Ingurune menditsua, elurte eta eurite ugarirekin. Horrelakoa da Nafarroako Pirinioetako ingurua. Bertan, Aezkoa, Erroibar, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan, geroz eta biztanle gutxiago daude, eta geroz eta zaharragoa da, gainera. Horregatik guztiagatik, behar-beharrezkoak dituzte zerbitzu medikoak, baina Nafarroako Gobernuaren erraztasun faltak ez die laguntzen. 2012an, Osasun Departamentuak murrizketak ezartzen zituen oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreforma aurkeztu zuen, baina medikuek arbuiatu egin zuten, eta 2013an parlamentuak bertan behera utzi zuen. Orain, planaren hirugarren erreforma aintzat hartu du gobernuak, eta maiatzaren 5ean jarriko du indarrean. Tokiko mediku eta erizainak, ordea, ez daude konforme: lan eskubideei kalte egingo diela diote, eta konpondu gabeko arazo bat erantzunik gabe uzten du: ez du jasotzen neurri zehatzik Pirinioetako biztanleen osasun eskubideak bermatzeko.
“Betiko polemika da hau. Iruñetik ordubetera edo gehiagora bizi gara, sakabanaketa geografikoak elkarren artean urrunduta gauzka eta erreferentziazko zentro medikoak oso urruti daude”. Jose Ignacio Ubau Aezkoa ibarreko medikuarenak dira hitzok. Marta Vera Osasun kontseilariak aurkeztutako egitasmoak errealitateari muzin egiten diola deritzo, eta lekuaren berezitasunak aintzat ez dituela hartzen. “Osasun langileen artean hautsak harrotuko ditu neurriak”, dio, tinko, eta horren lekuko da sindikatuen kritika. Erreformaren kontra azaldu dira osasun sindikatuen lan mahaiko ELA, LAB eta SMN. Hiruren artean, mahaiaren %55 ordezkatzen dute. Dena den, %45eko babesarekin egin du aurrera testuak; UGT, CCOO eta SATSE sindikatuek onartu dute neurria.
Batez ere, langileen kaltean
Erreformak ez ditu herritarren zerbitzuak asko aldatzen, batez ere profesionalen lan orduak eta ardurak moldatzen ditu. Nafarroako landa eremuan, oinarrizko arretako taldeak eta landa eremuetako larrialdi zerbitzuetako langileak daude. Egun, ordutegi eta betebehar jakin batzuk dauzkate: oinarrizko arretaz arduratzen diren medikuak 08:00etatik 15:00etara daude, eta ordu horretatik aurrera, larrialdietakoak. Erreforma martxan jarri ostean, oinarrizko arretan aritzen diren medikuek 15:20etik 20:00etara arteko txandak ere bete beharko dituzte, zenbait kasutan. Era berean, orain arteko atseden egunak gutxituko dizkiete. Larrialdiko taldeen kideen baldintzak ere moldatu dituzte: 20:00etan sartuko dira, 15:00etan sartu beharrean. Orotara, presentzia fisikoa eskatzen duten guardiek 34 orduko murrizketa izango dute. Sindikatuek diotenez, lau ordu eta 40 minutu luzatuko da, zenbait egoeratan, hainbat medikuren lan jarduna. “Arlo ekonomikoari begira pentsatutako plana da, aurrezteko asmoz egindakoa”, esan du Ubauk.
Haserre daude, beraz, osasun arloko langileak. Eta herritarrak ez daude kontent; baina erreforma hau behintzat ez da aurreko urteetako proposamenak bezain kaltegarria. Beste planek ez bezala, aurtengoak ez du zerbitzuen nolakotasuna eraldatuko. Batetik, ona da, ez baitu murrizketarik ezarri; bestetik, negatiboa ere bada, hobekuntzak ekar zitzakeen egitasmoak ez duelako fruiturik eman.
Nekane Muño Erroibarko hautetsia da, eta osasun eskubideak aldarrikatzen aritu da azken urteetan. “Ez-nahikotzat” jo du erreforma. “Aurreko urtean, urtebeteren ostean alternatiba bat eskainiko zuela esan zuen gobernuak, eta ez du eskaini. Oraingo planak ez ditu zerbitzuak hobetzen”. Itxi gabeko gatazka dagoela iruditzen zaio: “Gaiak mahai gainean egon beharko luke oraindik”.
