“Gobernuak abian jarri dituen lanaldi erdiei ezin zaie minilan deitu”

Gizarte politiketan eta ongizate estatuan aditua da Antonio Brettschneider (Konstanz, Alemania, 1975), Alemaniako Duiburg-Essen unibertsitateko soziologoa. Minilanak lagun askorentzat oso positiboak direla irizten dio. Dena den, badela lanaldi berezi horrekin gehiegikeriak egiten dituenik ere ohartarazi du. Dena den, Nafarroako Gobernuak langile publikoen kontratazioaren legedi berria ez duela gaizki ikusten jakinarazi du Brettschneider.

Nafarroako Gobernuak lanaldia osoa duten langile publikoak lanaldi erdiz kontratatuko diren bi langilek ordezkatzea onartu du eta hainbatek minilanak ezarri nahi izatea egotzi dio. Zein da zure iritzia?

Nire ustez gobernuak abian jarri dituen lanaldi erdiei ezin zaie minilan deitu. Ulertzekoa da sindikatuek gobernuari minilanak ezarri nahi izatea egozten diotenean Alemaniako ereduan pentsatzea. Baina argi utzi behar da Nafarroako Gobernuaren legeak jasotzen duen kontratazio mota horri ezin zaiola minilan deitu ez baitu Alemaniako ereduarekin antzekotasunik.

Zein da zehazki Alemaniako minilanen eredua?

Alemaniako kasuan gakoa ez dago lan egiten diren orduetan, kobratzen den soldatan baizik. Guk astean 38 eta 40 lanordu izatea da ohikoa. Lanaldi erdiz lan egiten dutenek, aldiz, astean gutxiagora bera 20 orduz egiten dute lan. Horiekin ikusteko gutxi dute minilanek. Batez beste, astean 10 edo 12 ordu egiten dituzte lan, baina hori ez dago arautua. Gainera, kotizatzera ez daude behartuta. Nolabait esatearren, minilanak araututako diru beltzez ordaintzen dira lanak dira, eta lan horrengatik ezin da 400 euro baino gehiago kobratu. Minilana berezi egiten duena trataera fiskala da. Halako lanak normalean ikasleek hartzen dituzte euren ikasketekin uztartu dezaketelako.

Minilanak langileen eskubideak urratzeko bide gisa baliatzen dira Alemanian ?

Legedia urratzen dutenak toki guztietan daude, baita Alemanian ere. Hala ere, orokorrean esan daiteke gehiengoak legea betetzen duela. Nire iritziz, oso errotua dago minilan bat izatea gazteen artean eta orokorrean ez dut gaizki ikusten kontratazio sistema hori. Gaizki dagoena da minilanen bitartez langileen eskubideak gutxiestea. Krisi ekonomikoak horretarako bidea ere eman du, baina tira gehiegikeriak egiten dituztenak gutxiengo bat direla esango nuke.

Nafarroaren gobernuak onartu berri duen legean ez direla minilanak sustatzen diozu. Zer dela eta?

Alemanian minilana duten langileek ez dituzte gainontzeko langileen eskubide eta betebehar berdinak. Baina Nafarroako kasuan, lanaldi erdiz lan egiten dutenek lanaldi osoan egiten dutenen eskubide berberak dituzte. Nik ez nuke esango minilanak ezarri nahi dituenik administrazioak. Nik horri lanaren banaketa esango nioke. Egun Nafarroan dagoen langabezia tasa kontuan hartuta lanpostuak sortzeko modu eraginkorra izan daitekeela uste dut.

Sindikatuek miseria banatzen ari dela salatu dute.

Ez zait iruditzen lanaldi erdiko kontratuak egitea miseria banatzea denik. Alemanian esaterako nahiko ohikoa da lanaldi erdiko lanpostuetan lan egitea. Soldata osatzeko bigarren lan batean egiten dute lan askok. Nik ere horrela egiten dut. Egoera nola dagoen ikusita ikuspegi aldaketa bat behar dela iruditzen zait. Zein arazo dago administrazio publikoan lanaldi erdiko bi langilek lanaldi osoko langile baten ordez kotratatzeko? Beste kontu bat litzateke behin behineko langile batek finkoa den langile batek dituen lan baldintza berak izango ez balitu. Unean uneko egoeretara egokitzen jakin behar da, sarritan zaila izaten den arren. Dena den, joko politikoak halako gaietatik kanpo egon beharko luke herritarren lanpostuez hitz egiten ari garelako.