Kattalin Barber
Aktore, antzerki zuzendari eta antzerki irakasle izateaz gain, Parisko Don Quijote antzerki jaialdiko zuzendari ere bada Luis Jimenez (Toledo, Espainia, 1956), 1992az geroztik. Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdia ere zuzenduko du aurten. Gaurtik abuztuaren 5a bitarte, Erriberrik iraganera joko du antzerkiaren bidez.
Lehen aldiz izanen zara jaialdiko zuzendari artistikoa. Zer ekarri dizu zuri kargua hartzeak?
Proiektua urtarrilean defenditu genuen, eta irabazi genuela jakinarazi zigutenetik lan eta lan aritu gara. Urduri egon naiz, baina pozik nago. Erronka bat izan da niretzat, eta, era berean, ohorea jaialdia zuzentzea. Ni Parisen bizi naiz, baina gertutik ezagutu nahi nuen hemengo egoera, eta jaialdiak horretarako aukera ematen dit.
Zure proiektuak helburu du Erriberri arte eszenikoen zentro estrategiko bat bihurtzea.
Hori gustatuko litzaidake, eta uste dut herriak ematen duela horretarako aukera. Hein handi batean, erreferentea da Erriberriko jaialdia, eta antzerkiaren munduan ezaguna da. Hortaz, horri eustea dagokigu. Era berean, inspirazio klasikoa alde batera utzi gabe, joera berriei lekua egin behar diegu, eta nazioarteko atea jo. Inguru magikoa da Erriberrikoa, eta badaude aukerak.
Aurten 18. jaialdia da. Dagoeneko klasiko bat da Erriberriko jaialdia?
Bai, zalantzarik gabe, klasiko bilakatu da Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdia. Urte hauetan guztietan eustea lortu du, eta horrek ohorea izan behar du Nafarroarentzat. Oso garrantzitsua da Nafarroak horrelako jaialdi bat izatea.
Nola ikusi duzu zuk jaialdia urte hauetan guztietan?
Horrelako jaialdietan, aurrekontuak asko baldintzatzen du. Aurten, dirua gutxitu da krisia dela eta, baina gure helburua da jaialdiari eta kalitateari eustea. Proposamen onak egonen dira, eta ziur gara publikoak gozatuko duela. Arazoa da kulturak azkenaldian kolpe latza jaso duela, eta horrekin bizi behar dugu. Dena den, badirudi antzerkia beti dagoela krisian, baina ez da inoiz hiltzen. Eta ez da inoiz hilko. Eutsiko diogu.
Aurten klasikoak berrikusiko dituzue, ezta?
Jaialdiaren ildoarekin jarraitu nahi nuen aurrera, eta ildo nagusi horri eutsi diogu. Jaso ditugun proposamenen artean hautatu ditugu obrak. Gainera, zuzendari gazte ugari daude klasikoen bertsio ikaragarriekin. Uste dut ateak ireki behar dizkiegula zuzendari gazteei; klasikoen irakurketa zoragarria dute, eta arriskatu dira. Nik uste dut jaialdiek ere arriskatu behar dutela, beste zerbait erakutsi.
Zer dute klasikoek betierekoak izateko?
Bizitzaz hitz egiten dute. Eta antzerkia bizitza da, Peter Brook antzerki zuzendariak esaten duen bezala. Klasikoek gizakiaz, miseriaz, sexuaz, saldukeriaz, gudaz, borrokaz, sufrimenduaz, beharraz… hitz egiten dute. Betierekoak dira horiek, eta, gure klasikoek hain ongi kontatu dituzte, haien ingurukoak ezin baititugu alde batera utzi. Adibidez, Alfredo Sanzol edo Alberto Conejero zuzendariek Shakespeare eta Cervantesen bertsio ikaragarriak egin dituzte.
Hortaz, klasikoak abiapuntu izanen dituzue gaur egungo gaiez hitz egiteko?
