Kalamuaren balio terapeutikoaren defendatzaile sutsua da Juan Clemente Carrio (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1966). Ia bost urte dira kalamua hainbat pilularen ordez hartzen duela. Dioenez, bere familia medikua ere harrituta dago kalamuak eragin dizkion onuren harira.
Kalamua kontsumitzen duzu zure oinazeei aurre egiteko. Zein gaixotasun duzu zuk zehazki?
Urte luzez droga kontsumitzailea izan naiz. Metadona hartzeari utzi nionean, medikuak pilula batzuk errezetatu zizkidan. Oso asaldatuta egoten nintzen, eta pilula horiek erdi lo uzten ninduten. Ia ez nuen ezer egiteko aukerarik izaten. Tontotuta pasatzen nuen eguna. Egun batean, erabaki nuen ezin nuela horrela segi. Adiskide batek kontatu zidan hainbat lagunek kalamua mina eta ezina arintzeko erabiltzen zutela. Horregatik erabaki nuen nik ere probatu egin behar nuela.
Probatu zenuenean, zein eragin antzeman zenituen?
Pilulak utzi eta kalamua kontsumitzen hasi nintzenean nire bizitza goitik behera aldatu zen. Inolako arazorik gabe esan dezaket kalamuari esker nire bizi-kalitatea hobetu dela. Nire urduritasuna kontrolatzea lortu nuen, eta, gainera, gauez inolako arazorik gabe hasi nintzen lo egiten. Hori lehen ezinezkoa zen. Gainera, lehen esan dudan bezala, pilulak hartzen nituenean lelotuta igarotzen nuen eguna. Orain, gauzak bestelakoak dira.
Drogarekin mendekotasun arazoak izan dituzunez, ez diozu beldurrik kalamuari?
Egia esan, ez naiz beldur. Kontsumo arduratsua egiten dudala iruditzen zait. Nire ongizatea bermatzen dit kalamuak, eta horren arabera kontsumitzen dut. Gainera, ez dut bestelako substantziarik kontsumitzen, kalamua soilik.
Zein iritzi du zure medikuak kalamuaren erabilera terapeutikoaren inguruan?
Nire asmoen berri eman nionean, ez zidan ezezkorik esan. Nahiko gaztea da, eta nik uste mediku zaharrek baino ikuspegi zabalagoa duela. Gainera, aitortu zuen kalamua erretzen hasi eta denbora bat pasata nire bizi-kalitateak nabarmen egin zuela hobera. Hark argi dio nire osasuna dela garrantzitsuena, eta ohartu da kalamuak osasuntsu mantentzen laguntzen didala.
Kalamuaren nahi gabeko ondorioen beldur zara?
Ez dut inolako beldurrik. Kalamuaren inguruan gezur asko esan dira. Askok diote kalteak eragiten dituela memorian. Baina nik ziurta dezaket hori ez dela horrela. Niri kalteak ez baizik onurak eragin dizkit kalamuak, eta ez dut hori onartzeko arazorik, hori delako nire egia.