Lohizune Amatria
Sarean bideoak ikusten ari nintzela, honako hau gertatu zitzaidan aurrekoan. Ez dakit ongi nola, baina, tarte bat pasata, Nigeriako bideoak ikusten ari nintzen. Gobernuz kanpoko erakundeek egiten dituzten horietakoak ziren gehienak. Halako batean, baina, kalean grabaturiko bideo batekin egin nuen topo. Haur txiki bat azaltzen zen, argal-argala, eta ia hanketan ezin eutsiz. Afrikako herrialde askotan sufritzen duten gosea irudikatzen zuen niretzat haur horrek, eta begirada pantailatik alderatu nuen.
Ez nuen irudia ikusi nahi. Halakoak gertatzen direla jakin arren, gogorregia egin zitzaidan. Ia modu automatikoan baztertu nuen begirada. Bideoa oraindik martxan ari zela, baina, koldarra iruditu zitzaidan egindako keinua. Ikusten ez duguna gertatuko ez balitz sinetsita edo, errazegi alderatzen dugu begirada. Agian horretako hezi gaituztelako.
Gaur egun prentsan gertatzen denaren metafora izan daiteke bizitakoa. Ba al dakizu zenbat pertsona hil diren Mediterraneo itsasoan ihes egin nahian? Zeintzuk diren martxan jarri dituzten neurriak? Eta urrutira joan gabe ere: ba al dakizu zenbat diru xahutu duten Nafarroan? Nor dagoen azpiegitura erraldoien atzean? Zenbat udal zigortu dituzten ikurrina jartzeagatik? Zenbat pertsona atxilotu dituzten gobernatzen ari zenaren iritzi ezberdina izategatik? Zenbat pertsona torturatu dituzten? Zenbateko kostua duen Altsasuko familientzat bizi behar duten guztiak? Nork zer irabazi duen honekin?
Botereari eusteko tresna da egun informazioa. Dirua. Zenbat eta zer kontatuko diguten erabat neurtuta, alde batera edo bestera bideratzen dute gure begirada. Eta asteburu honetan ere gertatuko da, noski. Gauza bat edo beste gertatu, egia zikintzen duen erdipurdiko informazio nahasgarria izango da nagusi. Orain arte bezala, kataluniarrek baketsu jokatzen badute ere, guardia zibilak zirikatzen aritu direla azpimarratuko dute behin eta berriz. Katalunia guardia zibilez bete duten arren, gizartean alerta sorrarazten duena erreferenduma bera izan dela irakurriko dugu. Orain arte egin dutena egingo dute, alegia.
Aurrekoan, puntuz puntu ongi antolatuta independentismoaren mito eta gezurrak zerrendatu zituen egunkari batek, esaterako. Eta iritziz beteriko artikulua izan arren, informazio hutsa, objektiboa izango balitz aurkeztu zuten. Gezurti etiketa jarri die jada egunkariak kataluniarrei: gezurretan ari dira; beraz, ez dute erabakitzeko eskubiderik. Eta bere irakurleek horretan jarriko dute arreta, horren arabera irakurri eta jasoko dute informazioa. Baina hau adibide bat baino ez da. halakoz beterik dago egungo prentsa.
Gure esku dago iristen zaigun informazio uholdea nola kudeatu erabakitzea. Gure esku dago filtrorik jarriko dugun edo ez erabakitzea. Munduan edo gure herrian gertatzen ari dena ulertzeko gai egingo gaitu informazioak, baina betiere hori modu kritiko batean irakurtzeko gai bagara. Gogoratu iritsiko zaigun informazio guztia egongo dela baten edo besteren baten interesekin pozoiturik.