“Haurrak zaintzeaz gain, hezi ere egiten ditugu”

Haur eskolako hezitzaile bokazioz dela azaldu du Kristina Goñi Baztango haur eskolako zuzendariak (Iruñea, 1968). Egun, hamar langilek lan egiten dute haur eskola horretan. Asteartean bildu ziren Garbiñe Elizegi Baztango alkatearekin. Udalak eman dien babesa eskertu du, aurrera jarraitzen laguntzen dielako. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak iragarri duen %30eko murrizketak haur eskolen etorkizuna “kolokan” jartzen duela ohartarazi du.

Azken urteetan krisi ekonomikoaren eragina nabari dela jakinarazi dute. Zuen kasuan, antzeman duzue?

Matrikulazio jaitsiera gogorra izan da. 78 haur ditugu haur eskolan, baina matrikulazioa duela bi urtetik aitzinera dezente jaitsi da. Haur eskola honetan, beti hainbertze jende gelditzen zen zerrendan esperoan. Beti izan ditugu zortzi unitate, baina iragan urtean zortzirekin gelditu ginen.

Sarritan nahasten dira haurtzaindegia eta haur eskola. Nola definitzen duzue Baztanen eskaintzen duzuen zerbitzua?

Guk tinko erraten dugu haur eskolak ez direla haurtzaindegiak. Egin dugun ibilbidea aitortzen digute. Egia da duela 25 urte hasieran haurtzaindegia zela gurea. Baina berehala bihurtu genuen haur eskola. Heziketa proiektua egiten hasi ginen, eta talde guztiak ikastaroetan parte hartu zuen. Azken finean, guk badugu gure heziketa proiektu propioa. Erran behar da batzuetan gogorra dela familiei hori azaltzea, ez dela haurtzaindegia azaltzea, alegia. Haurrak zaintzeaz gain, hezi ere egiten ditugu. Arras garrantzitsua da guk dugun proiektu pedagogikoa.

Behin baino gehiagotan egotzi zaio Nafarroako Gobernuari haur eskoletan duen sinesmen falta. Zein da zure iritzia?

Beraiek erraten dute ematen dietela garrantzia haur eskolei, baina gero, bertze aldetik, zalantzan jarriko nuke. Egia da Nafarroan hainbertze haur eskola egin dituztela. Baina nik zalantzan jarriko nuke beraiek zenbateraino sinesten duten gurea bezalako proiektuetan. Izan ere, benetan sinetsiko balute ez lukete egin nahi duten murrizketa egingo. Sarritan iduritzen zaigu gobernuarentzat bigarren plateraren modukoak garela. Baina argi utzi behar da 0-3 zikloan lan egiten dugun langile guztiek sekulako bokazioa daukagula.

Asteartean, Baztango Udaleko ordezkariekin bildu zineten. Nola joan zen bilera hori?

Alkatearekin eta bi zinegotzirekin bildu ginen haur eskolako talde pedagogikoa osatzen dugun kide guztiak. Horrez gain, guraso elkarteko bi ordezkarik ere parte hartu zuten bileran. Udalak azaldu zigun Nafarroako Gobernuak iragarri duen %30eko murrizketak haur eskolaren egoera izugarri zailtzen zuela. Afera arras zail ikusten du, arras larri. Egoera hau ia ikasturtea bukatzear delarik etorri da. Udalak aurrekontuak eginak ditu, eta diru sail guztiak banatu ditu. Beraz, ez dago inolako aukerarik haur eskolara dirua bidaltzeko. Hala ere, babes osoa adierazi digute, eta elkarlanean jarraitzeko asmo sendoa daukagu.

Egoera zail honen aurrean, zer neurri hartuko dituzue?

Oraindik ez ditugu zehaztu, baina argi utzi behar da borrokatuko garela. Egin nahi dituzten murrizketek ez dute inolako zentzurik. Krisi garaietan gizarte zerbitzu guztiak indartu behar dira.