Bi egun eta ordu gutxi batzuk baino ez dira falta sanferminak hasteko. Udaletxetik jaurtitako suziriak iragarriko du jaien hasiera. Suziria lehertzearekin batera, Nafarroako hiriburuan bederatzi egunez jaia nagusituko da. Batzuek jaiez gozatzeko aukera izango dute; beste batzuek, aldiz, lan egin beharko dute. Hala ere, bada lana eta jaia uztartzen saiatuko denik ere, sanferminek horretarako aukera ere ematen baitute.
Ez da hori Julen Lezaunen kasua izango. Euskal Ikasketak egiten ari da Gasteizen. Ikasturtea amaituta, udarako diru apur bat irabazteko asmoz, Nabarreria plazako okindegi batean ariko da lanean sanferminetan. Egunero-egunero arituko da beharrean, eta ez du ia jaiez gozatzeko paradarik izango. “Sanferminak izugarri maite ditut, baina aurten Nabarreriako okindegitik ikusi beharko ditut”. Gainera, bederatzi egunez, gogor lan egin beharko du. Izan ere, 05:00etarako okindegian egon beharko du. Hala ere, arratsalderen batean kuadrillakoekin gelditzeko asmoa du, tarte batez bada ere jaietan murgiltzeko xedez.
Irune Tubia mediku iruindarrak, halabeharrez, lana egin beharko du hainbat egunez. Duela gutxi hasi zen Izabako osasun etxean lanean, mediku modura. Bost egunez ariko da beharrean, eta gainontzekoetan sanferminez gozatzeko parada izango du. Aitortu duenez, ohituta dago sanferminetan lan egiten. Azken lau urteotan Nafarroako Ospitale Gunean aritu da lanean. Pirinioetako medikua izateak bere alde onak ere badituela aitortu du: “Lan egin behar dudan egunetan Izaban egonen naiz, eta, beraz, ez dut horrenbeste sufritu beharko”. Hala ere, Tubiak aitortu duenez, ahalko balu sanferminetan oporrak izatea gustatuko litzaioke.
Bada oporrak hartzeko aukera izaten duenik ere. Hain justu, Itzi Gartzes Muthiko Alaiak peñako kideak ia astebete darama oporretan. “Peñakideok beste modu batera gozatzen ditugu sanferminak; urte osoa jaiak iritsi zain egoten gara”. Berarentzat zein jaiegun den gustukoena galdetuta, kosta egin zaio baten alde egitea. Jakinarazi duenez, egun guztiek dute zerbait berezia. Hala ere, Tubiarentzat bezala, uztailaren 6a izaten da gehien atsegin duen egunetako bat: “6an ateratzen da jende gehien, eta horregatik gustatzen zait”. Dena den, San Fermin eguna ere gorriz inguratzen du Gartzesek. Izan ere, orduan izaten da jaietako lehenengo zezenketa. “Zezenketetako giroa ikaragarria da; izugarri gustura joaten naiz zezen plazara”, adierazi du Muthiko Alaiak peñako kideak.
Lehen ez bezala, egun, zezenketak izaten diren orduan, ekitaldi andana izaten da Iruñean. Gainera, gero eta gehiago dira zezenketetara ez joatea erabakitzen dutenak. Ia zezen plaza erdia, eguzkitan dagoena, peñakideek betetzen dute. Joera aldaketarik antzeman ote duten galdetuta, Gartzesek zalantzak ditu. Adierazi duenez, duela urte batzuk zezenketarako abonamenduak zozketatu egin behar izaten zituzten, eskaria eskaintza baino handiagoa zelako. “Orain, aldiz, eskariari ongi erantzuteko moduan izaten gara”. Egoera aldaketaren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela uste du. Hala ere, Gartzesek egoera ekonomikoarekin lotu du batez ere zezenketako abonamenduen eskari jaitsiera.
Gauzen gordailu
Sanferminetan inoiz baino lehenago irekitzen du Marcela Abarzuzak Santo Domingoko aldapan duen paper denda. Entzierroa korritzen dutenek euren giltza eta sakelakoak Abarzuzari uzten dizkiote dendan, entzierroa amaitu artean gorde ditzan. “Gurean uzten dituzte, korrika ari direla galtzeko arriskua dutelako”, argitu du egunkari saltzaileak. Korrikalari gehienak sanferminetan soilik ikusten dituen arren, eurekin oso harreman estua izaten duela azaldu du. Izan ere, asko urduri izaten dira, eta haiek ulertzen saiatzen da.
