Begiak ireki ditut, betazalak erdi itsatsita dauzkat, eta zintzurra lehor, bestondoaren eraginez ziurrenik. Izan ere, Txantreako jaietan egon nintzen atzo. Erdi zonbi, telefonoa hartu dut, gailu elektroniko horren laguntzarik gabe zein ordutan bizi garen asmatu ezinean nagoelako. Hiru dei galdu ditut, eta bi mezu. Larritu egin naiz, zer edo zer txarra datorren susmoz. “Eraso sexistak izan dira”. SMS labur eta mingarri bat; amorrua sartu zait erraietaraino.
Lagunei deitu diet, eta gauzak prestatzen hiru ordu daramatzatela esan didate. Gosaldu gabe, korrika jaitsi naiz kalerantz, eta bidean munduarekiko gorrotoa baino ez zait handitu. Mundu heteropatriarkal bat, non maskulinitate eta feminitate eredu zurrunek urkatzen gaituzten pixkanaka-pixkanaka; errealitate binomial bat, non genero rolek hezurmamitzen dituzten giza-harremanak.
Heldu naiz talde feministako kideen arteko babesera, iritsi naiz herri mugimenduko lagunek betetako gelara. Eta ikusi dut nork beretik eta denak batera erritmo frenetikoan erantzuna prestatzen ari direla: pankarta falta da, eta hor abiatu da norbait autoa hartuta auskalo nora, ziztu-bizian; kartelik ez dago, eta ordenagailuan juxtu-juxtu moldatzen garenok saiatu gara ganorazko eskuizkribu bat osatzen. Gainerakoak, kalean, informatzen, elkarretaratzeak prestatzen, dena ahalik eta txukunen atera dadin saiatzen.
Lanaren ostean, arratsaldeko manifestazioan 5.000 pertsona batu dira gertatutakok arbuiatzeko. Eta, halakoetan, dena galdua ez dugun sentsazioa sartzen zait. Esperantzari irekitako zirrikitu bat edo. Pasa dira lau jaiegun, eta egunero-egunero geratu da herri egitaraua. Arratsaldeko zazpietan, puntual-puntual kontzentrazioen bidez, plazak eta kaleak gure egin ditugu.
Zoritxarrez, dena ez da horren baikorra izan, hain arrosa koloreko. Izan ere, behin baino gehiagotan galdetu dute ingurukoek: “Baina zeintzuk dira erasotakoak? Ezagutzen genituen?”. Eta halakoetan nazka aurpegiz baino ezin dut erantzun. Galdera bueltan: “Zer kristo inporta zaigu guri ba?”.
Bestela, badaude beste batzuk nola izan den jakin nahi dutenak, eraso sexisten anekdota morbosoenen jakitun egin nahi duten horiek.
“Salaketarik ba al dago?”, galdetu du beste hainbatek. Soilik izan al da eraso sexista bat, baldin eta poliziaren aurrean salatzen badute? Hainbeste kritikatzen ditugun indar polizialei eman behar diegu orain zer den eraso eta zer ez den erabakitzeko ahalmena?
Galderak eta morboa, eta mugimendu feministarekiko zalantza erasoak salatu dituenean. “Eta ez badira erasoak izan?”, galdetu diote euren buruari askok. Herri mugimenduak plazaratzen badu auskalo zeren kartelak jartzeagatik atxilotu bat egon dela, orduan ere ezbaian jarriko litzateke? Edo akaso soilik feministen hitza da dudatan ipintzen dena?
Balantzea gazi-gozoa da. Erantzuna harrigarria izan da, eta elkartasuna, neurrikoa. Maizegi ahanzten zaigu, ordea, biolentzia matxista estrukturala dela; egin beharreko galderak ez direla nork, noiz eta nola. Baizik eta, geure buruari begira hasi behar dugula, heteropatriarkatua deseraikitzeko bide honetan daukagun ardura gure gain hartuz.