Agoitzetik Lizarrarako bideen zeharkaldian da Korrika, azken txanpan dagoeneko, helmugara iritsi aurretik: igandean helduko da Bilbora, 2.161 kilometro egin ostean. Bien bitartean, ordea, asteazkenetik bihar arte berea ematen ari da euskararen aldeko manifestaziorik handiena, Nafarroan.
Nafarroan baita bigarrenez. Iluntzean pasatu zen Arabatik Vianara, eta atzo Erribera zeharkatu zuen. Nafarroako Pirinioetako errepideetan, elur artean igaro du azken gaua, Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako eskualdeetan. Gaur goizean iritsiko da Agoitzera, eta handik hartuko du Lizarralderako bidea; iluntzean espero da Egaren hiriburuan. Goizaldean, Etxauritik pasatu eta Sakanatik aterako da Arabarantz, aurtengoz behin betikoz agur esanda Nafarroari.
Igandean zabaldu eta irakurriko dute, berriz, hamar egunez eskutik eskura pasatu den lekukoak gordetako mezua, Bilboko Areatzan. Amaiera jarriko zaio hala, jai giroan, euskararen aldeko lasterketari.
Joan den ostegunean abiatu zen Korrika, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hurrengo egunean bertan sartu zen Nafarroa Garaian, Dantxarinetik, eta Baztan eta Ultzama zeharkatu ostean heldu zen Iruñerrira. 19:00ak aldera heldu zen hiriburuko eskualdera, eta milaka pertsonak hartu zuten lasterketa bertako auzo eta herrietan.
Iruñeko erdigunean batu zen jende gehien, eta udalak Nekeetako Ama Birjinaren prozesioa zela-eta ibilbidea aldatzean sortutako traben gainetik, milaka pertsonaz lagunduta bete zuen Korrikak ibilbidea. Eguraldia kaxkarra izanagatik, erantzun bikaina eman zion hiriburuak, beste urte batez.
Euskahaldunen ahala
Urtero bezala, bi helburu nagusi izan ditu Korrikak: batetik, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea, milaka pertsona bere inguruan mobilizatuz; bestetik, AEKren jarduna bermatuko duen finantzabidea bilatzea, gau eskolen eta euskaltegien lanarekin jarraitu ahal izateko.
Helburu horrek indar berezia hartu du azken urteetan, diru laguntzetan izandako beherakada dela eta. Nafarroan, kasurako, hiru urte dira IKA eta AEK-ko euskaltegiek Nafarroako Gobernuaren partetik euro bakarra jasotzen ez dutela.