Edurne Elizondo
Karrikan nintzen. Ez nuen deus. Ez nuen dirurik, ez nuen zer jan ere. Iturrietako ura, bertzerik ez”. Logroñokoa (Espainia) da Edu, eta 42 urte ditu. Ratilla erraten zioten han, eta Sagutxo hemen. “Iosuk salbatu ninduen; hark ekarri ninduen etxera”.
Leoncio Urbaien karrikako 6.eneko eraikina du Eduk, orain, etxe. Duela hilabete eta erdi okupatu zuten kalean bizi ziren hainbat pertsonak. Babesa emanen zien aterpea bilatzen zuten; etxe bat, alegia. Eta hiriko auzorik aberatsenetako batean aurkitu zuten. Eskubide omen den etxebizitzaren inguruko kontraesanak agerian gelditu dira han: “Nafarroako etxerik garestiena dagoen auzo aberats honetan bizi dira orain, abandonatutako etxe batean, deus ez duten hainbat pertsona”, erran du Iosuk.
20 urte ditu, eta gizarte lana ikasten ari da. Edurekin eta karrika bizitoki zuten bertze hainbat pertsonarekin bizi da Etxe Ikusezinean. Izen hori jarri diote Belosogoitin okupatutako eraikinari. Aterpe hutsaz harago, karrikan bizi direnen egoera salatzeko eta haien aldeko bertzelako politikak eskatzeko toki bat izan nahi du. Egun ikusezina den errealitate bat agerian jarri nahi dute egitasmo horrekin. Ezkutuan dena agertzeko, eta nabarmentzeko. Etxebizitzaren inguruko eztabaida politikoa mahai gainean jartzeko. Eta, horretarako, begiratzea da lehen urratsa.
Ikasketek sortzen dizkioten kontraesanei erantzun nahi die Iosuk, gainera, Etxe Ikusezinean, argi baitu erakundeen bitartez inoiz ezin izanen lukeela Belosogoitin martxan jarri duten egitasmoaren gisakorik sortu. Etxebizitza okupatuaren bidez, karrikan direnak, behar gehien dutenak laguntzeko “urrats praktikoa” egin du ikasleak. Ez du erakundeekin elkarlanean aritzeko aukera bazter utzi nahi. Iruñeko Udalaren esku hartzea eskatu du, zehazki, eta etxebizitza sozialak bultzatzeko hartutako konpromisoak gogoratu dizkio. Bete ditzan.
Erakundeen lanarekin ez du konfiantza handirik Santik. Eduren eskutik ailegatu zen Etxe Ikusezinera, duela hilabete inguru. “Karrikan ezagutu nuen Edu”. 23 urte ditu Santik, eta Zizurkoa da. 14 zituenean alde egin zuen etxetik. “Atera behar izan nuen”. Hainbat zentrotan bizi izan zen hasieran, baina 18 urterekin karrika bilakatu zen bere etxe. Lan egiten saiatu da; izan du lanposturen bat, baina, ikasketarik gabe, zaila izan du enpleguari eustea. Oinarrizko errenta ere eskatu du, baina ez diote eman. “Hirutan ukatu didate”.
Gizarteak bazter utzi duela sentitzen du Santik. 23 urte dituela gogoratu du. Badituela proiektuak eta helburuak; lan egin nahi duela. “Txarrez ikasia dut lezioa, baina lan egin nahi dut, nire bizitza izan nahi dut, nire familia”, azaldu du. Etxe Ikusezinean behar zuen babesa jaso duela nabarmendu du. Familia bat aurkitu duela. Aurrera egiteko helduleku bat. “Hori anitz da karrikatik datorren norbaitentzat”.
Proiektuaren arlo politikoa ere pizgarri da Santirentzat. Ukitzen du bertzeak laguntzeko aukerak. David, hain zuzen ere, asmo politiko horrek eraman du Etxe Ikusezinera. 31 urte ditu. “Okupazioa jarduera politikoa da; egungo etxebizitza eredu kapitalistaren aurka borroka egiteko tresna”, nabarmendu du.
Sistemaren arauak
“Sistema kapitalistak kalte egindako pertsonentzat espazio askeak behar ditugu, beren oinarrizko beharrak asetzeko; zer jan eta non lo egin izan dezaten; elkarbizitzarako eredu berriak sortzeko aukera izan dezagun”, berretsi du Davidek.
Egun dauden oztopoak agerian utzi ditu, gainera, eta nagusien artean aipatu du laguntzak emateko erroldatuta egotea eskatzen duela administrazioak. “Eskubideak onartzeko, eta administrazioak dituen baliabideak eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko, ezinbertzekoa da erroldatuta egotea. Karrikan bizi zarenean, noski, baldintza hori betetzea hagitz zaila da”.
Santirentzat erroldatuta ez egotea da oinarrizko errenta ez jasotzeko arrazoia, hain zuzen ere. Abdulek ere etxebizitzarik ez du. Non erroldatu ere ez. Karrikan ezagutu zuen Abdulek Dani, eta haren eskutik bat egin du Etxe Ikusezineko familiarekin. Senegaldarra da, eta kanpotik etortzeak kaleko errealitatea are zailago bilakatzen duela nabarmendu du.
