Pistola buru gainean

Akaso, irakurle, zuri ere gertatu izan zaizu inoiz. Ez dakit zer dioten estatistikek, ez dakit ohiko gauza den ala ez, baina beharbada zu bazara pistola baten kanoia burutik zentimetro gutxira izan dutenetako bat. Ni banaiz.

Nire bizitzaren erdian-edo gertatu zitzaidan. Nire semeen ama denarekin nengoen, Takoneran, ahateen zuloaren ondoko baranda ezkutu batean, gauaren babesarekin jolasean. Badakizu.

Halako batean, auto bat pasatu zen, mantso-mantso, ondoko bide batetik. Autoko kopilotuak potentzia handiko argi zuri bat zerabilen eta guregana zuzendu zuen printza. Segundo eskaseko kontua izan zen. Ez omen ginen haien interesekoak. Hortaz, guk geureari ekin genion berriz.

Geurearekin bukatu genuelarik, etxerantz abiatu ginen, Larraina eta irristaketa pistaren artean dagoen bidetik. Bide erdian, kontrako noranzkoan ziztu bizian zetorren auto batek sekulako balaztada eman zuen, zarata handia egiten duten horietakoa. Autotik bi gizon atera ziren arrapaladan, guregana.

Gertaeraren bortitzak pentsatzeko aukerarik eman ez eta, beldurraren beldurrez, lasterka atera ginen. Tira, ni atera nintzen lasterka. Izan ere, neska-laguna aurrerantz bulkatu nahi izan nuen, abiada handia har zezan… Baina, benetan, lurrera bota nuen zuzen-zuzenean; geroago hainbatetan leporatu izan didanez. Beraz, horretaz ohartuta, atzera itzuli nintzen.

Poliziak zirela erran gabe, lurrean belauniko jartzeko erran ziguten bi gizonek, eta poltsikoetan geneukana ateratzeko. Hori egin bitartean, gizon haietako batek pistola buru gainean jarri zidan. Pistolatzarra. Hain gertu izanik pistola horren tamaina erabat desproportzionatua iruditu baitzitzaidan.

Poltsikoetatik atera genuena haien intereseko izan ez eta deus erran gabe alde egin zuten. Ikaratuta gelditu ginen, eta ergel aurpegiarekin, baina, nik dakidala, ez genion aparteko garrantzirik eman.

Pistolarenaz landara, eta ezein borrokaren abangoardian ibili gabe, izan ditut bizitzan Poliziarekin bertze hainbat topaketa (pilotakada bat; hainbat ostia, irain, mespretxu eta ziri; kontrolak…). Eta iruditzen zait guztiak normaltasun baten barnean sartu izan ditudala, garrantzi handirik eman gabe.

Intsumisio garaian, bertze inon baino gazte gehiago kartzelatu zituzten Nafarroan; eta ez ezazu erran horretaz inoiz harrotu ez zarenik. Oraindik ere, greba edo mobilizazio orokor bat dagoen bakoitzean, bertze inon baino gazte gehiago atxilotzen dituzte Nafarroan; eta ez ezazu erran halako datuez inoiz harrotu ez zarenik.

2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko irailaren 30era, Espainia deitzen duten horretan (Madril, Gaztela eta Leon eta Extremadura kenduta) 184.000 euro kobratu zituen Espainiako Gobernuak manifestazioak direla-eta jarritako isunengatik. Nafarroan 49.508 euro kobratu zituzten; hau da, guztiaren %26,9, nahiz eta Nafarroako populazioa lur zati horren %1,7 baino ez den.

Nafarroan ez gara bertze inon baino bortitzagoak edo basatiagoak. Kendu hori burutik. Nafarroan bertze inon baino errepresio handiagoa jasan izan dugu. Neurriz kanpokoa, desproportzionatua, niri (eta akaso zuri) buru gainean jarri zidaten pistolaren modukoa.