nahi dute. Hau da, espetxe militarra izan zela”, salatu du Contrerasek.