Gainera, korrikalariek San Fermin santuari entzierroa baino lehen abesteko baliatzen duten egunkariak saltzeko, ohi baino lehenago irekitzen dute denda; 05:30erako atea irekia izaten dute, egunkariak saltzeko prest. Normalean, atearen parean mahaitxo bat jartzen dute, salmenta azkartzeko. Izan ere, ordu horretan, jende gehiena parrandan eta edanda egoten da, eta modu horretan saihesten dituzte “arazoak”.
Lanak jaiez gozatzeko aukera gutxi uzten dio Abarzuzari. “Guk gure modura gozatzen dugu; goizero, txistulariak edo peñak pasatzen dira gure denda paretik”. Aitortu du ez duela izaten lagunekin edota senideekin jai giroan tarte bat igarotzeko modurik; dena den, argitu du ez duela horren faltarik sumatzen.
Kike Diez de Ulzurrun kazetariak ez du entzierrorik korritzen, eta ez ditu sakelakoa eta diru zorroa dendan uzten, baina sanferminak maite ditu. “Garai batean jaiak gehiago gozatzen nituen gauez; orain, aldiz, egun argiz nahiago izaten ditut”. Gazteagoa zenean, egunero ateratzen zen. Askok parrandazale fama ere jarri izan diote. Hala ere, azkenaldian, sanferminetako egun batzuk hautatzen ditu jaiez gozatzeko.
Berarentzat egunik maitatuenak zein diren galdetuta, txupinazoa, San Fermin eguna eta Zaldiko Maldiko elkarteko bazkaria egiten duten eguna aipatu ditu. Izan ere, Iruñeko Alde Zaharreko elkarteko kidea da. Uztailaren 9an egingo dute bazkaria, eta Diez de Ulzurrun han izango da.
Duela lau urtekoak ez bezala, igandean hasiko diren jaiak “lasaiak” izango direla jakinarazi du. “Lasaitu ederra hartu nuen Espainiako selekzioa Munduko Futbol Kopatik kanpo gelditu zenean; ez dugu pantaila erraldoirik izango Gazteluko plazan”, dio, irri artean. Dioenez, Hego Afrikako Munduko Kopa “gogaikarria” egin zitzaion, Gazteluko plazan partidak ikusten zituzten jarraitzaileak eta haien ospakizunak zirela eta.
Aita denetik, jaien izaera ere aldatu da Kike Diez de Ulzurrunentzat. Bi seme-alaba ditu, 16 eta 12 urtekoak, hurrenez hurren. Txikiena sanferminetan kanpoan izango den arren, zaharrena Iruñean izango da, eta adin “zailean” dagoela aitortu du. Izan ere, gauza askotarako adin txikia du.
Gainera, jaiei izkin egitea ez da batere erraza Diez de Ulzurrunentzat, Labriteko aldapan bizi delako. Dena den, zortea duela jakinarazi du. Logelako leihoek Tejeria kalera ematen dute, eta astez lo egiteko arazorik ez dutela izaten dio, “mugimendu gutxiago izaten delako”. Iaz, esaterako, ez zuten arazorik izan.
Inma Errea itzultzaileak ez du bere burua sanfermin zale izendatzen. Iruñeko Udalean lan egiten du, eta, beraz, datozen bederatzi egunetan oporrak izango ditu. Duela urte batzuk ETBn aritzen zenean, lan egitea tokatzen zitzaion. “Iruñeko Udaleko langileok egunero minutu batzuk lehenago sartzen gara lanera, sanferminetan oporrak izateko”, jakinarazi du Erreak. Aurten, jaietan adiskideekin hamaiketakoa egitekotan da. Ahal duenetan, asteburua Iruñetik kanpo igarotzen saiatzen da. Aurten, ikastaro bat egingo du. “Aspaldiko partez, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen udako ikastaroetan izango naiz, Baionan”, ohartarazi du. Izan ere, sanferminetan denerako aukera izaten dela argitu du.