Edurne Elizondo
Mexikotik Iruñera. Bakarrik etorri zen, eta emaztea eta seme-alabak ekarri nahi ditu orain. Hemen gelditzeko. Hutsetik hasi ahal izateko. Lanik ez du lortu, ordea; paperik ere ez. “Herritar ikusezin” bilakatu da Nafarroan. Ez da bakarra. “Migratzaile anitzek egin dute bide bera, eta zer egin edo nora jo ez zekitela sentitu dira uneren batean”. Haientzat zabaldu dute Bidean lege aholkularitzako zerbitzua, Iruñean. “Egin ditzaketen urratsen inguruko informazioa emateko eta bidean laguntzeko gaude hemen”, azaldu du Javier Urrozek.
Bidean-eko koordinatzailea da Urroz. Harekin batera ari dira Rafael Paredes, Natalia Ibarra Lazkoz eta Xabier Barrena abokatuak. ESK sindikatuak Iruñeko Emiliana Zubeldia karrikako bosgarren zenbakian duen egoitzan zabaldu dute bulegoa. Astelehenetik ostegunera artatzen dituzte migratzaileak, 10:00etatik 15:00etara.
Bidean sortu baino lehen, Etorkin izeneko bulegoan egin zuten oraingo lan bera Urrozek, Paredesek eta Ibarra Lazkozek. “Gizakia Herritar fundazioaren eskutik aritzen ginen”. Bulego horrek ateak itxi zituen berriki, zazpi urte inguruz migratzaileak artatzen aritu eta gero. Bat itxi, eta bertzea ireki, irailetik ari baita lanean Bidean. Lehen, Jarautan; orain, berriz, Arrotxapea auzoan. “Orain, modu independente batean ari gara”, zehaztu du Ibarra Lazkozek.
Barrenak oraingo etapa berrian bat egin du proiektuarekin. Bertze abokatuen lana ezagutzen zuen aspalditik, halere. “Paredes Caritas erakundean hasi zen doako zerbitzua eskaintzen beharra zuten migratzaileei; Etorkin bulegoan eta oraingo Bidean proiektuan ere horixe bera da helburua. Migratzaileak laguntzea, doan”, nabarmendu du.
“Administrazioa, arerio”
Kanpotik etortzen direnek egiteko duten bidea ez da batere erraza. Horixe nabarmendu dute Bidean zerbitzuko kideek. Erroldatzeko eta lana eta etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak jarri dituzte mahai gainean, batez ere. “Herritar anitzek uste dute hamaika laguntza jasotzen dutela migratzaileek, eta ez da egia; edozer laguntza jasotzeko baremoak badira”, erran du Urrozek.
Barrenak erantsi du “gogorra” dela paperik gabeko migratzaileen egunerokoa. “Administrazioa, haientzat, arerioa da, gehienetan. Kanpotik datorrena ahal duen moduan etortzen da, eta bere asmoa da hemen gelditzeko paperak lortzea. Honat iritsi, eta ahal duten moduan egin behar dute aurrera. Paperik gabe, legez kanpokotzat jotzen dituzte, eta ikusezin bilakatzen dira, erabat babesgabe”.
Nafarroan, kanpotik etorritako 90.000 pertsona inguru daude, Bidean zerbitzuko kideek zabaldutako datuen arabera; haietako 33.000 inguruk lortu dute Espainiako nazionalitatea. 3.500 inguruk, berriz, paperik gabe jarraitzen dute. Paperak lortzeko eta administrazioarekin egin beharreko edozein tramitetan laguntzeko daude Bidean zerbitzuko kideak. “Hasieran, batez ere, hizkuntza ez badute ulertzen, eta administrazioarekin konfiantzarik ez badute sentitzen, laguntza eskertzen dute, zer egin dezaketen erraten ahal dien norbaitekin hitz egitea. Anitzetan, bertze norbaitek entzutea baino ez dute bilatzen”. Bidean zerbitzuak eskaintzen duen lege aholkularitzako zerbitzua osatzeko, hain zuzen, Mugarik Gabeko Psikologoek ere bat egin dute proiektuarekin, laguntza psikologikoa eskaintzeko.
Paperik gabe dagoenaren egoerak anitzetan behar du babes oso hori, Bidean-eko kideek nabarmendu dutenez. “Emakumeen kasuan, errazagoa da etxeak garbitzen edo zaharrak zaintzen lanposturen bat lortzea. Gizonei argi eta garbi erran behar diegu hiru urtez eutsi behar diotela, nola edo hala, denbora hori pasatuta, eta urtebeteko lan eskaintza lortuta, hemen gelditzeko paperak lortzeko prozesua martxan jartzeko. Hiru urte horiek, halere, hagitz zailak izaten dira”, azaldu du Urrozek.
Egin beharreko lehendabiziko urratsa erroldatzea dela nabarmendu du. Bat egin du Ibarra Lazkozek. “Funtsezkoa da erroldatzea; bertzela, existitu gabe jarraituko dute, ikusezin izanen dira administrazioarentzat”. Ez da beti erraza erroldatzea, gaineratu duenez, etxebizitza bat lortzea ere zaila delako migratzaileentzat. Esparru horretan gizartearen arrazakeria “agerian” gelditzen dela erantsi du Urrozek. “Etxea alokatu nahi duena beltza bada, hagitz zaila du”.
Emakume migratzaileen aurkako bertze arrazakeria mota bat nabarmendu du Ibarra Lazkozek: etxeko langile egoiliarrek sufritzen dutena, hain zuzen ere. “Esplotatzen dituzte, argi eta garbi. Anitzek egun bakar batean ere ez dute jai; baldintza izugarri kaskarrak dituzte”, salatu du abokatuak.
Paperak bete, zalantzak argitu, egin beharreko urratsak zehaztu. Hamaika gauza dute Bidean zerbitzuko kideek egiteko. Prozesuek epaitegietarako bidea egiten dutenean ere, saiatzen dira migratzaileentzako abokatuak lortzen, doan. Geldirik egoteko denborarik ez dute. Atea jo dute. Migratzaile bat zain dute. Laguntza eske. Laguntzaren zain.