“Kazetaritza ereduaren errotik egin behar da irakurketa”

Iazko sanferminetako sexu erasoek ezohiko zalaparta piztu zuten, besteak beste, hedabideetan nabarmenduta agertu zirelako. Horrez gain, prentsak erasoen berri emateko moduak ere hautsak harrotu zituen. Oihana Etxebarrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987) kazetaria da. Uztailaren 14an eta 15ean Generoaren tratamendua kazetaritzan ikastaroa eskainiko du UEU Udako Euskal Unibertsitatean. Haren ustez, medioetan eduki sexistak eskaintzen dira egungo gizartea “patriarkala” eta “matxista” delako. Kazetariak gizarte horretan hezi direla gogorarazi du. Hori aldatzeko kazetaritzari buruzko gogoeta sakona eta heziketa berebizikotzat ditu.

Iazko sanferminetako erasoak komunikabideetan lantzeko moduak polemika piztu zuen. Zergatik gertatzen dira horrelako gauzak ustezko prentsa serioan?

Gizarte matxista eta patriarkalean bizi gara. Pertsona normalak gara komunikabideetan lanean gaudenak, eta horrek, eragina dauka gure egunerokotasunean egiten ditugun praktiketan. Nik uste dut, festen harira lasaitasun handiagoz jorratzen direla gai batzuk. Jaietako gaiak sinpleagoak direla uste dugu, eta horregatik ez zaie beharrezko arreta jartzen berriak lantzerakoan. Horrek erakusten du badagoela zer egin.

Zeintzuk dira egunerokotasunean egiten diren genero akatsik ohikoenak?

Alde batetik, ikusten dugu hedabideetan emakumeen presentzia oso eskasa dela iritzia ematean eta adituak biltzen ditugunean. Presentzia desoreka dago. Emakumeak subjektu bezala gutxitan agertzen dira. Ohikoagoa da, biktima bezala agertzea, bereziki indarkeriaren inguruko berrietan. Beste alde batetik, pertsonak izendatzeko garaian, gizonei izen abizenak jartzen dizkiete. Emakumeak ordea, hainbatetan izenarekin bakarrik identifikatzen dira. Hor gutxiespena dago. Horrez gain, hizkuntza sexistaren gaia dago. Askotan eztabaidatzen dugu ea euskara hizkuntza sexista den edo ez. Baina erabilera da sexista.

Hainbatetan aipatzen da iritzia emateko edo adituak bilatzerako orduan errazagoa dela gizonak aurkitzea. Zergatik gertatzen da hori?

Heziketa zehatz baten ondorioz, emakumeak iritzia emateko askoz gutxiago hezi dituzte, eta euren iritzia gutxiago balio duen sentsazioa dute. Askotan gertatzen da, oso adituak diren emakumeekin hitz egiterakoan esaten dute: ‘Nik baino gehiago dakien norbait topatuko duzu’ edo ‘ez dakit komunikabideen aurrean hitz egiten’. Gizonak ordea, askoz ohituagoak daude jendearen aurrean hitz egiten eta iritzia ematen. Hori heziketa kontua da, eta argi dago komunikabideetan aritzen garenok hor lan handia egin behar dugula.

Zer egin dezakete kazetariek jarrera sexistak ekiditeko?

Uste dut ez dugula zalantzan jartzen kazetaritzaren eredua. Askotan jotzen dugu, albiste zehatz batzuk modu batean ematera. Baina hori adabakiak jartzea da, nahiz eta ahalegin oro garrantzitsua den. Kazetaritza ereduaren errotik egin behar da irakurketa. Albistea denari buruzko gogoeta egin behar da. Publiko eta pribatuaren arteko banaketara jo behar dugu. Hau da, maskulinoa eta femeninoaren arteko banaketara. Horrela jarraituz gero, maskulinoak, kalea eta eremu publikoarekin lotuta, albiste izaten jarraituko du. Besteak ordea, ez. Lan handia dago oraindik egiteko.

Zein da Euskal Herriko hedabideen egoera generoaren ikuspegiari dagokionean?

Oso pozik nago Euskal Herrian topatzen dugun ekoizpenarekin. Iruditzen zait ikuspuntu feministatik lan egiten duten medio espezializatuek geroz eta presentzia nabarmenagoa dutelako. Horrez gain, ikusten dut kazetari gehiagok euren gain hartzen dutela generoari buruzko gogoeta, eta oso lan interesgarriak egiten ari dira .