Josu Chueca
Aspaldidanik, lana zela medio, Pirinioetako bortuezko beste aldean, Zuberoan zein Biarnon, laketu ziren erronkariarrak, zaraitzuarrak zein aetzak. Baina, 1939ko apirilean, Espainiako gerla zibila amaitutzat jo zuten egunetan, Euskal Herri osoko milaka lagunek aterpe berezi bezain latza izan zuten, Gurs deituriko herrixkako lurretan, beraientzat eraiki zuten kontzentrazio esparruan.
Hara iristeko egindako bidea ez zen gerra aurrean, ohikoa zutena, Orbaizetatik Azpegin barrena Ezterenzubira, Izabatik Arrakogoitik Santa Grazira, Kataluniatik baizik. Izan ere, Pirinioetako beste muturretik, Le Perthusetik, Aresko lepotik Argelesera, Le Barcaresera eta Saint Cyprien bezalako kontzentrazio ondartzetara jo behar izan zuten Frantziako armadak agindurik.
Askatasuna, Anaitasuna, Berdintasuna goreneko idealak zituen lurralde frantziarrean kontrakoa pairatu behar izan zuten frankismotik iheska erbesteratu ziren milaka garaituek. Izan ere, harrigarria bezain tamalgarria izan zen Frantziako agintarien jarrera errefuxiatu horiekiko. Itsasoa, ondarra, zerua, txarrantxak eta mota guztietako jendarme zein militar frantziarrak izan baitziren Roussilloneko ondartzetan, 1939ko otsailean, milaka metatu ziren errefuxiatu horien ortzemugak.
450.000 gizakik pairatu zuten erbesteratze masiboena, Retirada deitua izan dena burutzeko, miliziano ohientzat kontzentrazio zelai ugari eratu zituen Daladierrek gidatzen zuen gobernuak. Hori dela medio, Bram, Septfonds, Agde, Le Vernet, Gurs bezalako errefuxiatu zelaiak altxatu zituzten, azkar osoz, eskualde desberdinetan. Euskaldunentzat, geografikoki zein giza ikuspegitik gertuena suertatu zena Gursekoa izan zen. Auñamendiko magalean, Ospitaletik 5 kilometrotara, eta Mauletik 18tara. Harrera Zelaia (Camp d’Accueil) izena zuen Gursekoak ongi islatu zituen 1939ko harrera horren kontraesanak. Gudari eta miliziano ohiek Ipar Euskal Herrira hurbiltzea helmuga bazuten ere, Jean Ibarnegaray bezalako diputatu ultraeskuindarraren oposizioa jasan izan zuten hori oztopatzeko. Hori dela medio, Biarnoko herrixka horretan ezarri zuten aipatutako zelaia.
Dena den, hori ez zen okerrena, ezta urrundik ere. Harrera zelaia izateko atondu zutenak kontzentraziokoen ezaugarriak azkar oso eta betirako hartu baitzituen. Horrela sentitu zuten hor barneraturik suertatu ziren gehienek, bere idazkietan eta testigantzetan adierazi zuten lez. Euskara bikainean, Gesalibar-ek zehazki laburbiltzen zuen Gurseko egonaldia, 1939ko apirilean, honako hau idatziaz: “Eskubide motzak, janari gutxi, zaindari gehiegi”.
Jakina, egoera hori askoz latzagoa suertatu zen 1940az geroztik. Izan ere, Bigarren Mundu Gerlaren eraginez, Espainiatik alde egindako errefuxiatuentzat prestaturiko behin-behineko zelaiak iraunkortu egin zuen, Frantzia osoan barrena indesirables sail zabal horren pean sartzen ziren gorriak, juduak, nazismotik alde egindakoak, paperik gabekoak… izandako atxilotuak Gurseratuak izan zirenean.
Gurseko zelaia, orduan eta bere bukaera arte, agintari frantziarren menpe egon bazen ere, Europa naziaren kate errepresiboaren beste kate maila tamalgarri bihurtu zen. Harrera gune bezala hasi zen errepresio latzenaren tresna bitarte bihurtu zen. Egun 1930-1940 gerren tartean hor egondakoen omenaldia prestatzen ari garenean, beharrezkoa da gogoraraztea 2017ko Europan 1939ko Gurseko txarrantxak zein askatasunik eza direla gure “harrera” milaka errefuxiaturentzat.