Ezkabako gotorlekuko presoek Europako ihesaldirik handiena egin zuten 1938. urteko maiatzaren 22an. Egun hartan, espetxean zeuden 2.500 presoetatik 795ek ihes egin zuten. Horietatik hiruk baino ez zuten askatasuna lortu, ordea. Gainontzekoak berriro espetxeratu edo hil egin zituzten. Gertaera hori gogoratzeko, ehunka pertsonak omenaldia egin zieten Ezkabako espetxetik igarotako presoei.
Omenaldian, urtez urte egindako omenaldien harira, CNT sindikatuko kideek salatu zuten Espainiako armadak 2008. eta 2009. urteen artean hainbat horma eraitsi eta suntsitu zituela. “Horma batzuk botata, espetxe itxura ezabatzen saiatu dira”.