Ohartuko zineten honezkero: ate-joka dauzkagu sanferminak. Eta datozen festen aurrekari gisa, aurkeztu dituzte dagoeneko peñek beren pankartak. Askotarako eman du pasa den urteak gurean. Eta horren isla dira peñen oihalak: UPNren kudeaketa, Roberto Jimenezen krisia, Polo zinegotziaren komeriak, eta abar.
Sanferminek, orain eta beti, indarrean dagoen aginte ordena apurtu eta oinarritik bestelako bat eraikitzeko balio izan dute. Ez bakarrik peñen pankartengatik. Ez bakarrik iaz udaletxe parean zabaldutako ikurrin erraldoiagatik. Horregatik ere bai. Baina, batez ere, herritarrek bere gain hartu dutelako protagonismoa. Inori baimenik eskatu gabe atera dituztelako mahai eta aulkiak etxeko atarira, bazkari ederrez gozatzeko asmoz. Inori baimenik eskatu gabe jo dutelako musika eta dantza egin.
Bai, festa, hemen eta Euskal Herrian oro har, kritika eta parodiarako baliatua izan da. Eta, hori, beti da ona. Ordena sozialaz ari bagara, ordea, pentsatu beharko genuke ordena ez dela agintea bakarrik. Inguruan indartzen doazen jarrera eta balioak, gutako bakoitzak gure gain hartu eta praktikara eramaten ditugulako indartzen dira, ez besterik. Ordena horren parte eta partaide gara. Eta komeniko litzateke akaso geure buruari ere kritika egitea. Agintea kritikatzea erraza baita —eta kasu, baita beharrezkoa ere—, baina ez da nahikoa.
Jai eremuan oraindik ere izaten den sexismoari buruz idatzi berri dudan erreportaje batek ireki dizkit begiak. Zapalkuntza matxistak bizirik dirau gure festetan. Ez da harritzekoa, festa jendartearen isla baita beti. Jendarte bat den moduan ager dadin eskaparate perfektuena da jaia. Eta jendartea matxista bada, matxistak izanen dira haren festak.
Ez nabil iaz denok aztoratu gintuzten argazkiez bakarrik. Ez nabil sarri, sarriegi, izaten diren eraso, komentario lizun, ukitze eta bortxaketez bakarrik. Askoz sotilago, ia oharkabean gertatzen diren zapalkuntzez baizik. Egunero prest eduki ditzagun arropa zuriak tentuz garbitzen dizkigun amaz, emazteaz edo neska lagunaz ari naiz. Oholtza eta plazak, izan musikarako, izan kirolerako, desproportzio nabarian betetzen dituzten gizonez ari naiz. Festen prestakuntzan egiten den lan banaketaz. Karpa bat muntatzeko soka bati tiraka bideo batean ikusi ditudan gizonez ari naiz. Ikusi ez dudan emakume bakar bat ere horretaz.
Kasu, sanferminzalea naiz. Amorratua, gainera. Eta harro nago gure festek aginteari aurre egiteko beti erakutsi duten era irudimentsu eta jatorraz. Baina etxe barruan ere badago zer aldatu. Ongi etorriak, beraz, hainbat herri eragilek datozen sanferminetarako kaleratutako 3D betaurrekoak, bestelako Iruñe bat ikusteko prestatuak, mota guztietako eraso eta diskriminazioak gaitzetsiz. Betaurreko horiekin, udaletxeko balkoira ez ezik ondokoari ere begira diezaiokegulako. Eta baita, ispilu aurrean kokatuta, geure buruari ere.