Mundiala ez den ‘mundiala’

Nahigabea, atsekabea, tristura, hiramendua. Ez dago hitzik momentu honetan sentitzen dudana adierazteko. Futbolzale asko datorren ekainaren 12a iristeko irrikaz egonen dira jada; bufandak, danborrak, kamisetak, banderak eta abar hartu eta bakoitzaren selekzioa animatzeko gutiziaz beterik. Seguruenik baten batek duela lau urteko bubuzelari ere hautsa kendu izanen dio, zarata ateratzeko xedez. Kamerun, Korea, Ghana, Honduras… guztira 32 selekzio, eta mundu oso bat hogeita bi gizonek egiten dutenari arretaz begira, ia begiak kliskatu ere egin gabe, hipnosi egoera itsuan.

Izua, ikara, beldurra, zukurutza. Aurten, Brasil izango da munduko txapelketa erraldoienari lekua utziko diona. Utzi diot, zer edo zer esateagatik, futbolak ia konkistatu egin baitu herrialde osoa. Guztion ahotan dabilen mundialak zer dauka mundialetik? Galdera horren erantzuna brasildar batek ematea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez dut inor ezagutzen. Bueno, bai, Neymar, Ronaldinho, Alves, Kaka, Marcelo eta Pele ezagunak ditut, baina ez dut uste egokienak direnik txapelketaren atzealdean gertatzen ari dena kontatzeko; benetako Brasil ordezkatzeko.

Nazka, higuina, gohaindura, narda. Izugarria da Hego Ameriketako estaturik populatuena pairatzen ari dena. Polita izan daiteke 90 minutuz zelai zoragarri bateko giroa sentitzea, baina zein preziotan? Brasilek dagoeneko 2.500 milioi euro inbertitu ditu hilabete eskas batez erabiliko dituzten instalazioetan. Ni bezain ezjakinak zaretenontzat, jakizue gastu horrekin munduko azken bi txapelketek elkartuta inbertitutakoa gainditzen dela.

Amorrua, errabia, ernegazioa, sumina. Zer ari da gertatzen estatuko egiazko ordezkariekin? Barrua sutzeko modukoa da hango egoera: garraio publikoa igo da; lan baldintzak jaitsi dira; proiektu sozialak alde batera utzi dira; etxebizitzak indarrez hustu dira; adingabeak sexua eskaintzera behartu dituzte… Laburbilduz, badirudi futbolaren ikuskizun erraldoia prestatzea baino, herrialde osoan zehar pobrezia sustatzea izan dela Gobernuaren helburua. Ez dira gutxi izan brasildarren erantzunak, ordea. Adorez bildu, eta kalera irteten ari baitira ia egunero, euren eskubideak aldarrikatuz.

Gorrotoa, aiherra, kolera, haserrea. Aurreko guztia gutxi balitz, askok bizia ere galdu dute hil osoan dena “perfektua” izan dadin. Esplotatutako zortzi bat langileren heriotzaz gain, Mikkel Jensen kazetari daniarraren adierazpenak aintzat hartzekoak dira. Hotzikara zorrotz eta samin batek gorputz osoa zeharkatzen dit haren hitz garratzak irakurtzen ditudan bakoitzean. Izan ere, Gobernua kalean errotiko garbiketa egiten ari da, turistei itxura “ona” ematearren. Kale horietan ume andana bizi ziren, baina bat-batean desagertu egin dira; seguruenik heriotza izanik haien patua. Zaborra balira bezala baztertu dituzte, herritarrengan mina, mespretxua eta arrangura sortuz.

Hitzak sobran daude, beraz; ekintzak behar dira. Ez dizuet Munduko Kopari boikot egiteko eskatuko, baina bai une batez hausnarketa egiteko. Marxen hitzak eraldatuz, futbola herriaren opioa bilakatu da, eta menpekotasun hori desagerrarazi behar dugu. Gozatu kirolaz, baina begiak irekita!