Pobreziaren mendekotasuna

Lana. Hori da egoera ekonomiko eta sozial larria dutenek egoera iraultzeko behar dutena. Lana izateak pobreziari izkin egiteko aukera ematen du. Lanik ezean, pobreziak mendean hartzen du norbanakoa. Iaz, ia 9.500 familiak jaso zuten gizarteratze errenta. Helburua bazterkeria eta txirotasuna sufritzeko arrisku “larrian” dauden lagun zein familiei laguntzea da. Dena den, gizarteratze errentak iraungitze data du. Izan ere, gehienez, 30 hilabetez jaso daiteke laguntza hori. Horren ostean, gutxienez urtebetean ez dago laguntza hori jasotzeko inolako aukerarik.

Joan den astean, agerraldia egin zuen Nafarroako Parlamentuan Gizarte Zerbitzuetako langileen ordezkaritza batek. Marisol De la Nava Iruñeko gizarte langileak argi esan zuen agerraldian: “Familia ugari erabateko miseria gorrian bizi dira”. 2008an hasitako krisi ekonomikoaren eraginak egun gero eta nabariagoak direla ohartarazi du.

Nafarroako Estatistika Institutuak egiten duen bizi-baldintzen inguruko inkestaren bitartez zehazten da txirotasun maila. Etxe batean urtean dauden batez besteko diru sarrerak hartzen dira kontuan. Hala, txirotzat jotzen dira urtean 7.040 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten norbanakoak eta 14.784 eurokoak dituzten familiak —gutxienez bi heldu eta bi adingabe—.

Castejonen, gizarte langile gisa lanean aritzen da Patricia Lorente; hark jakinarazi duenez, gizarte zerbitzuetara laguntza eske joaten diren lagunen errealitatea “gordina bezain gogorra da”. Gogoratu du lan eskasiak askori etsipena eta tristura eragiten diela. Gainera, argi du lana dela gizarte arloan dauden arazo gehienen irtenbidea.

2012ko urtarrilean, UPNk eta PSNk oraindik koalizio gobernua osatzen zutenean onartu zuten Gizarteratze Errentaren Legea. Ondorioz, oinarrizko errenta deiturikoa bertan behera gelditu zen. Hainbat eragile politikok gogor kritikatu zuten lege aldaketa hori. Bikendi Barea Bilduko parlamentariak argi utzi zuen: “Proiektu murriztailea da zuena, herritar guztien eskubideak ez dituelako errespetatzen”.

Izan ere, legedi berriaren bidez gizarteratze errenta kobratu ahal izateko araudia zorroztu egin zen. Esaterako, lehen, oinarrizko errenta jasotzeko nahikoa zen eskaera egiten zen unean gutxienez hamabi hilabetez Nafarroako herriren batean erroldatua egotea. Gizarteratze errenta kobratzeko, berriz, 24 hilabetez erroldatua egotea ezinbestekoa da. Horrez gain, adinari dagokionez, errenta berria jasotzeko mugak ezarri zituzten; errenta jasotzeko eskubidea soilik 25 eta 65 urte artean dituzten norbanako edo familiek jaso dezakete.

Legedi berriak kritika ugari jaso zituen. Oinarrizko Errenta Denontzat plataformak, esaterako, salatu zuen legedi berriaren eraginez Nafarroako mila familia baino gehiago laguntzarik jasotzeko eskubiderik gabe gelditu zirela.

Ia bi urteko borrokaren ostean, joan den azaroan, Gizarteratze Errentaren Legea apur bat eraldatu zuten. Hasiera batean errenta berria 24 hilabetez kobra zitekeela ebatzi zuten arren, epe hori 30 hilabetera luzatzea adostu zuten PSNk eta UPNk —ordurako koalizio gobernua apurtuta zegoen—. Baina horrek aldaketarik apenas eragin duela ohartarazi du Lorentek. “30 hilabeteren ondoren bere egoera bideratzea lortu ez duen pertsona batek errenta jasotzeari uzten dionean, zer egin behar du?”, galdetu du. Halaber, gaineratu du 12 urte baino txikiagoak diren haurrak dituzten familiek ere behin epea beteta ezin dutela gizarteratze errentarik kobratu.