Dani Azkoiengoa da. 34 urte ditu, baina badaki hondoratzea zer den. 14 urte zituenean aita hil zitzaion. Harreman estua zuen harekin. Txirrindularia zen Dani orduan, eta aita zuen jarraitzailerik eta laguntzailerik sutsuena. Haren hutsa ezin izan du bete, oraindik ere. “Aitarekin euskaraz egiten nuen; aita galdu nuenetik, ez dut bertze inorekin egin”. Depresioak jo zuen Dani, eta, orain, Belosogoitiko etxe okupatua du aterpe. Iosuren laguntzarekin, ari da aurrera egiten. “Hari esker, orain argi dut zer nahi dudan. Argi dut hemen egiten ari garena dela bide zuzena; elkarri laguntzeko gaude hemen; batzuentzat, akaso, ez gara legez ariko, baina nik ez dut zalantzarik, eta badakit ongi ari garela”.
Legea aipatu du Danik. Izan ere, udaltzainak joan ziren etxe okupatura, abuztuaren amaieran. “Logeletara sartu ziren zuzenean”, salatu du Iosuk. Eraikineko jabeak ez du erabili azken hamabost urteotan, Etxe Ikusezineko kideek jakinarazi dutenez, baina haien aurkako salaketa jarri du dagoeneko. “Prozesua martxan da”. Etxetik kanpo nahi ditu jabe horrek bertze etxerik ez dutenak.
“Gaizki gaudelako gaude hemen; ez da erraza karrikan bizitzea”, berretsi du Abdulek. Gaizki dauden bertzeak laguntzeko beharra nabarmendu du, eta hori dela Etxe Ikusezinaren helburua. Hori txalotu du. “Bizitzaren gakoa da elkarri laguntzea. Hemen gustura nago. Badugu toki bat elkarrekin egoteko, hitz egiteko, elkar errespetatzeko. Errespetua badago, erraza da talde batekin bat egitea”, erantsi du senegaldarrak.
Beharra dutenak laguntzeko modu bat izan daiteke nork erroldatuko dituen aurkitzea. Horixe nabarmendu du Davidek. Izan ere, karrikan bizi direnentzat udal aterpera sartzeko ere beharrezkoa da erroldatuta egotea. “Bertzela, hiru egunez egon zaitezke, eta gero alde egin behar duzu”. Aterpeak eskaintzen duen arreta erabat “asistentziala” dela gaineratu du, eta erabiltzaileek parte hartzeko eta erabakitzeko tarte handiagoa izan beharko luketela nabarmendu du. Erroldatuta ez daudenentzako hiru eguneko egonaldiarekin arazoa toki batetik bertzera mugitu bertzerik ez dutela egiten salatu du Davidek, eta horrek, finean, ez duela ekartzen karrikan bizi direnen egoerak hobera egitea. Iruñerrian 60 pertsona inguruk dute kalea etxe, Belosogoitiko kideek nabarmendu dutenez.
Ezagutu eta lagundu
Andoni, Sergio eta Leire ez dira karrikatik ailegatu Etxe Ikusezinera. Ikasleak dira; 19 urte ditu Leirek, eta batxilergoa bukatu berri du. 23 dituzte, berriz, Sergiok eta Andonik. Gurasoen babesa izan dute hirurek, orain arte, baina Belosogoitiko kideekin bat egitea erabaki dute. Urrats politikoa da egindakoa hirurentzat.
“Iosuren bidez jaso genuen proiektuaren berri. Etxetik atera nahi genuen. Ez gaude egungo etxebizitza ereduarekin ados. Produktu huts bilakatzen du egungo sistema kapitalistak etxebizitza, eta horri aurre egin nahi diogu”, azaldu du Andonik. Sergiok erantsi du bertzelako errealitateak ezagutzeko gogoak ere bultzatu dituela Etxe Ikusezinera. “Lagundu nahi dugu. Egunerokoa partekatu karrikatik ailegatu direnekin, eta beren errealitatea ikusgarri bilakatzen lagundu”.
Antzeko asmoak ditu Leirek ere. Etxeko emakume bakarra da, oraingoz. Ailegatu berri da Belosogoitiko eraikinera. “Ez da bidezkoa oinarrizko eskubideak eta beharrak pribatizatzea. Denok dugu etxebizitza izateko eskubidea”.
Aterpe bilakatu da Etxe Ikusezina eraikinera jo duten guztientzat. Leirek argi du, halere, nork bere testuingurutik eta esperientziatik egin duela Belosogoitirako bidea. “Nork bere errealitatea bizi du. Askotariko pertsonek bat egin dugu etxe berean, eta elkar ezagutzen ikasi behar dugu”. Davidek bat egin du Leireren hitzekin, eta nabarmendu du helburu nagusietako bat ere badela etxea denentzako espazio seguru bilakatzea, eta elkar zaintzea. Generoa landu beharreko auzietako bat dela erantsi du. “Ni ailegatu nintzenean, Danik erran zidan, adibidez, emakume izanda, nik izan behar nuela lehena jaten, nahiago zuela bera deus gabe gelditzea. Nik erantzun nion ezetz, denak garela berdinak”, kontatu du Leirek.
Amaren etxetik ailegatu da Leire Etxe Ikusezinera. Karrikatik ailegatu den emakumerik ez da, oraingoz, etxean. Haien errealitateaz gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean Davidek, halere. “Haien egoera are latzagoa da, eta ikusezinen artean ikusezinenak dira”.
Urratsez urrats egin nahi dute aurrera familia osatu duten Belosogoitiko biztanle berriek. Hitz egin, elkar ezagutu eta elkar errespetatu nahi dute etxe barruan. Kanpora begira, ateak zabalik dituztela nabarmendu, sarea osatu, eragileen, erakundeen eta norbanakoen elkartasuna eta laguntza jaso. Gizarte gisa aurre egin nahi diote egun karrikan bizi direnak zigortzen dituen sistemari. Ikusezinak ikusgarri bilakatu nahi dituzte. Eta, ikusteko, begiratzea da lehen urratsa.