Langabeziari aurre egiteko asmo garbia du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzan eta Osasunbidean behin behineko langileak kontratatzeko erabiltzen duen sistema bera ezarriko du administrazio publikoko gainontzeko eremuetan ere. Lanaldi osoa duen pertsona batek baimena eskatuz gero, ez du pertsona bakar batek ordezkatuko, lanaldi erdia izango duten behin behineko bi langilek baizik. Erabaki hori gogor kritikatu dute oposizioko alderdi gehienek zein hainbat sindikatuk. Langile publikoen lan baldintzak prekarizatzeko asmoa egotzi diote. Horri aurre egiteko, pasa den ostiralean, Ezkerrak abiatutako lege proposamena onartu zuten parlamentuan lan banaketaren dekretua bertan behera uzteko.
Gobernuak miseria banatzen saiatu nahi duela salatu du Isabel Artieda LAB sindikatuko kideak. Azken urtetan, langile publikoen kopuruaren beherakada “izugarria” izan dela ohartarazi du. “Azken urteetan oposaketak egin ez direnez, administrazio publiko langileak ia 2.000 gutxiago dira, gobernuak ez duelako oposaketarik egiten”. Gainera, pasa den asteazkenean Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak egindako iragarpena langileei ez diela mesede egiten salatu du: “Minilanak ezarrita langabezia murriztu egingo dela diote, baina hori neurri populista da”.
Ivan Gimenez ELA sindikatuko kideak administrazioko langileen lan dekretua abian jartzeko ekinbidearen jatorria iragan urtean dagoela jakinarazi du. Gimenezek dioenez, abenduan gobernuak langile publikoen baimenen proposamena aurkeztu zuen Administrazioko Langileen Sektore Mahaian. Morras buru den departamentuak lan kontratu finkoa duten funtzionarioei hiru eta sei hilabete arteko baimena ematea adostu zuen langabezia tasa %10 baino baxuagoa izan artean. Lehen hiruhileko BAI Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, egun Nafarroan langabezia %17,12koa da.
“Guk hasieratik esan genion ezetz proposamen horri, ez baimen horren aurka gaudelako baizik eta bagenekielako horrek ondorio bat izango zuela”. Gobernuaren proposamena ELA eta LABek babestu ez zuten arren, UGT, CCOO eta AFAPNA sindikatuek baimenen alde egin zuten. Gimenezek “Egia da baimen gehiagok ez duela langilea kaltetzen baina bagenekien horrekin batera minilanak ezarri nahiko zituela gobernuak”, gaineratu du.
Cecilio Aperte CCOO sindikatuko kidea da. Dioenez, baimenak eta langileak lanaldi erdiz kontratatzeko aukera harremanik ez duten bi afera dira. “Abenduan gobernuaren proposamenarekin bat egin genuen, azken finean, administrazioko langileek hiru eta sei hilabeteko baimena eskuratzeko aukera izatea eskubideen arloan aurrerapausoa delako”, azaldu du Apertek. Auzi honetan ELAk izan duen jarrera gogor salatu du “langileen eskubideen aurka egin duelako”.
Pasa den astean, Nafarroako Parlamentuak Morrasek aurkeztutako dekretua bertan behera uzteko legea onartu zuen. Ezkerrarena izan zen ekinbidea eta helburua administrazio publikoko behin behineko langileen lanaldi erdiko kontratazioa geldiaraztea zen. PSN, Bildu, Aralar, Ezkerra eta Geroa Baik egin zuten bat proposamenarekin; UPN eta PPNk, aldiz, aurka botatu zuten. “Lana eskasa den garaian administrazioaren gehiegikeria hau gelditzea izan da gure asmoa”, onartu du Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak. Lege berriaren bidez, Nafarroako Gobernuaren dekretua bertan behera geldituko da egun gutxiren buruan. “Historian iraupen laburrena izan duen dekretua izango da lanaren banaketarena”, onartu du De Simonek irri artean.
Aurreikusitakoa betez gero, bihar bertan sartuko da indarrean langile publikoen kontratazioari buruzko dekretua eta astebeteren buruan dekretu hori baliogabetzeko legea. Egoera horren jakitun, Javier Morras kontseilariak onartu du lege berriak langile publikoen baimen berriak “kolokan” jartzen dituela.
Den den, Nafarroako Gobernuak ez duela lanpostuak “benetan” sustatzeko proiekturik salatu du Ivan Gimenezek. “Langabezian dagoenak ez du inoiz aukeratzerik izaten, lana edo ezereza direlako izaten dituen bi irtenbideak”. Horregatik lana sustatzeko bestelako planak behar direla aldarrikatu du. Ildo beretik mintzatu da Victor Rubio Bilduko parlamentaria ere: “Lana banatzeko neurriak direla dio gobernuak baina hori gezurra da, miseria banatzen ari dira langabeziaren estatistikak aldatzeko”.
Legedi berriaren neurriak
“Lege berri bat martxan jarri beste aukerarik ez dugu izan, Gobernuak dekretuz langile publikoen lan balditzen prekarizatzeko asmoa zuelako” aitortu du De Simonek. Hala, lege berriaren alde egin zuten alderdi politikoek onartutako neurrien artean lau dira azpimarragarrienak. Alde batetik, ordezkoak hala eskatzen dutenean bakarrik kontratatu ahal izango langileak lanaldi erdiz. Bestetik, Osasunbidean lan egiten duten behin behineko langileek baldintza ezberdinak izango dituzte. Izan ere, osasun zerbitzuetan lanaldi osoz, erdiz zein etengabeko arretan egin ahal izango dute lan. Hezkuntzari dagokionean, lanaldi erdiz kontratatu ahal izango dira langileak baldin eta ikastetxeetako langile finkoek eguneroko beharrei erantzuteko zailtasunak badituzte. Azkenik, lanaldi murriztua duten langile finkoen ordezkoek ere lanaldi murriztua izango dute.
Oraingoz, badirudi Nafarroako Gobernuak lana banatzeko egindako lehenengo saiakera bertan behera uztea lortu duela Nafarroako Parlamentuko alderdien gehiengoak. Hala ere, egoerak ezinegona sortu du langile eta sindikatuen artea. Izan ere, ez dute uste pasa den ostiralean onartutako legeak Nafarroako Gobernua asmoz aldatzea lortuko duenik.