“Uste dugu Erreniegako proiektua guztiz espekulatzailea dela”

Erreniega mendian zabaldu nahi duten potasa ateratzeko meategiaren aurka tinko agertu da Blanca Vazquez Undioko Kontzejuko lehendakaria (Iruñea, 1957). Duela urtebete izan zuten Geoalcali SL enpresaren asmoen berri. Atzo agerraldia egin zuen Erreniega inguruan dauden kontzeju eta udaletako hainbat ordezkarirekin batera, Nafarroako Parlamentuan. Vazquezek salatu du ez dagoela behar adina informazio proiektuaz.

Bi urteren buruan zabaldu nahi dute potasa ateratzeko meategia, Erreniegan. Zertan da proiektua gaur egun?

Egitasmoaren berri izan genuenean, meategiaren aurka helegitea aurkezteko epea iraungita zegoen. Beraz, soilik proiektuaren zati baten helegitea jarri ahal izan genuen martxan. Aurkeztu ditugun helegite guztiak atzera bota dizkigute. Enpresak zundaketa batzuk egitea aurreikusi zuen, potasaren kalitatea aztertu ahal izateko. Zundaketa guztiak ezin izan ditu egin, ez dituelako behar bezala eskatu horretarako behar diren lizentziak. Betebehar batzuk betetzera behartu ditugu. Hala ere, proiektua oraindik gauzatzeko bidean dago.

Aurrez ere izan dira Erreniegan potasa ateratzeko meategiak.

Egia esan, ez dakigu potasa meategiak izan diren toki berean eraiki nahi duten. Enpresak ez du inoiz zehaztu nahi izan zein tokitan zabalduko duten meategia. Informazio asko falta da. Enpresak ez du informazio zehatzik ematen. 2016an hasi nahi dute meategia ustiatzen, eta begira oraindik nola dauden. Dugun informazio apurra enpresa sustatzaileak duen webgunearen bitartez dakigu.

Hala ere, baduzue haien asmoen zantzurik?

Konfirmatu gabeko informazioa daukagu. Baina badirudi aurrez potasa meategia egon zen gunean erabat ustiatu gabeko bi eremu daudela. Beraz, litekeena da erabat ustiatu gabe dauden eremu horietan zabaltzea meategia.

Zein da meategiaren sustatzailea?

Guk dakigunez, enpresa sustatzailea Australiako Highfield Resources da. Erreniegan zituzten asmoen berri eman zutenean, izugarri handitu ziren haren burtsako akzioen balioak. Uste dugu Erreniegakoa proiektu guztiz espekulatzailea dela. Azken finean, badirudi akziodunei begira egindako proiektua dela potasa ateratzeko meategia.

Orduan, uste duzu meategia ez dutela egingo?

Nire ustez, meategia ustiatzeari uko egingo dio Highfield Resources enpresak. Baimena lortzen dutenean ustiatzeko eskubidea beste enpresa baten esku utziko dutelakoan nago. Horregatik diot proiektuak berez helburu espekulatzailea duela. Ziurrenik, hemengo enpresaren bat arduratuko da meategia ustiatzeaz.

Proiektua iluna dela uste duzu?

Inolako zalantzarik gabe, ez dagoelako egin nahi dutenaren informazio argirik. Geoalcali SL 2011n sortu zuten. Oso enpresa txikia da. Salamancako (Gaztela Leon, Espainia) bost lagun dira kudeatzaileak. Kapital soziala 4.000 eurokoa da. Datu horiekin, argi ikusten da ez dela meategien sektorean lan egiten duten enpresa handi horietakoa. Guri, behintzat, susmagarri egiten zaigu.

Zundaketa batzuk eginak ditu enpresak. Zer emaitza jaso dituzte?

Guk jakin ahal izan dugunez, Erreniegan dagoen potasaren kalitatea oso ona da. Gainera, azken hilabeteetan potasaren balioa izugarri handitu da. Beraz, esan daiteke meategia ustiatzea errentagarria izan daitekeela.

Afera honetan guztian, nolako jarrera izan du Nafarroako Gobernuak?

Enpresak erabateko babesa jaso du; Nafarroako Gobernuak ez dio inolako oztoporik jarri. Beste esperientzia batzuen bitartez dakigu haientzat ingurumena ez dela lehentasuna. Erreniegan ikerketa eskubidea eman zion enpresari. Horri esker dakite bertako potasa nolakoa den.

Erreniega inguruko udal eta kontzejuek bat egin duzue proiektuaren aurka?

Undion izan ginen lehenak potasa ateratzeko meategiren berri izaten. Kasualitatez jakin genuen, orain urtebete. Orotara, proiektuak 26 herri eta kontzejuri eragiten die. Formalki ez dugu sortu proiektuaren aurkako plataformarik. Hala ere, noizean behin egiten ditugun bileretan, 23 udalerri eta kontzejutako ordezkariok parte hartzen dugu.