Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia emateko prozedura martxan jarri duela, azken urteetako jarrera diskriminatzailea izan dela aitortu ostean. Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak AHTko lanak bertan behera uzteko agindua eman berri du, Iruñean hasi eta Kastejonen amaitzen den 80 kilometro eskaseko korridoreak zentzurik ez dutela diotenen argudioak errepikatuz. Enrique Maiak kargutik kendu du Simon Santamaria udaltzainburua, eta informazio brigadaren paperak desklasifikatzeko agindua eman du, hiritarrek azken hamasei urteetan euren azaletan bizitako jazarpen eta espioitzak kontsultatu ahal izan ditzaten. Roberto Jimenezek Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu berri du, bizkarrez eta oharkabean, Nafarroako jendartearen gehiengoaren borondatea hori dela “konstatatu ostean” eta martxoan hartutako erabakiarekin okertu egin zela ametituz. Gallardonek izozkailuan gorde du abortuaren legea berritzeko (zaharkitzeko) proposamena, hemezortzi urteko alabak pasa den larunbat gauean antisorgailu pitzatuekin bizitakoak gorabehera. Gary Wilsonek, Eskoziako Elkarrekin hobeki unionisten kanpainako koordinatzailea kargua utzi eta independentziaren alde lerrokatu da, “argudio guztiak entzun ostean”.
Aurreko baieztapenetatik bakarra da egiazkoa; azkena. Eta ez da kasualitatea gure mugetatik urrun gertatu den bakarra izatea. Zailagoa da hemen halakoak jazotzea. Autokritikarik ezaren erresuman bizi gara, atzera begira, eta gaizki egindakoa konpontzea zer den ez dakiten agintarien lurraldean. Dimisioak, ematekotan, Twitterreko despisteren batean esandakoagatik ematen dira. Esandako hori bera esan ez baina praktikan egiteagatik, ordea, inork ez du dimisiorik ematen. Irudiak inporta du. Agintariak egiten duenaren gainean ematen duen irudia, alegia, eta ez egiten duena bera.
Wilsonenak, jarrerak egokitzeko eta aldatzeko gaitasunetik harago, beste irakaspenik ere badakarkigu bestelako Nafarroa bat nahi dugunontzat. Bai, behintzat, Sanzen gaztatxoaren heren horretatik harago hazi nahi dugunontzat. Abertzaletasuna ez da unionismoari aurre egiten dion bloke zurrun eta identitario hutsa, beti homogeneoa. Abertzalea jaio daiteke, baina egin egiten da batez ere. Eta argudioak behar dira horretarako. Ez da erraza, baina ez zen askoz errazago izanen eskoziarrak Londresera batuta segi zitezen konbentzitzeko ardura zuena Eskoziaren independentziarako konbentitzea. Wilson ohartu da, nonbait, unionistekin, hots, ordezkatzen zituenekin ez duela “ezer komunik”. Nafar langileak, langabeak, ikasleak, emakumeak eta gazte prekarizatuak UPNk babesten duen erregimen eta pribilegioekin “ezer komunik” ez dutela ohartaraztea falta zaigu orain.