Saioa Alkaiza
Tabernen Port Aventura bat da Alde Zaharra; entzierroaren ibilbidearen bueltan atondutako hiriaren maketatxo bat; Iruñerri osoko biztanleek ostegun, ostiral eta larunbat gauak pasatzeko aisialdi eremua; betikoa, baina gero eta betiko denda gutxiago dituen tokia; argazkiak egiteko agertoki atsegina; behin edo behin paseoan ibiltzeko zonaldetxoa; sanferminetan lolololololo ahalik eta altuen kantatzeko lekua; guiri-ek Navarrerian daudenak erretratatzeko antzerkia; Donejakue bidea egiten duten xira azpiko erromes makila eta mapadunek noraezean doazenean zeharkatu beharreko herrixka hura.
Eta Iruñeko Turismo Sailaren postal bat da Mercaderes, hanburger kate multinazional batek neonezko argiz bete duena. Unibertsitarioek ostegundu eta ilunabarrean auzokiderik gabe bizigabetu duten zonaldea, Navarreria, data seinalatuetan bizikletarekin igaro ezinezko toki hori. UPNren garaiotan abandonatutako kale ilun eta urruna, Jarauta; aparkalekudun ez-lekua, Gazteluko plaza, argazkietarako prest dagoen bihotzik gabeko pasaleku hori. Terrazek hartu dute San Nikolas, eta hutsik dagoen eraikin handi bat dago Konpainia kalean.
Alde Zaharra garai batean gutxi batzuek nahi izan zutena da, eta bertako elkarte eta bizilagunei esker, oraindik ere —eta eskerrak— eferbeszentzia etengabean dagoen gunea: herri baratzea hazten ikusi duen lekua; kaleetako jaiak sekula ahantzi ez dituena; herri mugimenduko eragileen bilerek egunez egun bor-borka jartzen dutena; kale abestien gunea; inprobisazioarena; herri kulturarena; euskararena; tokiko dendena; guztiona eta inorena; begi zuloekin parrandan eta lanerako bidean, erosketak egiten zein lagunekin solasean ikusten gaituena. Gure auzoa.
Bi ereduen arteko Iruñe horretan, faktore berri bat sartu da azkenaldian: guk, orain, Picassoren Gernika ikus dezakegu etxeko leihotik, erresistentziaren sinboloa, gerraren krudelaren oinazea, oroimenaren zertzeladak, antifaxismoaren ikurra. Bada aldaketa txiki bat: begi itxurako lanpara barruko bonbillak okupazioaren marrazki txikitxoa dauka, horiz margotuta. Kolore ukitu bat da grisaren artean, argi errainu bat. Gaztetxe bat jaio da Euskal Jai eraitsi zuten horiek bizirik gabe utzi nahi izan zuten auzoan.
Zoritxarrez, instituzioen eta herri mugimenduen arteko kinka gisa hartu nahi izan dute ezkertiar batzuek eztabaida. “Gauzak ez dira hala egiten” mantra higatuegiaren jabe, handiustetik abiatutako hausnarketak eginez, ustezko egiaren jabekuntzan, autogestiotik eta autonomiatik sortu den hori beste xendra batetik zuzentzeko nahian. Beste asanblada batean ibilitako zenbati ahantzi ote zaion zer den kolektibitatea eta asanblearismoa?
Eta, dena dela, esanak esan, gertatu dena da urte mordoa hutsik zeraman eraikin batek ateak ireki dituela, ehunka bizilagun batu direla, Rozalejos, inorena izatekotan, herriarena dela berriz, eta ez hautsa pilatzen ari den munstro bat. Errealitatea da “bazen garaia!” izan zela gehien errepikatutako esaldia auzokideei begira antolaturiko bisita gidatuan.
Militar batek eraiki eta markesen etxea izandako jauregiaren balkoian hariz egindako koloretako eskulanak ikusterakoan, irribarre txikia margotzen zait niri. Are distiratsuago dago Navarreria, Gernika-ren argipean.