Bai, klasikoak baliatuko ditugu gaur egungo arazoez mintzatzeko. Askotan esaten da gizakiak aurrerapauso handiak eman dituela, baina gero konturatzen gara gutxi ikasi dugula, eta oker bera egiten dugula behin eta berriz. Horri buruz hitz egiten da antzerkian, baina beste irakurketa bat ematen zaio testuari. Oinarri politikoa dute antzezlan guztiek, bai komediak eta bai dramak. Hori ere baliatuko dugu orainaz hitz egiteko.
Zeintzuk dira irizpideak jaialdia programatzeko orduan?
Nik nahi nuen Calderon de la Barca egotea. Horrez gain, William Shakespeareren proposamen asko jaso ditugu joan den urtean V. mendeurrena izan zelako. Lope de Vega ere sartzea nahi nuen. Hortaz, gure ustez hobekien egin dituzten bertsioak aukeratu ditugu jaialdian parte hartzeko. Hau da, klasikoei ekarpena egiten dieten testu berritzaileak. Beste irizpide bat izan da nazioarteko proposamenak bilatzea eta hona ekartzea. Alde horretatik, Portugalgo Teatro do Chapitoko kideak etorriko dira, eta nik uste dut jaialdiko ezustea izanen direla. Energia handia dute, eta Macbeth obra ekarriko dute Erriberrira.
Zer-nolako presentzia izanen dute Nafarroako konpainiek jaialdian?
Gure helburuetako bat da Erriberriko jaialdia Nafarroako konpainientzako abiapuntua izatea. Aurten, Nafarroako sei konpainia ariko dira. Beharrezkoa da haientzat tokia izatea jaialdian eta hemen aurkeztea beren proiektuak. Joan den urtean, InExtremis konpainiak egonaldia egin zuen Erriberrin, eta aurten bukatuko du lana, beste bati bidea emanez. Shakespeareren Measure for Measure lanaren bertsioa da, eta lan ikaragarria egin dute. Gaiarre saria irabazi dute obra horrekin, hain zuzen ere. Horrez gain, antzerki eskolen arteko topaketak eginen ditugu, eta Nafarroako Antzerki Eskolak ere parte hartuko du. Garrantzitsua da eskolako ikasleek ikustea eta ikastea nolakoa den lanbidea, nolakoak diren obrak eta nola funtzionatzen duten jaialdiek.
Jaialdiaren ildo nagusiari eutsiko diozula aipatu duzu, baina berrikuntzaren bat nabarmenduko zenuke?
Dena da nabarmentzekoa, baina uste dut ezustekorik handiena Portugalgo konpainiakoek emanen dutela. Bestalde, munduko musika jorratzen duen Frantziako talde bat etorriko da, eta argi dut kolore berezia emanen diola jaialdiari. Nik argi dut zuzendaritzan jarraitzen badut Frantziak pisu handia izanen duela datorren urtean. Aurten, hainbat ordezkari etorriko dira jaialdia ezagutzera eta harremanak lantzen hastera.
Zer-nolako publikoa doa Erriberrira?
Ikusle berriak bilatzen ari gara. Bai Nafarroakoak, bai antzerki zaleak, bai eta Erriberrira joaten diren turistak ere. 18 urte asko eta gutxi dira, aldi berean. Urtero behar dugu jaialdia berretsi eta finkatu. Zorte handia dugu, Erriberri herriak leku paregabeak dituelako lan egiteko, eta, gaurtik hasita, antzerkiak herri osoa hartuko du. Adibidez, gazteluko eskailerak erabiliko ditugu jendea erakartzeko, eta kalean ere antzerkia egonen da, denen eskura. Nik nahiko nuke jaialdian ariko diren aktoreak, hitzak, musikak, ahotsak, erritmoak eta keinuak herriko txoko guztietatik sartzea; herriko etxe guztietako ateak, leihoak eta balkoiak irekitzea, antzerkia barruraino sartu ahal izateko egunotan.