Udalak batuta, legea egiteko
2013ko martxoan, parlamentuko oposizioko alderdiek 2012ko erreforma lurperatu ostean, urtebeteko epea eman zioten gobernuari aurtengo urtarrilaren 24an ezagutarazi duen dokumentua idazteko. Txostena erredaktatzeko, Pirinioetako ingurunearen azterketa egin behar zuten agintariek. Herritarrek, baina, mesfidati hartu zuten ikerketa, eta aurreikusi zuten erreformak jaramonik ez ziela egingo beharrei.
Hori dela eta, paraleloki hasi ziren ingurunearen gabeziak aztertzen eta zerrendatzen, gobernuaren irakurketa hobetzeko asmoz. Muño izan zen horretan aritu zenetako bat. Hala, beste hainbat hautetsirekin eta osasun munduko langileekin elkarlanean, idazki bat egin zuen. Bertan, osasunari zegozkion ziurtatu beharreko puntuak paratu zituzten. Besteak beste, honako hobekuntza hauek nahi zituzten: larrialdiak hogei minutuan artatzeko baliabideak; artatutakoak Iruñean dagoen Nafarroako Ospitale Gunera ordubetean baino gutxiagoan eramatea; ospitaleetatik urruti dauden guneei lehentasuna ematea; mendialdeko orografiara egokitutako garraioak bermatzea; ekipo zehatzak eta medikatze dosi egokiak izatea; espezialitateak, adibidez, ginekologia, psikiatria… euren eremura hurbiltzea; eta medikuarenera joateko garraio publikoa eskaintzea. Beste hainbat eskakizunen artean, horiek ziren nabarmenenak.
Lehentasunezko eta larrialdiko planean eskatutakoa akaso ez zutela sartuko jakinda, beste lege bide batzuk bilatzeari ekin zioten, erreforman kontuan edukitzen ez bazituzten ere, parlamentuak nolabait aldarrikapenak aditzeko. Horrela, Nafarroan sekula erabili gabeko lege formula bat baliatzea otu zitzaien: herri ekinaldi legegilea. Horren bitartez, merindade batek lege proposamen bat aurkez dezake parlamentuan, betiere merindadea osatzen duten udalen herenek babesten badute, eta heren horrek biztanleriaren %50 ordezkatzen badu. Lortu egin zuten babesa. Zangozako merindadeko parte dira Pirinioetako herriak; merindadean dauden 64 udaletatik 56k babestu zuten. Alegia, udalen %87,7k; udal horiek herritarren %87,34 ordezkatzen zituzten.
Ondorioz, lege egitasmoa parlamenturaino heldu zen iazko abenduan. Bertan, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak tramitera onartzeko bozkatu zuten; UPN eta PPN, aldiz, aurka azaldu ziren; eta PSN abstenitu egin zen. Asmoa, beraz, hutsean geratu zen. Muñok salatu du parlamentuak ez zuela “aditu ere egin”. Haren irudiko, “entzungor” egin zioten “herritarren hitzari”. Iritzi berekoa da Ubau: “Ez zioten behar adina kasu egin; parlamentari batzuek ganberatik alde egin zuten proposamena aurkezten ari ginen bitartean, eta beste batzuek ez zuten arretarik jartzen… momentu batean urtebeteko lana zapuztu zuten”.
Parlamentuaren ezetza
Kopeta beltz eta buru makur bueltatu ziren etxera. Izan ere, lege egitasmoak ez zuen aurrera egin, eta orain, gainera, ikusi dute Nafarroako Gobernuak aurkeztutako erreformak ere ez duela Pirinioetarako hobekuntzarik jasotzen. Muñok hala laburbildu du auzia: “Hemen ez dute ezer aldatu erreformarekin; langileen eskubideak eta baldintzak okertu dituzte, baina, herritarrei dagokienez, denak berdin-berdin jarraitzen du”.
Esperantza ez dute galdu, ordea. Horren adibide da Muño: “Berriro landuko dugu gaia. Espero dugu talde politiko batzuek parlamentuan gogoraraztea”. Ildo berberari eutsi dio Ubauk. Trabak traba, eta agintarien jarrerarekiko kritikoa bada ere, kontent dago medikuen lanarekin: “Arreta ona eskaintzen zaie herritarrei, medikuen esfortzu eta arretari esker”. Dena den, argi dauka asko dagoela aldatzeko: “Zerbitzua hobetzeko forma bilatu behar da”. Herritarrek markatutako osasun gabeziak gobernuak konpondu behar dituela deritzo.