Armairu linguistikotik ateratzea

Bi kafesne, faborez”, adeitsu eskatu dizkiot irribarre bat zuzenduta barra atzeko neska gazte bati; “Eh?”, erantzun dit, galduta bezala, ulertu ez izanaren espresioz, aurpegi neutroz, baina nora ezean. “A, bale, ez daki euskaraz”, barne-ahotsak argitu dit ahopean, eta atsegina izateari utzi gabe, arrapaladan diot bota: “Dos cafés con leche, por favor“.

“Zer esan didazu lehen? Bi kafesne? Ez dut entzun”. Euskaraz esan dit. Eta nik baietz buruaz, lotsagorrituta, hizkuntzaren kontsaesanei eta aurreiritzien pisuari eutsiaz.

Zerk ote garamatza “E?” bat berdin “Ez dakit euskaraz” moduan irakurtzera? Zerk, monosilabo hori gure usteen arabera hezur-mamitzera eta hizkuntz-ohiturak moldatzera? “Eh?”: bi hizki -kasualitate absurdoz, Euskal Herriaren akronimo-, hain huts eta horren bete. Gazteleraz gorpuztuko ditugun elkarrizketen sorburu.

Aurreko astean Sortir de l´armari lingüístic liburuarekin egin nuen topo, Ferran Suya eta Gemma Sanginesen obra. Gaia: hizkuntza eta hizkuntzafobia, baita hizkuntza minorizatuetan solas egiten dugunon konplexuen analisia ere. Besteak beste, honakoak lantzen zituen: Katalana ikasi eta gutxietsiak sentitzen diren hiztunak, denak gazteleraz zuzentzen zatzaizkielako; katalanez hitz egiteko lotsa diren horien kasua; eta zerbitzu publikoak euren hizkuntzan exijitzeaz nazkatuta daudenak. Erraz estrapolatu ditzakegu egoerak gurera, situazio sozio-politikoen berezkotasunak aintzat hartuta ere, euskaraz bizi nahi duen euskaldunaren parabola ez baita horren ezberdina, ezta baztertuta sentitzen den euskaldun berriarena ere.

Liskarrak liskar, konponbideak proposatzen ditu liburuak, “euskalduna naiz eta euskaraz eginen dut” konplexurik gabe ahoratzeko teknikak. Armairu linguistikotik ateratzeko gida bat da, finean. Hori bezain sinplea; garena aitortu eta aldarrikatzeko aholku-sorta.

Akaso, beti pentsatu beharko genuke denek dakitela euskaraz, kontrakoa esplizituki esan arte, eta ez kontrara, egin ohi dugun bezala. Eta, agian, ez litzateke euskaldun berririk existitu behar, klase borrokaren inguruan hausnartzen dugun herri honetan, ikusi beharko genukeelako lengoaiaren produkzio sisteman euskaldun zaharraren labelak euskaldun berriak zapaldutako proletargo izatera daramatzala. Askapen borroken territorio honetan, beharbada euskaldun berri eta zaharrak askatzea da Euskal Herri euskaldunago bat eraikitzeko klabea. Binarismoak kalte baino ez baitu egiten, eta ez generoaren inguruan ari garenean soilik. Beraz, “zahar” eta “berri” kategoriak deuseztatzea euskara zaharberritzeko gakoa izan daiteke. Sor dezagun euskal hiztun queer-agoa, desitxuratuagoa, zentzurik zabalenean.

Euskal Hiztunen Askapen eta Harrotasun Eguna antolatu artean, segi dezagun nork gure aletxoa jartzen. “Euskalduna naiz eta harro nago”, esaldiari “eta arraroa banaiz ez zait inporta” esaldia ere gehituko nioke. Harrotasunez.