Edurne Elizondo
Ahalduntzen jarraitzeko uhinak. Buruko gaitza dutenen aldeko lanean urratsak egiten segitu nahi du Mejorana elkarteak, eta irratia hautatu du, orain, aurrera egiteko bide: Locura Transistoria izeneko saioa jarri dute martxan taldeko kideek, Atica katean. Astelehenean egin zuten lehendabiziko programa, eta, aurrerantzean, hamabost egunean behin ariko dira, 13:00etatik 14:00etara (FMko 106.4).
“Nahi genuen zerbait egin, irrati saio bat prestatu, edo aldizkari bat argitaratu. Ideia hori aztertzen ari ginenean, Atica irratiak programa bat egiteko aukera proposatu zigun, eta, irratiaz deus ez badakigu ere, onartzea erabaki genuen”. Sandro Iaboni mikrofonoaren aurrean aritu da Mejorana elkartearen estreinako saioan. Hasi baino lehen urduri zela aitortu du. Urduritasunaren gainetik, halere, beren mezua uhinen bidez zabaltzeko gogoa nagusitu da Mejorana elkarteko kideen artean. Adimeneko osasun arazoak dituztenek osatzen dute taldea. Hamar urte bete ditu elkarteak aurten. Aisialdia lantzeko asmoz sortu zen, baina azken urte eta erdian bertze norabide bat hartu du: ahaldundu nahi dute kideek, estigmaren aurka eta bertze psikiatria eredu baten alde lan egin. Beren prozesuetan parte hartu eta erabaki nahi dute, gainera, hitza hartu, egungo “eredu paternalistatik” urruntzeko.
Maiatzean, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako elkarretaratzea egin zuten Mejoranako kideek, Iruñean, Osasunbideak Oliveto kondearen etorbidean duen egoitzaren aurrean. Sistema horiek pairatzen dituztenek egindako lehendabiziko protesta izan zen, Euskal Herrian. Asteleheneko saioan ere auzi hori izan zuten mintzagai. “Gure esperientzien berri eman nahi dugu irrati saioaren bidez”, nabarmendu du Iabonik.
Esperientzia horien bidez, hain zuzen ere, adimeneko osasun arazoak dituztenak lagundu nahi dituzte Mejoranako kideek, lehenik eta behin. Babesa eman nahi diete, lagundu beren prozesuetan, bakarrik ez daudela erakusteko. Argi utzi dute, halere, beren mezua gizarte osoari helarazi nahi diotela. “Estigmaren indarra handia da, oraindik ere, eta horren aurka lan egin nahi dugu”, azaldu du elkarteko kide Garbiñe Santanok.
Hitzak bereganatu
Duela urtebete inguru ailegatu zen Garbiñe Santano Mejoranara. “Hagitz kontent” da elkartean. Iaboni ere bai. “Iazko apirilean, etxetik ateratzen ez zen pertsona bat nintzen ni. Ispilurik ere ez nuen etxean, ez nuelako neure burua ezagutzen”, kontatu du. Mejorana elkartean etxetik ateratzeko behar zuen pizgarria aurkitu du, eta bertzeak lagundu nahi ditu.
Irrati saioak horretarako aukera ematen diola argi du. Haren bidez, gainera, ero hitza bere egin nahi dute buruko gaitza dutenek. “Gai garrantzitsu eta serioez ariko gara, baina umorea ere baliatu nahi dugu gure mezua zabaltzeko”, zehaztu du Iabonik.
Izenburuaren ideia Extremoduro taldearen abesti batek eman ziela kontatu du. “Locura transitoria izena du. Hura entzun eta gure saioaren izenak zein izan behar zuen argi ikusi genuen. Gure egin nahi ditugu buruko gaitzen inguruko kontzeptu horiek, eta haiekin jolastu”.
Bertze edozer gauzaren gainetik, hain zuzen, duten gaitzaz harago “pertsonak” direla nabarmendu nahi dute Mejorana elkarteko kideek beren irratsaioaren bidez. “Anitz dugu egiteko, gizarteak buruko gaitza dutenen inguruan duen irudia aldatzeko. Pertsonak garela erakutsi nahi dugu. Pertsona ikus dezatela guri so egiten digutenean, ez, ordea, gaixoa”, erran du Iabonik.
Helburu hori izan du Mejoranak ardatz urte osoan. Urte “bizia” izaten ari dela nabarmendu dute kideek. “Duela urte eta erdi taldeak bertze norabide bat hartu zuenean, lau pertsona baino ez ginen elkarteko motor; aurten, zortzira ailegatzea hartu genuen xede, eta hogei baino gehiago gara jada oinarrizko taldean”, azaldu du Iabonik, harro. Bertze anitz ari dira, gainera, elkartea laguntzen.
Mejoranak lortu du, neurri handi batean, ikur bilakatzea. Hainbat osasun etxetan izan dira jada hitzaldiak ematen, eta zentro horietako profesionalentzat ere “erreferente” bihurtu direla nabarmendu du Iabonik. “Zerbitzuko erabiltzaileei ematen diete gure elkartearen berri, guregana jo dezaten. Horrek erran nahi du egiten ari garen lana babesten dutela, ontzat ematen dutela”.
Profesionalen aldetik lortu duten babesa garrantzitsutzat jo dute Mejoranako kideek, hain zuzen ere. “Anitz dira gure proposamenekin bat egiten dutenak”. Mejoranatik sortu da, hain zuzen ere, giza eskubideen eta adimen osasunaren aldeko plataforma. Elkarteko kideekin batera adimen osasunaren arloko profesionalak eta senideak ere badira plataforma horretan, bertzeak bertze. Maiatzeko elkarretaratzearen harira, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako manifestua aurkeztu zuten. Manifestu hori politikarien eta sindikatuen artean zabaldu nahi dute orain. Plataformako kideek bilera eginen dute hilaren 29an, hain zuzen ere, bide horretan urratsak egiten jarraitzeko.
Urrian, gainera, 19an eta 20an, Bilbon adimen osasunari buruz antolatu dituzten jardunaldietan izanen dira Mejoranako kideak. “Lan handia egiten ari gara”, berretsi dute elkarteko kideek. Udak atseden hartzeko eman dien aukera eskertu dutela aitortu dute, halere. “Finean, elkartearen helburu nagusia geure burua zaintzea da, eta ez da ona egin beharreko lanak gehiegizko estresa eragitea. Atseden hartu behar dugu beharra dugunean”, zehaztu du Iabonik.
Lan egiteko gogoa ez dutela galdu argi utzi du Iabonik, dena den. Oraindik ere, egoitza falta dutela azaldu dute elkarteko kideek. Tokiren bat lortzeko zain dira. Beren mezua zabaltzeko, Atica irratiak eskainitako txokoa eskertu dute. Eragiten jarraitu nahi dutelako. Lan egiten. Gizarteari nor diren erakusten. Estigma apurtzen.