Horrez gain, legez kanpoko etorkinek ez dute inolako aukerarik bazterkeria eragoztea xede duen laguntza jasotzeko. Are gehiago, administrazio publikoan jatorria duen laguntzarik jasotzeko inolako aukerarik gabe daudela ohartarazi du Lorentek. Izan ere, Nafarroan “legezko” etorkina izatea da gizarteratze errenta jasotzeko aukera bakarra.

Ia 25 urte dira Lorente gizarte langile gisa lanean ari dela. Dioenez, denbora horretan guztian gizarte zerbitzuetara joaten diren lagunen profila “izugarri” aldatu da. “2002. urte inguruan immigrazioak eztanda egin zuen. Orduan gurera laguntza eske etortzen ziren gehienak etorkinak ziren”. Garai hartan, etorkinentzat espreski pentsatutako harrera programak jarri zituen abian Nafarroako Gobernuak. Baina, Lorenteren aburuz, krisi ekonomikoaren eraginez gizarte zerbitzuetara laguntza bila joaten direnen profila asko aldatu da. “2002. urte inguruan hona lanera etorritako etorkinez gain, gizarte zerbitzuetara etortzen diren lagun asko bertakoak dira, Nafarroakoak”.

Lorente joan den astean parlamentuko agerraldian izan zen De la Nava eta beste gizarte langile batzuekin batera. “Legea oso murriztailea dela salatu nahi izan genuen; pertsona asko laguntzarik jasotzeko inolako aukerarik ez dutelako”, salatu du. Sarritan gizarteak halako errealitate “gordinei” bizkarra ematen diela gaineratu du. Dena den, azken urteetan, krisi ekonomikoaren harira, elkarte eta gizarte eragile andana sortu edo indartu direla ohartarazi du. Lorentek irizten dio administrazio publikoa iristen ez den tokietara iristen direla taldeok. Hala, Gurutze Gorriaren, Caritasen eta Elikagaien Bankuen lana goraipatu du.

Gizarte langile baten egunerokoa ez dela batere erraza aitortu du Lorentek, eta ohartarazi ia mende laurdeneko esperientzia duen arren muturreko egoeran daudenen errealitatea gertutik bizitzen ez dela “inoiz ohitzen”. Izan ere, argi utzi du gizarte zerbitzuetara jotzen dutenek beste aukera guztiak agortu ostean jotzen dutela laguntza eske.

“Pertsona bat lanik gabe gelditzen denean, arazoak sortzen dira, baina ingurukoei laguntza eskatuta moldatzen saiatzen dira. Lagun zein senideen laguntza nahikoa ez denean etortzen dira gurera”, azaldu du. Sarritan laneko arazoak etxera eramaten dituela aitortu du Lorentek. Esaterako, parlamentuko agerraldian askotan artatzen duen emakume bat burutik kendu ezinik zegoen. Hurrengo egunean beteko zen gizarteratze errenta 30 hilabetez jasotzeko epea. “Banekien bulegora etorriko zela eta ezingo niola inola ere lagundu”, adierazi du Lorentek.

Alliren adierazpenak

Gizarte langileen agerraldiaren biharamunean, Iñigo Allik, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken kontseilariak, honako adierazpen polemiko hauek egin zituen: “Gizarteratze errentan egiten diren iruzurren kontra neurri zehatzak hartuko ditugu”. Hala, adierazpen horiek gogor kritikatu ditu Ana Fernandez Oinarrizko Errenta Denontzat plataformako kideak: “Txiroak, bazterkeria sufritzen dutenak kriminalizatzeko saio garbia izan da”.

Gainera, datuak jarri ditu mahai gainean Oinarrizko Errenta Denontzat plataformako kideak. Gogorarazi du Allik mintzagai izan zuen iruzurra %0,71koa izan zela 2013. urtean. Izan ere, iaz 9.472 familiak —guztira, 22.278 pertsonak— jaso zuten errenta, eta 37,5 milioi euro baliatu zituen gobernuak. Beste 1,7 milioi erabili ziren 1.600 familiarentzako ezohiko laguntzetan. Baina kasu horietatik guztietatik 68 pertsonari kendu zieten errenta. Ana Fernandezek argi du: “Benetako iruzurrak dira ikertu behar direnak”. Gainera, zalantzan jarri du Allik aipatutako iruzurrak zein neurritan diren iruzur.