Futbola usteldua dago. Hori denok dakigu. Hamaika adibide jar daitezke, eta okerrenak ziurrenik talde handienak dira. Neymarren kontratazioa, Messiren zerga iruzurra edo asteon agerkari digital batek gogorarazi bezala, Florentino Perez Real Madrileko presidenteak Espainiako Ogasunari taldea lasai uzteko egindako mehatxuak dira horren lekuko. Euskal Herrian ere, gehiago edo gutxiago, babes publiko argia jaso dute bi talde handienek Realak zein Athleticek.
Era berean, uneotan Espainiako Futbol Federazioaren eta Futbol Liga Profesionalaren artean gerra irekia dago, eta diplomaziarako tarte txikia dago bi erakundeotako buruzagien artean. Berriki, Angel Maria Villar federazioko buruak “lerdo galanta” deitu zion Javier Tebas LPFko buruari, baina azken hori pertsonaia iluna da. Gardentasun eta zintzotasunik espero daiteke falangista izandako batengandik?
Testuinguru zabal hori ezinbestean aintzat hartu behar da inpartzialtasunez Osasunaren auzia aztertzerakoan. Angel Bizkai gerente ohiak futbol mundua eta batez ere Osasuna astindu ditu, eta Nafarroako futbol talde nagusiak oso gaizki amaitzeko aukera handiak ditu. Ziurrenik, Espainiako futbola garbitu den itxurak egiteko txotxongilo baten modura erabiliko du Osasuna LFPk, bere buruzagi nagusiak ez baitu egiazko borondaterik izango alfonbrak talde guztiei altxatzeko. Bestela, hainbeste milioi euro mugitzen dituen negozioa pikutara joan daiteke. Hanka sartu eta ligako azken jardunaldietako partidetan joan-etorrian ibiltzen diren maletatxoak erabiltzeagatik gerta daitekeenaren ohartarazpen gisa amai dezake Osasunak, gainerakoen aurrean.
Horrek guztiak, ordea, ezin du aringarri moduan funtzionatu. Gauzak oso gaizki egin badira, batera edo bestera ordaindu beharko du. Futbol talde bateko eta besteko zaleen arteko ezinikusi eta alderatze guztien gainetik, Osasunak batez ere nafarrekin duelako zorrik handiena. Bai ekonomikoa bai morala. Futbola, gaur egun, haur askok begiratzen duten ispilua da, eta azken egunetan islatu den egoera oso penagarria da. Irabazteagatik dena egin daiteke, baita lapurtu ere. Hemen ere errugabetasun printzipioa eta zuhurtzia erabili behar badira ere, atzean dagoen kiratsa ez litzateke ezkutatu behar.
Eta, bitartean, non zegoen gobernua? Hark ere ispiluan begiratu beharko luke. Osasuna ez litzateke egungo egoerara iritsiko, baldin eta Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren gobernuek beste aldera begiratu ez balute. Auzi judizialetik kanpo, Osasunak hamabi urtez zorra laukoiztu egin du 20 milioi eurotik iragan denboraldi amaierako 84 milioi eurora arte. Osasuna fundazioak, gainera, 13 milioi euroko zorra ere pilatu zuen. Zorrik handiena, gainera, Nafarroako Ogasunarekin izan da. Zergen ordainketa geroratuz, urtetik urtera zorra handitzen joan da 53 milioi eurora arte.
Zergak atzeratuta politikoki arnasa ematen zitzaion taldeari, baina interes orokorrari fabore txikia egin zitzaion, eta ezin da ahaztu hala gobernuan nola Ogasunean diren agintarien helburu nagusia zergadunen diruarekiko errespetuz jokatzea dela. 2012an Nafarroako Kutxaren babesa amaituta, Osasunaren helduleku bakar bihurtu zen Ogasuna, eta babes hori eten baino areagotu egin zuen UPNk. Bigarren Mailara jaitsi, eta zor hori bidera ezin bihurtu denean, berariaz gindako erreskatea babestu zuten azaroan UPN, PP eta PSNk. Barcinaren hitzetan, “Osasuna maite dutenek”… Hainbeste maite badute, ordain dezatela erreskatea eurek.